Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bizitzak bizigarri egiteaz, feminismoaren begiradatik

Louise Michel Liburuak liburu dendak antolatuta, solasaldia izan zuten Bilbon Pastora Filigranak, Alicia Valdesek, Anna Pachecok eta Amaia Perez Orozcok. ‘Bizitza bat norberarena’ zen mahai inguruaren leloa eta, hain zuzen ere, bizitza bizigarri batek zer nolakoa izan beharko lukeen azaldu zuten.

Fernandez, Filigrana, Valdes, Pacheco eta Perez Orozco, txiki geratu zen Bizkaia Aretoan.
Fernandez, Filigrana, Valdes, Pacheco eta Perez Orozco, txiki geratu zen Bizkaia Aretoan. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Turismoaz, etxebizitza baterako sarbidea izateaz, ekologismoa ardatz kontsumo eta produkzio eredua aldatzeaz, soldatez, deskantsatzeaz... jardun zuten ostegunean, Bilbon, ‘Bizitza bat norberarena’ solasaldian. Louise Michel Liburuak liburu dendak antolatu zuen mahai ingurua, EHUren Bizkaia Aretoan, eta haren bueltan azaldu zituzten beraien gogoetak Pastora Filigrana ijito jatorriko abokatu eta sindikalistak, Alicia Valdes Humanitateetan doktoreak, Anna Pacheco klase eta genero auzietan espezializatutako kazetari eta idazleak eta Amaia Perez Orozco Ekonomiako doktore eta ekintzaile feministak. Maria Angeles Fernandez kazetariaren ardura izan zen hitzartzeak gidatzea.

Turismoa izan zen mahai gainera ekarri zuten lehenengo gaia. Pachecok heldu zion aferari, eta publikoarentzat jakina zen egitatea berretsita hasi zuen hitzartzea, hots, esanez Bilbon turismoak eragin gero eta handiagoa duela.

Halaber, adierazi zuen ez dela batere erraza turismoaz kontzeptu gisa hitz egitea, «haren merkantzia ez delako ezer zehatza, eta horrek sailkatzen zaila egiten du». Horrenbestez, hainbat azpigaitan xehatu zuen bere ekarpena..

Desira homogeneoa

Pachecoren aburuz, turista bera ez da «azken erruduna», baizik eta turismoa posible egiten duen produkzio eredua, zeinak jendarteari sinetsarazi dion bidaiatzea estatus jakin bat eskuratzeko modua dela. Izan ere, «marko produktibista» horretan kokatu zuen oporretan garen artean ere ezer ez egitea oporrik ez izatearen gauza bera dela sinistea.

Gisa berean, Pachecok iradoki nahi izan zuen gero eta gehiago lotzen dela gutxi bidaiatzea ezjakina, analfabetoa eta anbiziorik gabea izatearekin.

Desiraren hegemonizazioarekin lotu zuen Valdesek turismoaren gorakada. Azaldu zuenez, gaizki ikusita dago atseden hartzeko denbora izan eta, hain zuzen ere, tarte hori atseden hartzeko erabiltzea: «Deskantsatzeko gure nahia ez da desiragarria».

Etxebizitza batera sarbidea izateko aukera eta turismoa ezin estuago lotutako bi gai izaki, horrek izan behar zuen hurrengo hizketa gaia. Filigranak aferaren erroa adierazi zuen: «Nagusi den eredu ekonomikoaren oinarria ahalik eta aberastasun gehiena esku gero eta gutxiagotan pilatzean datza, jende gehiegiri oinarrizko ondasunetara sarbidea ukatuta».

Gainera, kritiko agertu zen Alicia Valdes bereziki sare sozialetan zabaltzen ari diren mezu meritokratikoekin, jendarteari «egiten duenaren neurrian daukala» sinetsarazi nahi diotenak.

Bestalde, ohartarazi zuen egungo sistemak jende gero eta gutxiagori mesede egiten diola eta, Filigranaren ustez, nabarmena da etxebizitzaren auzian, baina, are gehiago lan arloan: «Edozein lanpostuk jornaleroen enpleguaren antza dauka; lehen pertsona arrazializatuei bakarrik gertatzen zitzaiena orain jende gehiagori gertatzen zaio». Demokratizazioa gertatzen ari dela iruditzen zaio abokatuari, baina «behetik».

“Trantsizio” hitza erabiltzeari uko eginda, eredu energetiko eta produktiboa eraldatzeaz aritu zen, jarraian, Perez Orozco. Azpimarratu zuen «metatzearen logikak denok kanporatzen» gaituela, nahiz eta prekaritateak ez dion berdin eragiten biztanle orori. Egoera hori izaki, aukera dago «prekarizatuago dagoena zapaltzea edo sistema inpugnatzea», adituak azaldu zuenez, eta norberari dagokio erabaki hori hartzea.

Valdesek esperantzari atea ireki nahi izan zion, baieztatuta alternatibak egon badaudela, egungo sistema «bortitzarekin» batera existitu daitezkeenak, hala nola moneta soziala. Hain zuzen ere, horrelako ekimenen alde agertu zen: «Asanblea feministek ez dute sistema zisheteropatriarkala botako, baina, hala ere, egin egiten ditugu».

Horrez gain, adierazi zuen ondoez mota asko sortzen dituen sistema dela egun daukaguna eta berak nahiago duela ondoez horiei “sintoma” deitzea, sarritan patologizatzen baitira, antsietate edo antzeko izenak emanda. Sintoma horietako bat bezala aurkeztu zuen feminismoa, beste batzuen artean.

Ostera turismoaren aferari heldu zion Pachecok. Adierazi zuen beheratzea ezinbestekoa dela eta ezin zaiola herritar orori berdin beheratzeko eskatu. Ildo beretik jarraituz, Filigranak adierazi zuen «eusten gaituen adarra mozten ari garela», eta aliantza zabalak beharrezkotzat jo zituen, kolektibo guztien minak berdinak ez badira ere, horiek eragiten dituen «munstroa» bera delako.

Izateko eta egoteko erak

Perez Orozcok bereziki kaltegarriak diren munduan egoteko moduak identifikatu behar direla azaldu zuen: «Gizontasun hegemonikoa, zuritasuna, bizitza eredu urbanoak eta goi klaseen bizitza ereduak dira horiek». Hain zuzen ere, horiek dira arrakastarekin lotzen diren bizimoduak, Valdesek esan zuenez, eta beste behin ere baikor agertuta, ezkerrak badauka eskuinarekiko abantaila bat: «Gure promesak bete daitezke, kapitalismoarenak faltsuak dira».

Soldatez aritu ziren ondoren. Filigranak, sindikalista den neurrian, ezin hobeto ezagutzen du auzia, eta azaldu zuen Atzerritarren Legeak eragin zuzena duela horretan. Izan ere, pertsona migratu ugari dabiltzan sektoreetan soldatak baxuagoak dira eta lan gatazka gutxiago daude, ez daukatelako mobilizatzeko aukerarik, galdu dezaketena ez baita soldata bakarrik, bizi diren estatuan geratzeko aukera baizik. Gaineratu zuen soldatak jaitsi direla, bai, baina baita «gure gorputzen eta gaitasunen balioa ere».

Perez Orozcok soldatak bizi dugun mundu honetan duen berebiziko garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere, nabarmendu zuen ez dagoela soldatarik gabe bizitzerik eta, gainera, edonork ez daukala merkatuak eskatzen duen bezala eta exijitzen duen beste lan egiteko aukerarik, hau da, inor zaindu gabe, atsedenik hartu gabe... Hori dela eta, diruarekin zer ikusirik duten aldarrikapen ororekin tentuz ibili beharraz ohar egin zuen; haren iduriz, eskatu behar dena ez delako soldatak igotzea, baizik eta oinarrizko baliabideak diruz ordaindu behar ez izatea.

Duintasuna

«Lanak eta soldatak ezin zaituzte duindu, ez badizute emantzipatzeko aukerarik ematen», adierazi zuen Valdesek. Gainera, uste du «behar besteko soldata» ezin dela existitu, kontzeptua bera kontraesana dela, badaudelako lan batzuk preziorik ez daukatenak. «Gaur egun ez dago bizitzeko modu errazik», amaitu zuen hitzartzea.

Helen Hester filosofo, ikertzaile eta ekintzaile feminista ere solasaldian parte hartzekoa zen, baina azkenean ezin izan zen bertaratu, haizete gogorrak ezinezkoa egin baitzuen bere hegaldiak Loiun lur hartzea.

Hala ere, jendez, bereziki emakumez, lepo zegoen aretoa, eta egon zen jartzeko tokirik gabe geratu zenik ere.

Filigranak, Valdesek, Pachecok eta Orozcok, nork bere jakintza arlotik eta esperientzietatik marraztu zuten bizigarria izango den eta momentuz utopikoa den bizitza horrek bete beharko dituen ezaugarriak. «Bizitza bat norberarena» definitu zuten lauren artean.