
Hauteskunde kanpainako aginduetako bat izan zen, eta duela aste pare bat egiteko zorian egon bazen ere, orduko filtrazioak atzerapen txiki bat ekarri zuen Estatu Batuetako Gobernuaren Hezkuntza Saila desegiteko asmoan. Ostegunean, baina, helburu hori betetzeko agindua sinatu zuen Donald Trumpek, hezkuntzari buruz Etxe Zurian antolatutako zeremonia handi batean.
«Ahalik bizkorrena itxiko dugu», esan zuen presidenteak. Posible da presidente batek herrialdeko Hezkuntza Ministerioa erabat ezabatzea? Teknikoki Kongresuari dagokio 1979an Jimmy Carterren agintaldian eratutako sail horrekiko ardura. Baina, hori gertatzen denerako, Linda McMahon Hezkuntza idazkariak lana oso aurreratuta izateko aginpidea eman zion Trumpek joan den ostegunean.
Oraingoz ikasleen maileguak eta dirulaguntzak horretan mantenduko direla Hezkuntza Sailean esan du Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak. Itxura batean, ardura horiek beste sail batzuei ematea legez kanpokoa litzateke, aurretik Kongresuak halakorik onartu ezean. Atzo, ordea, Trumpek berak aurreratu zuen non nahi dituen bi ardura horiek: ikasleentzako mailegu federalen kudeaketa Enpresa Txikien Administraziora (SBA, ingelesez) mugitzeko asmoa dauka, eta ezintasunen bat duten ikasleentzako programak Osasun eta Giza Zerbitzu Sailera (HHS) eramango ditu Etxe Zuriak, Hezkuntza Saila ezabatzeko asmoz.
«Kelly Loeffler buru duen SBAk, Enpresa Txikien Administrazioak, ikasleen maileguen kartera guztia kudeatuko duela erabaki dut», esan zien Trumpek Bulego Obaleko kazetariei. Onartu zuen gaia «nahiko konplikatua» dela, eta Kongresuak oraindik horretarako urratsik egin ez badu ere, «auzi hori Hezkuntza Sailetik berehala irtengo» dela esan zuen presidenteak.
Behar bereziak dituzten ikasleen ardura ere Hezkuntza Sailetik Osasungintzara daramala iragarri zuen atzo Trumpek: «Bobby Kennedyk, Osasun eta Giza Zerbitzuen Sailarekin, behar bereziak eta elikadura programa guztiak eta beste guztia kudeatuko ditu». Hala, beste neurri batzuen atzetik iritsi den arren, Hezkuntza Saila desegitea ere ahalik bizkorrena gauzatu nahi du Trumpek. «Oso ondo aterako dela uste dut. Bi elementu horiek Hezkuntza Sailetik aterako dira», esan zuen. Agindu exekutiboa sinatu eta 24 ordu baino gutxiagora iritsi ziren lehen neurri horiek.
Kongresuaren ardura
Irakaskuntzako sindikatuek eta ordezkari demokratek ohartarazi dute errepublikanoen asmoak kalte handia ekarriko duela, familia behartsuenei eta laguntza handiena behar dutenei batez ere. Era berean, auzitara jotzeko asmoa ere agertu dute hainbat sektorek, bai iragarritako itxieraren aurka, baita dagoeneko gauzatu dituzten murrizketei aurre egiteko ere. Joan den astetik Hezkuntza Saileko langileen erdiak etxean daude, kaleratze gutunekin.
Saila ezin da ezabatu Kongresuak berariaz horretarako lege bat bozkatu gabe. Trumpen Administrazioak dio legeari jarraituko diola. Baina lehen ere erakutsi du azken bi hilabeteotan arauak interpretatzeko era berezia daukala Etxe Zuriko bizilagunak. Kasu honetan, aurreko eskarmentua dauka: ofizialki erakunde bat desegin gabe ere -Gobernuko sail bat izan arren- haren ardurak kendu ditzake, eta bertako langileak kaleratu. Hau da, itxiera ofiziala iritsi bitartean, praktikan zereginik gabe utzita hil dadila.
Gainera, Saila ofizialki eraistea ere aurki gerta liteke. Beste gai batzuetan uzkurrago egon ohi dira Kongresuko errepublikanoak Trumpen asmoak betetzeko, presidenteak zalantzatienak ere «konbentzitzeko» erabateko dohaina erakutsi duen arren, erabateko leialtasuna adierazten ez dionak garesti ordainduko duela argi utzita. Hezkuntza Sailean, baina, Kongresuko bi ganberetan gehiengoa daukaten ordezkari eskuindarrek beharrezko urratsak egiteko prestutasuna agertu dute. Louisianako Bill Cassidy senatariak eta Ohioko Michael Rulli kongresukideak dagoeneko iragarri dute Trumpen asmoa lege bihurtzeko proposamenak eramango dituztela Kapitoliora.
Curriculuma
Euskal Herritik begiratuta, Hezkuntza Saila ezabatzea eta horren ardura estatuetara eta horien barneko barrutietara eramatea deszentralizazioaren aurkako neurri gisa uler liteke. Neurri batean, hori da eskuinak behin eta berriz leporatu diona sailari: haurrak doktrinatzea. Baina errealitatea da curriculumean oso gutxi daukala esateko Washingtonek. Maila federalean ebazten denak eragin txikia dauka AEBko haurrek jasotzen duten hezkuntzarekin. Estatu bakoitzeko barruti bakoitzak bere egutegi, programa, ardura eta finantzazioa izan ohi dituzte, eta sekulako aldeak egon ohi dira herrialdeko punta bateko eta besteko ikasleen artean. Hezkuntzako edukia, irakasleen lan baldintzak, ikasturteko egutegia edo ikastetxeen kudeaketa ere lekuan lekuko arduradunen esku egon ohi da. Eta hori guztia ordaintzeko dirua ere estatuaren, konderriaren, eskola barrutiaren eta udalaren esku egon ohi da.
Horregatik, hirigintza eta higiezinen merkatuan eragin zuzena dauka: etxe bila ari denak, alogera zein erosketarako webguneetan eskola barrutia hautatzeko aukera ere badauka. Azken batean, elkar elikatzen dute: estatistiketan goren ageri diren ikastetxe publikoen inguruan etxeak garestiagoak dira; diru sarrera handiagoko familiak egoteak, era berean, irakaskuntzarako diru gehiago egotea ere badakar.
Estatubatuar gehienek eskola publikora bidaltzen dituzte seme-alabak. Dohainik dira baina, esan bezala, alde handiak dituzte ikastetxe batetik bestera. Ikastetxeen finantzaketan zati txiki bat -%13 inguru kalkulatu da lehen eta bigarren hezkuntzan- funts federaletatik dator, gainerako guztia estatuak eta tokiko erakundeek bildutako zergetatik iristen zaie.
Hezkuntza Saila 1979an sortu zen. Besteak beste, ikasketarako maileguak kudeatzen ditu (unibertsitate ikasketak egiteko mailegu bidez zorpetzea eta hamarkada askoan ordaintzen egotea ohikoa da AEBn). Era berean, diru sarrera apaleko ikasleei eta haien familiei laguntzeko programak egiten ditu Hezkuntza Sailak. Hori dute ardura nagusia, ikasleek jasotzen duten hezkuntzaren edukia baino gehiago. Eskuinak aspaldi jo du Washingtondik datorren guztiaren kontra, eta Trumpek Hezkuntza saila jomugan jarri zuen aspaldi. Ikasleei doktrinatzea leporatzen dio, woke hitz magikoa erabilita, hau da, arrazar edo sexuari buruz irakastea eta material politikoak banatzea egotzi dio sailari.
Egia esan, hasieratik jasota dago Hezkuntza Sailak ez duela baimenik izango «edozein hezkuntza erakunde, eskola edo eskola sistemaren curriculum, irakaskuntza programa, administrazio edo langileei buruzko zuzendaritza, gainbegiratze edo kontrola egiteko», ez eta ardurarik «liburutegi, baliabide, hezkuntza sistemaren, irakaskuntza materialen edo beste edozein testu libururen edo hezkuntza sistemaren materialen aukeraketa edo edukiaren gainean».
Ondorioak
Curriculumean ardurarik ez izateak ez du esan nahi Hezkuntza Sailaren lana garrantzitsua ez denik. Milaka milioitako aurrekontua dauka, eta dozenaka milioi banatzen dituzte diru sarrera baxuko familietan, baita ezintasunen bat dutenentzat edo landa eremuetan bizi direnentzat ere. Urtero, esate baterako, 18.000 milioi dolar baino gehiago bideratu izan ditu behar handienak dituzten eskola barrutien finantzaketan laguntzeko eta pobrezia tasa handiko eskualdeetako ikastetxeetan laguntza akademikoa osatzeko. Zehazki, diru sarrera apala duten familietako 26 milioi ikaslerentzat laguntzak kudeatu izan ditu Hezkuntza Sailak.
Trumpen eta Elon Musken DOGEren murrizketek gogorren jo duten erakundeetako bat Eskubide Zibilen Bulegoa da. Ikasleak babestea du ardura, eta eskola publiko edo kontzertatuetan (funts federalak jasotzen dituztenetan) arrazakeriari eta desgaitasuna duten ikasleen aurkako diskriminazioari aurre egiteko lan egiten dute. Hamabi eskualde bulegoetatik zazpi itxi dituzte. Horren ondorioetako bat, langileen erdiak kaleratuta, eskaera eta salaketak ezin prozesatzea izango da. CNNri bertako langile batek esandakoaren arabera, «honek erabat geldituko ditu hartu, ebaluatu eta iker ditzakegun kasu gehien-gehienak».
Trumpek eta errepublikanoek argudiatzen dute ardura horiek guztiak estatuetara eta eskola barrutietara eramatea Washingtondik kudeatzea baino hobea izango dela. Baina langile asko kaleratuta, hori lor daitekeen oso zalantzazkoa da. Horrez gain, CAP (Center for American Progress) elkarte progresistak salatu duenez, ez du uste hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan gutxien inbertitu ohi duten barruti kontserbadoreek benetan behar bezalako kudeaketa hori egingo dutenik. Esaterako, estatuek ikasleen garapenaren jarraipena egingo ote duten.
Landa eremuko eskualdeez eta diru sarrera txikiko eremuez gain, Hezkuntza Saila ezabatzeak eraginik handienetakoa Washington hiriburuan izango du. Herrialdeko gainerako ikastetxeak eskola barrutietan daude, hau da, estatuen barnean dauden konderrien arabera banatu ohi dira. Hala, ardura federala galdu arren, lehen ere estatua zuten finantzabide nagusi barruti horiek. Washingtonen kasuan, baina, Columbiako barrutia izeneko udalaren ardura federala da, eta Kongresuak kontrol handia dauka hiriaren finantzaketan.
Trumpek aspaldi agertu du Washingtonekiko ezinikusia; errepublikanoek, joan den astean berretsi zuten: Kongresuak onartutako finantzaketa legean murrizketarik handienak AEBko hiribururako aurreikusi zituzten, milaka langile kaleratuz, eta ikastetxe eta beste zerbitzu batzuen aurrekontua erabat gutxituz.

«Ganas, paciencia y un poco de mano», receta para ser un constructor naval a pequeña escala

El presidente de Kutxabank contrapone educar en euskara y captar talento: «Es limitante»

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»
