NAIZ
Zornotza

Eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea egin dute Zornotzan

Akelarre plataforma transmarikabibolloak deituta elkarretaratzea egin dute eguerdian Zornotzan, joan den asteburuan jazotako eraso homofoboa salatzeko. Mutil talde batek jendaurrean eta «inpunitate osoz» egin zion eraso kolektiboko kide bati, plataformak salatu duenez.

Eraso homofoboa salatzeko Zornotzan egin duten elkarretaratzea.
Eraso homofoboa salatzeko Zornotzan egin duten elkarretaratzea. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Joan den asteburuan gertatutako eraso homofobo bat salatzeko elkarretaratzea egin dute Zornotzan. Akelarre plataforma transmarikabibolloak deitu du mobilizazioa Erreferendum plazan, herriko Gazte Egunean izandako erasoaren berri izan ostean. Izan ere, aurreko larunbatean mutil talde batek beste mutil bat jazarri zuen, «jendaurrean» eta «inpunitate osoz», plataformak azpimarratu duenez. Halaber, mobilizazioan gogora ekarri nahi izan dute ez dela herrian horrelakorik gertatzen den lehen aldia eta era honetako gertaerak ez normalizatzea eskatu dute.

«Faxismoak etengabe babesten du gizontasun hegemonikoa», adierazi dute elkarretaratzean eta, gaineratu dutenez, «horrek eta haien jarrerak babesteak legitimatzen du gure komunitatearekiko biolentzia». Salatu dute bortizkeria horrek kolektiboko kideei «herrian seguru eta lasaitasun osoz» bizitzea galarazten diela. Era berean, argi utzi nahi izan dute «ezkutuan eta bazterretan» nahi badituzte ere, plazak eta kaleak hartuko dituztela etengabe, «are gehiago erasoak gertatzen direnean».

Jendartean ematen ari den oldarraldi transmaribibollofoboaren markoan kokatu dute kaleetan agerian geratzen ari den indarkeria eta hari aurre egiteko bidea markatu dute: «Ezin diegu gorroto diskurtsoei espaziorik eskaini, horietan legitimatzen baita egunez egun presente dagoen biolentzia».

Horrez gain, «homofoboa, transfoboa, arrazista, xenofoboa eta, oro har, zapaltzailea den faxismoari» aurre egiteko konpromisoa agertu dute eta dei egin dute erasoen aurrean antolatu eta «gizartearen bazter guztietatik borrokara batzera». Eraso homofoboa «irmoki» gaitzestearekin batera, Akelarre plataformak argi utzi nahi izan du ez datozela errespetu eske, «amorru guzti hau antolatu eta askatasuna exigitzera baizik».