
Pasa den urtarrilaren 11n Bilbon eginiko manifestazioaren arrakastak goxoago egin du Sareren X. batzar hau, larunbat honetan Hernanin gauzatua. Baina batez ere azken urteotako aurrerapen txikiek eta handiek eragiten dute poza. 2014 urtean sortu ondoren lehenengo garaiak ez ziren samurrak izan baina «hamargarren batzarrera etxeko lanen zati handi bat eginda heldu gara», baloratu du Joseba Azkarragak bere hitzaldian.
Orain bide horretan sakontzea da gakoa. «Pentsatu beharko dugu nola heldu espetxeen auziko azken fasea izan behar duenari, eta horrekin batera, gure herrian jasandako indarkarien biktima guztientzako tratamendu duina eta begirunezkoa ekarriko duen akordio bat lortzeko beharra dago», nabarmendu du Bego Atxarekin batera Sareren ohiko bozeramailea denak.
Sare osatzen duten lagunei helarazitako mezu nagusienetakoa hau izan da: «Hurrengo urteak baliatu behar ditugu espetxeen auzia behin betirako konpontzeko behar diren urratsak azkartzeko, euskal presoen askatasunari begira aurrera egitea ahalbidetuko duen espetxe politika aplikatuz».
Izan ere, testingurua aldakorra da oso, eta nazioartean benetan iluna: «Alde batetik, ez dira garai onak giza eskubideen arloan, munduko mapa politikoak eskuinera eta eskuin muturrera jo duelarik, ‘Internacional erreakzionarioa’ eratzeraino, Espainiako Estatuan ere ordezkaritza nabarmena duena, gobernatzeko aukeraren zain».
Nazioarteko agertokia iluna bada ere, Madrilen gehiengo progresista dagoela eta euskal apustua sendoa dela nabarmendu du sareak
Agertokia osatzeko Madrilgo egoerari erreparatu dio: Espainiako Gorte Nagusietan «gehiengo parlamentarioak progresistak izateak posible egiten du benetako bakea ekarriko duen agertokia gestionatzea, injustiziarik gabekoa, eta puntu horretara iristeko ez dago legea bihurritzeko premiarik. Legeria aplikatu besterik ez da behar, espetxe politikak normalizatzeko».
Eta Euskal Herrian zer? Azkarragaren aburuz, begibistakoa da «iritzi publikaroaren parte bat eta gehiengo politiko eta sindikala espetxe politika errestauratibo eta humanista bultzatzearen aldekoak direla. Eskuin politikoa, zenbait elkarte eta komunikabide, ordea, konfrontazioan, mendekuan eta iraganari buruzko kontakizun unilateral batean gotorturik daude».
AN eta Lakua
Hau guztia ezaugarriturik, Auzitegi Nazionalaren oztopoei erreparatu die Sarek, batetik. Adibide gisa, iaz espainiar legebiltzarretan gauzatutako «konputo bikoitzaren» erreforma «nahita geldiarazia duela» salatu du Azkarragak, ondorioz hainbat presok zigorra betetzen jarraitzen dutelarik. Honela gertatu da ere erreformaren aplikazioa jaso duen lehenengo presoaren kasuan: guztiz aske geratu berri da Balbino Saenz Olarra baina duela bi urte amaitua zuen espetxealdia.
Davin Grayson idazle amerikarraren hitzak ekarri ditu gogora pasarte honetan Azkarragak: «Justizia edo mendekua izan dezakezu, biak ez». Mercedes Gallizo Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusi ohiarenak ere bai: «Nekez imajinatu daiteke biziarteko zigorra baino zigor krudelagorik, norbait helmugarik gabe, esperantzarik gabe, etorkizunik gabe bizitzera zigortzea delako. Jende askorentzat, bizitza bera baino zigor ankerragoa da». Izan ere, indarrean den 7/2003 legea, Jose Maria Aznarrek duela 22 urte ezarria, horixe dakar: 40 urteko espetxealdiak, «biziarteko zigor ezkutua».
Legebiltzarrak onarturiko «Euskal Espetxe Eredua» delakoa beldurrik gabe zabaltzeko deia egin diote Lakuari, zigorren araubide irekia orokortuz
Begirada gertuago pausatu du ere Sarek, ez soilik Madrilen. Lakuako Gobernuari zuzenduz, «politika ausart bat» eskatu dio, «gauza arrarorik egin gabe», legediaren barruan eta espetxeetako Tratamendu Batzordeen erizpideak bere eginez. «Berriz diogu espetxe arloko euskal administrazioak osotara garatu behar duela Euskal Espetxe Eredua izenekoa, Gasteizko Legebiltzarrak gehiengo zabalaren bidez onartu zuena. Eredu horrek zigorrak araubide irekian betetzearen alde egiten du, argi eta garbi. Eta hori orain egin daiteke», oroitarazi du.
«Puzzlea osatu arte»
X. batzar honetatik euskal gizarteari interpelazioa luzatu diote Sareren kideek, hitz hauekin: «Azkarrago edo motelago aurrera egitea ez dago soilik Auzitegi Nazionalak edo Eusko Jaurlaritzak egiten dutenaren menpe. Askoz garrantzitsuagoa da euskal gizartearen zati handi bat mobilizatzen jarraitzeko gu gai izatea, gure helburua lortzeko».
Bide honetan, ‘Puzzlea osatu arte’ ekimena forma hartzen ari dela aurreratu du sareak. Maiatzaren 17an eta 18an egingo da, «oraindik salbuespen egoeran dauden presoak dituzten herrietan». Aurreratu besterik ez dute egin: zehaztapen gehiago hurrengo asteotan emango dituzte jakitera.
Oraindik salbuespen egoeran diren presoen herrietan eragingo duen kanpaina garatuko du Sarek maiatzean
Azkartu eta azken muturreraino eraman beharreko azken fase honi begira nahikoa indar bildu dela uste du Sarek: «Indartsuago atera gara X. batzar honetatik. Indarberriturik. Aurreneko eguneko ilusioarekin, lortzen ari garen emaitzak suspertuta. Kausa hau babesten segituko dugu, justua ez ezik beharrezkoa ere badelako, Euskal Herriak behingoz gure historia hurbileko pasarte dramatikoenetako bat atzean utz dezan», aipatu du Joseba Azkarragak.
Honela amaitu du: «Bilboko bukaerako ekitaldian esan genuen bezala, gurekin ez daudenei eta gatazka honen ondorioak pairatu zituztenei zor diegu, baina batez ere, datozen belaunaldiei ere, guk aurrekoengandik jaso genuena baino hobea izango den gizartea merezi dutelako».

«Ganas, paciencia y un poco de mano», receta para ser un constructor naval a pequeña escala

¿Chocolate caliente o frío? Factores clave para entender la volatilidad del precio del cacao

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»
