NAIZ
Iruñea

Euskaraldiaren hamaikako nafarra aurkeztu dute: Julio Soto, Amaia Nausia, Albina Stardust...

Euskaraldiak Nafarroan izango dituen enbaxadoreak aurkeztu dituzte. Hau da nafar hamaikakoa: Amaia Izar, Amaia Nausia, Arnaitz Fernandez, Claudia Rodriguez, Cristina Oses, Edurne Pena, Eneko García, Julen Goldarazena, Julio Soto, Oier Zuñiga eta Yasmine Khris.

Euskaraldiaren Nafarroako enbaxadoreak aurkitu dituzte.
Euskaraldiaren Nafarroako enbaxadoreak aurkitu dituzte. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldia eta larunbate honetan Nafarroan enbaxadore izango direnen izenak eman dituzte ezagutzera. Kultura, historia edo enpresa bezalako esparru ezberdinetatik iritsitako izenak dira hamaikako hau osatzen dutenak.

Azaroan Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu zuten Bilbon eta orain, Iruñeko Gaztelu plazan, nafar enbaxadoreen berri eman dute, belarriprest eta ahobizi rolak hartuko dituztenak.

Amaia Izar, enpresari eta gazte ekintzailea ahobizi izanen da. 2018an Miss World Spain saria irabazi ostean, ADE ikasi zuen Unibertsitate Publikoan. Orain, higiezinen sektorean zentratua dago. Bere espezialitatea, Home Staging-a, etxeak duintasunez saltzen lortzen duen teknika. Bere sare sozialetan aholkuak eta hainbat motako edukiak partekatzen ditu.

Ahobizi izanen da ere Amaia Nausia Pimoulier historialaria. Kolaborazioak egiten ditu hainbat hedabidetan. Sorginkeriari, amatasunaren irudiari edo emakumeen marjinazioari buruzko artikuluak argitaratu ditu, eta hiru libururen egilea da. Arnaitz Fernández Elias fisikari eta eguraldi aurkezleak, aldiz, belarriprest rola hartuko du. Gaztea zenean hasi zen sare sozialetan zientzia dibulgatzen bere @armeteo kontutik. Geroztik, La 1, Canal 24 Horas edo EITB kateetan ikusi izan ahal izan dugu eguraldia aurkezten.

Belarriprest gisa arituko den beste bat Claudia Rodríguez Juanena abeslaria da. Skabidean eta bestelako taldeetatik pasa ondoren, gaur egun Goxua ‘n Salsa taldean entzun dezakegu. Beraiekin aurkeztu zuen ‘Urak eginen du bide’ diska 2024ean. Rol berarekin, Cristina Osés Zudaire soziologoa da hamaikako honetako bosgarren kidea. Erriberako gizarte mugimenduetan eta bereziki mugimendu feministan ibilia da. Gaur egun euskara ikasten ari da. 

Edurne Pena Elizondo aktore eta eduki sortzailea, aldiz, ahobizia izanen da. Telebista, film nahiz antzerki antzezlea da. Horretaz gain, Instagram eta Tik Tok bezalako sare sozialetan edukia sortzen du bere jarraitzaileentzat. Ahobizia ere izango da Eneko García Jaurena, Albina Stardust trabestia. ‘Izar’ diska kaleratu eta hainbat ikuskizun eskaini ditu; telebistan ere ikusgai izan da, hala nola, ‘Biba Zuek!’ saioan.

Taula gainean ikusi ohi dugun beste bat da Julen Goldarazena Laborda, ‘Flako Fonki’, musikaria eta belarriprest gisa arituko da. 2017an hasi zen Iruñerriko Chill Mafia taldean abeslari eta konpositore moduan. Geroztik, oholtza gainean ibiltzeaz aparte, telebista eta irrati saio ezberdinetan ikusi eta entzun dugu. Bestelako tauletan baina kultura munduari ere estuki lotuta, Julio Soto Ezkurdia bertsolaria da bederatzigarren kidea. Iruñeko eskolan ikasia, gaztetatik sartu zen bertsolaritza munduan. Nafarroako Bertso Txapelketako irabazle izan da 6 alditan eta ahobizia izanen da.

Eszenatokietatik gehiegi aldendu gabe, hamargarren kidea eta ahobizia ere Oier Zuñiga Pérez de Urabain, aktore, antzerkigile, kulturgile eta marrazkilaria izanen da. Kulturaren arlo ezberdinetan murgilduta bizi da Oier: zinema, antzerkia, marrazkia… Eta azkena, aldiz, Yasmine Khris Maansri, itzultzailea, kazetaria, LABAko kidea eta telebista aurkezlea, ahobizi moduan izango dena. ‘Nafar Away’ telebista saioaren lehendabiziko bi denboraldiak aurkeztu zituen Hamaika Telebistan.

Hamaikakoaz beste, pasa den astean, martxoak 15, ireki zen Euskaraldian belarriprest edo ahobizi moduan izen emateko epea. Webgunean nahiz Iruñeko San Anton kalean ireki duten dendan eman daiteke.