
Martxoaren 15era arte, eta bi hilabetetan zehar, harrera familia bila ibili dira Oporrak Bakean ekimeneko partaideek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan barrena. Tindufeko basamortuko errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haurrei gurean oporrak igarotzeko aukera ematen zaie, horrela udan han dauden tenperatura jasanezinetatik alde egin dezakete. Eta, bide batez, elikadura egokia eta osasun azterketak egiten zaizkie haurrei.
«Gure helburua argi izan dugu hasieratik: ateak itxita dauden lekuetan esperantzari leiho bat irekitzea», aipatu dute antolatzaileek larunbat honetan Zumaiako kultur etxean egin den kanpainaren itxiera ekitaldian. Lan mardula egin ostean, 200 ume sahararretik gora etorriko dira euskal familiekin oporrak pasatzera. Hau da, «Mendebaldeko Saharako haurrei bestelako bizipoza, osasun arreta eta bizi perspektiba» eskainiko zaie bi hilabetetan.
Kanpaina honetan bidelagun izan dituzten erakunde, enpresa eta lagunak gogora ekarri dituzte itxiera ekitaldian. GARA eta NAIZ bezalako hedabideek egindako lana eskertu dute –«gure harrera programa partekatzeagatik eta Mendebaldeko Saharak pairatzen duen egoera politikoari merezi duen espazioa eskaintzeagatik», esan dute–, baita ere beraien mezua zabaltzen lagundu dieten pertsonaia ezagunen babesa ere. Aner Peritz, Ane Elordi, Lur Errekondo, Porrotx eta Marimotots eta Karlos Arguiñano aipatu dituzte.
Musika eta tea partekatu den ekitaldi honetan, Fronte Polisariok Euskal Herrian duen ordezkari Fatma Labiadek gogora ekarri du kanpalekuetan bizi den herriak pairatzen duen injustizia. «Haur bakoitzaren atzean saharar herriarekin izandako injustizia dago», esan du.
«Ikusi dezakezuenez, ez gaude bakarrik. Ez lehen, ez orain, ezta etorkizunean ere. Gaur hemen horretarako elkartu gara. Gure kanpainaren erakusle den komunitate izaera honi behar duen espazioa eta garrantzia emateko. Oporrak Bakean ekimenak urtez urte erakusten duen indarra agerian jartzeko», aipatu dute. «Baina hau ez da hemen amaitzen. Jarrai dezagun Mendebaldeko Saharari merezi duen elkartasuna eta aitortza ematen. Saharar herriak askatasuna eta erabakitzeko eskubidea merezi ditu, bere lurrean aske eta bertako ondasunen jabe bizitzeko aukera».

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Agur desde este viernes a las curvas del pantano de Esa para ir al Pirineo aragonés
