Salaberria eta Gaskue, txapelak buruan, garaipena ospatzen.
Salaberria eta Gaskue, txapelak buruan, garaipena ospatzen. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Salaberria-Gaskuek sendotasun gehiago erakutsi eta Nafarroara eraman dute Binakako txapela

Sekulako jokoa erakutsi gabe, urdinei nahikoa izan zaie huts gehiegi pilatu dituzten gorriak baino sendoago izatearekin Serie B-ko finala irabazteko (18-22).

Iker Salaberria eta Andoni Gaskue dira Serie B-ko Binakako Txapelketako txapeldun berriak. Larunbat arratsalde honetan, beteta zegoen Iruñeko Labrit pilotalekuan, 18-22 irabazi diete inoiz amore eman ez duten baina huts gehiegi pilatu dituzten Egiguren V.a-Bikuñari. Askotan gertatzen den bezalaxe, txapela janzteko lehia hau ez da ikusgarria izan, tentsioa gailendu da, baina azkenerako emozioa ere nabaria izan da zaleen artean.

Edertasuna alde batera utzita, lan egiteko finala izan da. Egoera horretan, sendotasunak tanto gehiago eman dizkie urdinei eta, amaieran, hunkituta agertu da kameren aurrean Salaberria, Binakako lehen txapela jantzita.

Ez da gutxiagorako. Errusiar mendi bat bezalakoa izan da partida haientzat. Gorriak 4-2 jarri dira aurretik Egiguren V.ak hasieratik jokoari bizitasuna ipini baitio. 4-2ko tanto horrek, hain zuzen ere, erakutsi du lau pilotariek zuten tentsioa. Aurrelari azpeitiarrak eta atzelari donostiarrak –gehienbat azken honek– arantza handi bat zuten barruan. Izan ere, Bikuñak Lehen Mailako Binakakoan gertatutakoa –azken jardunaldian Aranguren ordezkatu zuenekoa Altunarekin jokatzeko, baina galdu egin zuten– guztiz ahaztu nahi zuen txapela etxera eramanda.

Baina urdinek, aurkarien hutsez baliatuta, zortzi tantoko aldearekin aurre hartu dute markagailuan (9-17). Egiguren V.a-Bikuñak konfiantza galtzen hasiak zeudela zirudien. Gainera, Gaskue bere jokoa egiten hasita zegoen eta morala igotzeko abantaila polita eskuratu dute.

Emozio pixka bat ere

Finala urdinen alde joaten hasia zen, baina momentu horretan, tentsioa eta zama alde batera utzita, gorriek partidaren gidaritza berreskuratu dute. Tanto batzuk atzera Egigurenek hartu beharreko iniziatiba orain bai hartu duela eta Bikuñari ere askoz ere askeago nabaritu zaio. Ez zuten ezer galtzeko.

Hala, 9-17tik 16-17ra pasa dira. Honek urduri jarri ditu urdinak, baina ez da behin-betikoa izan. Eta nolakoak diren gauzak! Azken zazpi tantoak pilotarien hutsengatik izan dira. Gorriek gehiago egin dituzte eta txapelak Nafarroara, Goizuetara eta  Larraintzarrera, joan dira.

PARTIDAKO FITXA:

Egiguren V.a-Bikuña: 18

Salaberria-Gaskue: 22

Pilotakadak: 680. Iraupena: 80:17. Markagailua: 0-1, 2-1, 2-2, 4-2, 5-3, 5-3, 5-4, 6-4, 6-11, 7-11, 7-13, 8-13, 8-16, 9-16, 9-17, 16-17, 16-19, 17-21, 18-21 eta 18-22. Sakez egindako tantoak: 0 Egiguren V.ak eta 3 Salaberriak. Jokoan egindako tantoak: 4 Egiguren V.ak, 4 Bikuñak, 4 Salaberriak eta 1 Gaskuek. Galdutakoak: 6 Egiguren V.ak, 9 Bikuñak, 4 Salaberriak eta 5 Gaskuek. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan Serie B-ko Binakako Txapelketako finala ikusteko. Lehen sakea urdinentzat izan zen.

Emakumeak, euren finalen bila

Igande honetan bi txapelketa ezberdinetako beste finalistak zeintzuk izango diren erabakiko dira. Alde batetik, Emakume Master Cupeko Binakako bi finalerdiak jokatuko dira Laudioko Areta pilotalekuan (12.00, ETB1).

Txapelketa luze eta, bereziki, ikaragarri orekatu baten ostean, lehiaketako lau bikoterik onenek karta bakarrera jokatuko dute Oiartzungo final handirako txartela. Zabaleta-Oses eta Arrizabalaga-Bergara arituko dira alde batetik; eta Arraiza-Gaminde eta Etxegarai-Arrillaga bestetik, urteko zitarik garrantzitsuenetako baterako txartelaren bila.

Lehen finalerdian egungo Buruz Buruko eta Binakako txapeldunak elkarren aurka arituko dira, Goiuri Zabaletak azken asteetan frontoietan egotea galarazi dion gaixotasuna gaindituta. Hala ere, zaila egiten da edozein pronostiko egitea, txapelketa osoan parekotasuna ikaragarria izan delako, eta bigarren finalerdian ere gauzak oso pare egongo dira.

Bestalde, Ados Pilotak antolaturiko Binakakoan, larunbat honetan finalerdi bat jokatu da Donostiako Atano III.ean, eta bertan Oskoz-Agirrek 22-17 irabazi diete Barrokal-Arrastiari. Hilaren 29an Iruñeko Labriten jokatuko den finaleko aurkariak Ruiz de Infante-Orbegozo edo Iturriaga-Mendiburu izango dira; hauek igande honetan dira Biarritzeko Plaza Berrin (11.30).