Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión

Udalgintza topaketak egun berean eginda, Euskal Herria marraztu dute EH Bilduk eta EH Baik

EH Bilduk eta EH Baik udal konferentziak egin dituzte larunbat honetan Azpeitian eta Angelun. Azpeitiara bertaratu diren ia 500 ordezkariek etxebizitza, zaintza, trantsizio ekosoziala eta gobernantza eredua landu dituzte. Angelun berriz, datorren urteko herri hauteskundeei buruz aritu dira.

EH Bilduko ia 500 alkate eta hautetsi bildu dira Azpeitiko Soreasu Antzokian.
EH Bilduko ia 500 alkate eta hautetsi bildu dira Azpeitiko Soreasu Antzokian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

EH Bilduk III. Konferentzia Munizipalista egin du larunbat goiz honetan Azpeitiko Soreasu Antzokian. Harrera ekitaldian, Azpeitiko alkate eta Eudeleko lehendakariordea den Nagore Alkortak hartu du hitza. Alkortak alkateei eta haien taldeei eskerrak eman dizkie, EH Bilduren komunitate osoaren izenenean, haien bizilagunen ongizatea bermatzeko egiten ari diren lana dela-eta, eta fokua etxebizitza politiketan jarri du.

«Etxebizitzaren arazoa konpontzeko politika eraberritzaileak abian jarri behar ditugu. Eta guk, oztopoak, boikotak eta sortzen zaizkigun edozein arazoren gainetik, EH Bilduko alkateok etxebizitza eskubidea bermatzeko erabateko konpromisoa dugu». Eta zera gaineratu du: «EH Bilduko udalerriok aitzindariak gara hontan. Orereta-Errenteria izan da Euskal Herriko lehen udalerria gune tentsionatua izendatzen. Azpeitia ere aitzindaria izan da, etxebizitza hutsak mobilizatzeko programa martxan jarri dugulako; eta etorriko dira, bai udalerri eta bai neurri gehio EH Bilduren aldetik, guretzat etxebizitza lehentasuna delako», adierazi du.

Jarraian, Xabi Thicoiope EH Bairen udal politikarako arduradunaren bideoa emititu dute. Aurten lehen aldiz EH Bilduk eta EH Baik egun berean eta modu partekatuan egin dituzte haien udal konferentziak, lehenengoa EH Bairen kasuan. Beraz, Azpeitian eta Angelun garatu diren hitzorduetan, Euskal Herriko 7 herrialdeetako tokiko kargu publikoak, aldi berean, udal eta toki mailan garatu beharreko politika publikoak eztabaidatzen aritu dira.

Thicoiopek, Azpeitian bildutakoak agurtu ostean, adierazi du EH Baik I. Topaketa Munizipalistetan heldu den urteko herri hauteskundeak prestatu eta Euskal Hirigune Elkargoari buruz aritzeko baliatuko dituela. Azaldu duenez, goizean tailerrak antolatu dituzte udal esperientziak partekatzeko eta elkargoari buruz aritzeko, «burujabetzaren bidean urrats berri bat» emateari begira.

EH Baik Angelun bildu ditu hautetsiak. (Guillaume FAUVEAU)

Jarraian, EH Bilduko hautetsiak lantaldetan gai ezberdinak jorratu dituzte eta, azkenik, III. Konferentzia Munizipalistari amaiera eman diote.