NAIZ

Arrazakeriaren aurka Trintxerpetik Donostiara, guztientzako «auzo seguruak» aldarri

Trintxerpetik Donostiara manifestazioa egin dute Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunez, hain zuzen ere, «bizilagun guztientzat auzo seguruak» aldarrikatzeko. Arrazakeria instituzionalaren kontrako oihuek bete dituzte kaleak eta Palestinarekiko elkartasuna agertu dute.

Trintxerpetik Donostiarako bidea egin du arrazakeriaren aurkako martxak.
Trintxerpetik Donostiarako bidea egin du arrazakeriaren aurkako martxak. (Jon URBE | FOKU)

Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karira manifestazio jendetsua egin dute Pasaiako Trintxerpetik Donostiara, Arrazismo eta Xenofobiaren aurkako XXVIII. martxan. Besteak beste, arrazakeria instituzionalaren aurkako leloak entzun dira mobilizazioan, eta Palestinarekiko elkartasuna agertu dute manifestariek.

Ibilbidea 11.30ean abiatu da Trintxerpeko merkatutik, Pasaian, eta Alderdi Ederreko lorategietaraino iritsi da. Pertsonen arteko berdintasuna eskatzen zuten pankarta eta kartelen atzean mobilizatu dira, arrazializatutako kolektiboen aurkako gorroto ekintzak geldiarazteko, batez ere auzoetan.

49 taldek egin dute bat martxaren deialdiarekin, horien artean Medicusmundi Gipuzkoa, Euskadiko GGKE-en Koordinakundea edo SOS Arrazakeria. 

Nerea Ramos SOS Arrazakeriako bozeramaileak azaldu du auzo seguruak aldarrikatu dituztela mobilizazioan, hain zuzen ere, kontzeptuaren esanahia distortsionatzen ari delako. Ramosen aburuz, bizilagun guztiek merezi dute haien auzoetan seguru sentitzea, «bertakoek, heldu berriek eta baita kale egoeran daudenek ere bai».

Agintariengan jarri du ardura, uste baitu haiei dagokiela segurtasuna bermatzeko baliabideak ezartzea eta ez zaio behar bezalako neurria iruditzen polizia kopurua areagotzea. Beharrezkotzat jo du, halaber, bizilagun guztiei etxebizitza eta jana bermatzea.

Kezka agertu du Ramosek, gorroto diskurtsoen gorakada dela eta. Izan ere, uste du sare sozialetan geroz eta mezu arrazista eta xenofobo gehiago zabaltzen ari direla eta batik bat gazteengan eragina izaten ari dela, «gehienbat beraiek daukatelako kontaktua sare sozialekin». Azaldu duenez, «mezu arrazista eta xenofoboak askotan partekatzen dira, erraztasun handiarekin, eta pantaila baten atzean balentria gehiago dauka jendeak nahi dituen gauzak esateko, filtrorik gabe».

Izan ere, adierazi duenez, iaz 853 gorroto delitu inguru jaso ziren Estatu espainolean, 178 EAEn bakarrik eta horietatik 78-70 inguru Gipuzkoan, eta horiek gehien kaltetutako pertsonak magrebtar gazteak dira.

«Elkarri laguntzea»

Mobilizazioaren buruan zihoan Gabi Grueso bat etorri da Ramosekin, nahiz eta ez duen orokorkerietan erori nahi izan, seguru baitago gutxi direla haien aurka daudenak, zarata asko egiten badute ere. Diskurtso arrazisten aurrean «elkarri laguntzearen» garrantzia azpimarratu du Gruesok NAIZi eginiko adierazpenetan.

Jatorriz kolonbiarra bada ere, bi hamarkada pasatxo daramatza Donostian eta uste du pertsona migranteek pairatzen dituzten gehiegikeriei aurre egin beharra dagoela, askok haien zaurgarritasuna baliatzen baitute haien lan eskubideak ez errespetatzeko eta etxebizitza ukatzeko, esaterako.

Etxebizitzarena da, hain zuzen, Gruesoren ustez etorkinentzat arazo nagusia. Esan duenez, kanpoko azentua entzuten badute, ez diete etorkinei pisu bat saltzen edo alokatzen. Gainera, uste du «alokairua gehiago erregularizatu beharko luketela, ez bakarrik migratzailearentzat, baizik eta guztiontzat».

Amaitzeko, martxa babestu duten kolektiboek gonbidapen bat luzatu dute: «Auzo gisa jardun gaitezen, auzotar gisa (eta hori bakoitzaren esku dago, ez diogu inolako erakunderi eskatu behar), entzun ditzagun haien ahotsak, jakin dezagun haien irriken eta gabezien berri, jabetu gaitezen gutxieneko bizitza duin bat izateko baliabide faltaz, egunero jan ahal izateaz eta estalpean lo egiteaz, babestu ditzagun haien eskaerak erakundeek beren erantzukizuna bere gain har dezaten».