Estadio handietatik urrun, arrakasta beste modu batean neurtzen da
Hego Euskal Herrian ehuneko ehun emakumezkoenak diren hamabi futbol klub daude. Horietako hiru klubetako presidenteek NAIZekin hitz egin dute beren ahaleginei, erronkei eta helburuei buruz, emakumezkoen futbolak bere «urtebetetzea» ospatzen duen egun honetan.
.jpg)
1895eko martxoaren 23an, hogeita hamar emakume gerturatu ziren Crouch Endera, Londresko aldirietan, Nettie Honeyballek aurreko egunetan egunkarietan argitaratutako iragarkiei erantzunez. Historia ofizialak jasotzen duen emakumezkoen lehen futbol partida jokatu zuten. Geroztik, bilakaera motela izan zen, iluntasun garai luzez betea, baina 130 urte geroago, eta planetako toki askotara argia oraindik heldu ez bada ere, Camp Noun Bartzelonaren eta Wolfsburgen arteko partida ikusteko 92.000 pertsona bildu direla, Estatu Batuetako selekzioak New Yorkeko kaleetan zehar bere laugarren munduko titulua ospatzeko masa-bainua hartu duela eta Chelseak Naomi Girmaren fitxaketagatik milioi bat euro baino gehiago ordaindu duela konta dezakegu. Edo gure kaleetan, dagoeneko, inor ez dela harritzen Elexpururen edo Amaiurren kamiseta bat ikustean.
Baina neonezko argietatik urrun, beste futbol bat dago. Hori gabe, izarrena ez litzateke existituko, baina gutxitan hitz egiten da hartaz. «Eta kirol bera da. Futbolari ospetsuek jokatzen dutena eta guk jokatzen duguna, gizonezkoek jokatzen dutena eta emakumezkoek jokatzen duguna. Futbola da, adjektiborik gabe», azpimarratu du Maika Gomezek.
Jokalaria izan da urte askotan, presidentea da egun, Gomezek bizitza erdia eman du Intxaurdin. 1984an sortu zen kluba, Intxaurrondo Hegoako auzo-elkartearen ekimenez. Talde bat osatzeko behar adina jokalari biltzeko denbora dezente behar izan ondoren, nork esango zien hain urrun iritsiko zirela? 282 dira, hamaika talde federatutan eta Futbol Eskolakoetan banatuta, orain Intxaurdiko familia osatzen dutenak. Lehen eguneko berezitasun berarekin: denak neskak eta emakumeak dira.
Orain dela berrogei urte bezala, klubak argi dauka zein den bere izateko arrazoia, eta lehiaketatik urrun samar dago, garaipenak gustura ospatzen diren arren. «Neskato batek futbolean jokatu nahi badu, hemen du lekua. Berdin da Alexia bada edo baloia txutatzen ez badaki ere. Futbolean jokatu nahi badu, zergatik ez du talde bat izango? Batzuk urrunago iritsiko dira eta poztuko gara, eta beste batzuk ez, baina poztuko gara berdin-berdin, nahi dutena egiteko aukera eman diegulako, inolako presiorik gabe jokatzeko», dio Gomezek, futbolean jokatzeko aukera emateaz gain, Intxaurdi bezalako klubek eskaintzen dutena nabarmenduz. «Kirola egin, lagunak egin, errespetua zer den ikasi, konpromisoa, ahalegina egin behar dela ikastea, pertseberantzia... Eta hori guztia giro atseginean, eroso sentitzen zaren leku batean, familia batean».
Egiteko lana badago oraindik
Emaitzak ikusita, «egiten den lan guztiak merezi du». Eta ez da gutxi, batez ere, honelako klub guztietan gertatzen den bezala, ordainsari gutxi eta boluntariotza asko dagoela kontuan hartuta. Oraindik beren zeregina beharrezkoa delakoan daude. «Elkarrizketa bat egin genuen orain dela gutxi, Intxaurrondoko Kiroldegian ikus daiteke, eta bertan gure neska askok protesta egiten dute mutilek ez dietelako futbolean jokatzen uzten, nesken kirola ez dela esanez», esan du Gomezek. Intxaurdi jada salbuespena ez izateak argi uzten du egiteko lana badagoela. Guztira hamabi dira, gaur egun, ehuneko ehun emakumezkoenak diren klubak Hego Euskal Herrian (Intxaurdi bera, Goierri Gorri eta Aiztondo Gipuzkoan; Hauskaitz, Tozuga eta Altzarrate Araban; Erandioko Betiko Neskak, Berriotxoa, Artizarrak eta Bizkeneskak Bizkaian eta Mulier Nafarroan).

Hiru urte baino ez dira Aiztondo Neskide Kirol Elkartea sortu zela, eta proiektuak arrakasta handia izan du lehen egunetik. «Hasieratik maila guztiak atera genituen, nolabait behar bat bazegoen», ohartarazi du Ane Lasa presidenteak. Beren hirugarren denboraldian, bailara osoko hamaika talde eta 178 jokalari ditu klubak. 250, boleibolekoak kontatuz, Aiztondo «kirol kluba baita. Proiektuarekin hasi ginenean, guraso batzuek proposatu ziguten, eta aurrera. Azken finean, gure helburu nagusietako bat ez da eliteko futbolariak ateratzea hemendik, baizik eta emakumea kirolean ahalduntzea, emakumeok geure burua ikustea gustuko dugun edozein kirol egiten eta kirola benetako aukera izatea gure aisialdirako, lagunak egiteko ingurune bikaina delako eta fisikoki, psikologikoki eta emozionalki onura asko dituelako».
Ahalduntzea, gainera, ez da jokalekura mugatzen. Eliteko zein harrobiko kirolean, emakume gutxi daude kudeaketa eta antolaketa postuetan. «Zaila da emakumeak bilatzea zuzendaritzarako. ‘Nik ez dakit ezer kirolaz, oso gutxi.....’. Kontua da emakumeok ez dugula geure burua ikusten ‘guretzat ez diren’ esparruetan, baina hemen gauza desberdinak daude egiteko. Nik neuk ezer gutxi dakit futbolaz, eta beste ardura batzuk dauzkat, kirol arloan beste pertsona batzuk daude, komunikazioan, aurrekontuak... Denok ditugu egin ditzakegun ekarpenak, eta guztiontzako lekua da hau, beraz», azaldu du Lasak.
Benetako inplikazioa
Lekua da, izan ere, klubaren buruhausteetako bat. Entrenamenduak eta partidak Villabona eta Zizurkil artean banatzen dituzte –bailaran instalazio egokiak dituzten herri biak–, horrek dakarren guztiarekin, «kontu asko bikoiztu behar izaten dira, materiala, adibidez». Gainera, bi zelaien –bailaran dauden bakarrak– kudeaketa Billabona eta Danena klubek egiten dute, «eta hiru urteren ondoren, guk ez dugu eskumenik. Udal guztiek eman dizkigute dirulaguntzak hasieratik, baina oraindik ez dago akordiorik instalazioen kudeaketan parte hartzeko, eta horrek eragina du gure funtzionamenduan. Hori da gure hurrengo erronka».
Laura Erreari hasperen batek ihes egiten dio instalazioei buruz hizketan entzundakoan. Mulierrek bere ibilbideko parte handi bat darama 'maileguz' bizitzen Salesianosekoetan, eta bere presidentea ziur dago instalazio propioa izatea aurrerapauso handia izango litzatekeela klubaren etorkizunerako. Hasteko, lanaren antolaketa erraztuko luke, eta talde gehiago izatea ahalbidetuko luke.
Ez dira gutxi gaur egun: hamar taldetan banatzen dira Mulierreko 160 jokalariak, kluba hamargarren urteurrena ospatzen ari den denboraldian. Itsasargi bat bezala sortu zen, lurraldeko futbolak historia hurbilean bizi izan duen garairik ilunena argituz, eta horrek eta ordutik egin duen lanak erreferentziazko klub bihurtu dute. Baina esker ona ez da nahikoa bizirik irauteko. «Asko hitz egiten da emakumeen kirolaren garrantziaz, neskek kirola egin dezaten saiatu behar garela, nerabezaroan utzi ez dezaten... Baina hitzak ez dira nahikoa, benetako apustua egin behar da, eta benetan lagundu. Futbolean jokatu nahi duten neska guztiei zabaldu nahi dizkiegu ateak, baina talde berri bat sortzeak, adibidez, ekipamendu berriak, entrenatzailea, ordu gehiago instalazioetan... esan nahi du. Eta hori guztia ordaindu egin behar da». Momentuz, Mulier bezalako klub batek funtzionatu dezake, «oso nomina gutxi» daudelako eta ia lan guztia boluntarioek egiten dutelako, eta «hiru hanketan jarrita: dirulaguntzak, familiak eta babesleak. Baina oso zaila da babesleak topatzea, oso itzulera txikia daukagulako. Ez daukagu baliorik trukean emateko, bakarrik gugan eta kirolean sinistea», onartu du Erreak. Eta horrelako arazoei, orokorrean, klub txiki guztiek aurre egin behar dieten arren, sexu-arrakala ere badago. «Gure lehen taldea 3. RFEFen dago. Kategoria horretan, mutilek kobratu egiten dute, baina neskek ez, ezinezkoa da guretzat. Behintzat beraiek ez dute ordaindu beharrik, baina gehiagorako ez da iristen».

Ondo inbertitu omen ditu Mulierrek, edozein kasutan, bere baliabideak. «Gure nesketako 25 egitura profesionaletara iritsi dira hamar urte hauetan», dio, harro, presidenteak. Eta taldean badago lehen taldea mailaz igotzeko ilusioa ere. Baina Mulierren tankerako beste klub batzuetan baino irizpide garrantzitsuagoa baldin bada ere hemen lehia, ahaleginak ez dira horretara mugatzen. «Etorkizuna sortzen» da beren leloa, eta «bi zentzutan pentsatzen dugu. Egia da gustatuko litzaigukeela lehen taldea mailaz igotzea eta klubak haztea. Eta egia da neska bakoitzaren potentzialtasunik handiena atera nahi dugula ere, ahalik eta urrunen iritsi daitezen. Baina batez ere pertsonak axola digu eta argi daukagu orain eta hemen egiten dugunak eragina izango duela etorkizunean. Alde batetik, kirola egiteko ohitura hartzeak onura fisiko eta psikologikoak ekarriko dizkie neskei. Eta bestetik, kirolarekin lotu daitezkeen balioekin lan handia egiten dugu; etorkizuna sortzeaz ari garenean, futbolaz ez ezik, gizarte mailaz ere ari gara».
«Neskato guztiei jokatzeko eta inolako presiorik gabe gustuko duten kirola egiteko aukera eman besterik ez dugu egiten, baina hori, etorkizunera begira, gizarte berdinzaleagoa, hobea, lortzen lagunduko digun lana da. Saria bikoitza da», bat egin du Maika Gomezek.

Persecución, derechos humanos y dobles estándares

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona
