NAIZ

Ofentsiba militarra Rafah-ko eremu berrietara zabaldu eta 30 pertsonatik gora hil ditu Israelek

Israelgo Armadak Rafah-ko eremu berrietara zabaldu du ofentsiba eta Tal Al Sultanetik alde egiteko eskatu die palestinarrei. 30 pertsona hil dituzte, gutxienez. Joan den ostegunean Hamasekin adostuta zuen su-etena hautsi zuenetik ehunka hildako gehiago eragin ditu Israelek.

Israelgo tropak Rafah-n.
Israelgo tropak Rafah-n. (EUROPA PRESS)

Israelgo Armadak Gazako hegoaldeko muturrean, Egiptoko mugaren ondoan dagoen Tal Al Sultanera zabaldu du ofentsiba eta 30 hildakotik gora eragin ditu. Halaber, Rafah-ko eremu hori berehala ebakuatzeko agindu du.

Avichay Adraee Israelgo Armadako arabierazko bozeramaileak mezu batean ohartarazi duenez, Israelgo tropek «erakunde terroristen aurkako erasoa egin dute» Tal Al Sultanen, eta horregatik «borroka gune arriskutsutzat» jo dute.

Bertako bizilagunei Mawasi eremura joateko agindu die, hots, «eremu humanitariotzat» jotzen den eremura, Gush Tayif kaletik, Armadak «ibilbide humanitario» gisa daukan bidea baita. Halaber, ibilgailuz bidaiatzeko debekua ezarri du Israelek.

Ohartarazi dute «babeslekuetan, kanpin-dendetan eta etxeetan egoteak, edo zehaztu gabeko beste bide batzuetatik ibiltzeak» Tal Al Sultanen dauden palestinarren bizitza arriskuan jartzen duela.

Joan den ostegunean, Hamasekin adostutako su-etena hautsi eta ehunka hildako utzi dituen erasoak hasi eta bi egunera, Israelgo Armadak iragarri zuen Rafah-n lurreko erasoaldia zabaldu zuela. Gune horrek pairatu zituen iazko maiatzean Israelek Palestinaren aurka egindako eraso gogorrenetakoak.

Rafah ia bi milioi palestinarrentzako azken babesleku bihurtu zen, Gazako iparraldetik eta erdialdetik bortxaz desplazatuak izan zirenean. Iazko maiatzean tropak Egiptorekin muga egiten duen hiri horretara iritsi zirenez, bizirik atera zirenek erdigunera edo Mawasi «eremu humanitariora» itzuli behar izan zuten.

Astearte goizaldean bonbardaketa sorta batekin su-etena hautsi ondoren, Israelgo tropek lurreko erasoaldi bat hasi zuten asteazkenean Gazako mugatik gertu, eta dagoeneko 125.000 pertsona baino gehiago lekualdatu dituzte, UNRWA errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziaren arabera.

Hamaseko buruzagiei eraso

Hamasek Salah al Bardaweel buruzagiaren heriotza baieztatu du goizaldean. Israelek bere kanpin-dendaren aurka egindako eraso batean hil da, Mawasi eremu humanitarioan, erakundearen buró politikoaren burua.

Israelek Gazan bonbardaketak berriz hasi zituenetik, Hamaseko hainbat goi-kargudun hil dituzte, besteak beste, Essam al Dalis Gazatarren gobernuburua, Mahmud Abu Watfa Barne Arazoetarako ministroa, Bahjat Abu Sultan taldeko barne poliziaren burua eta Ahmed al Hatta ‘Hamaseko Justizia ministroa’, Israelen arabera. Hamasek lauen heriotzak berretsi zituen, baina Abu Watfa eta Al Hatta ‘ministrordeak’ zirela zehaztu zuen, ez ministroak.

Palestinarrak kanporatzeko erakundea

Bestalde, Israelgo Gobernuak aurrera jarraitzen du garbiketa etnikoa gauzatzeko asmoekin, eta bide horretan beste urrats bat egin du: segurtasun kabineteak «migrazio zuzendaritza» deitu dion erakunde bat sortzea onartu du, Gazako palestinarrak beste herrialde batzuetara kanporatzeaz arduratuko dena.

Erakunde berri hori Defentsa ministroak zuzenduko du, eta «Gazako egoiliarren joan-etorri seguru eta kontrolatua prestatzeaz eta errazteaz» arduratuko da, «hirugarren herrialdeetara borondatez ateratzeko».

Israel Katzek dio «Israelgo eta nazioarteko Zuzenbidearen menpe» dagoela, nahiz eta NBEk askotan ohartarazi duen «lurralde okupatuaren deportazio oro debekatuta» dagoela, eta Israelek aspaldi ez duela nazioarteko legedia onartzen.