Txikitasuna eta zorroztasuna lotzeko ahalegin berezian
Filippo Sala, Silvan Schupbach eta Roger Schaeli suitzarrek 'Luce e Tenebre' bidea sortu dute igo gabe zegoen Punta Piodako iparraldeko horman. Bitartean, Yuri Parimbelli, Matteo Piccardi eta Simone Semperboni italiarrek 'Fischia al vento' ireki dute Presolanan.

Alpinista zailduek zein profesionalek maiz aukeratzen dituzte mendi eta horma garaiak ekarpenaren bidetik jarduerak egiteko. Alabaina, talde hegemoniko horren hainbat ordezkari saiatzen dira eskaladei beste ikuspuntu bat ematen. Murru erraldoiak eta mendi handiak bolada batez alde batera uzten dituzte eta 'txikitasunean' gogor estutzen dute. Hori gertatu zaie hurrengo lerrootako protagonistei.
Filippo Salak, Rogher Schaeli eta Silvan Schupbach suitzarrek zailtasun handiko bide berri bat zabaldu berri dute Punta Piodako iparraldeko horman: 'Luce e Tenebre' (M8, A3, 70º, 700 m). Alpiniston gaitasun teknikoak ezagututa, albisteak ez gaitu ezustean harrapatzen. Baina jarduera horrek ukitu berezia du. Edo, bederen, Schupbachek eman nahi izan dio. Urte batzuk daramatza 'ahantzita dauden iparraldeko hormatzarren' proiektuaren atzetik. Eta harrigarria bada ere, Punta Piodakoa orain arte ukitu edo igo gabe zegoen.
Gailur horrek 3.237 metro baino ez ditu. Hots, Pirinioetako hirumilako batek bezala; baina pareta laiotz zein gogor horrek lau eguneko (hilaren 6tik 9ra) lan eskerga eskatu zien 'Luce e Tenebre' irekitzeko. Jarduera horren dimentsioa ulertu ahal izateko, Schaelirekin harremanetan jarri gara. Eta etxean bertan duten mendi eta hormatzar horri buruz honakoa adierazi dio NAIZi: «Bregaglia da azken bost urteotako nire etxe berria. Sciora multzoko (Bondasca ibarra) gailur bat da Punta Pioda, eta ondoan Badile eta Cengalo ezagunak ditu. Zalantzarik gabe, eremu basatia eta erromantikoa da. Hortaz gain, oso bisita gutxi jasotzen ditu. Eta horregatik guztiagatik, nire iritziz alderdi horretan dauden paretek Patagoniako orratzekin antzekotasun handia dute».
Schaelik berak aurreratu digu ere, Schupbach izan zela helburu horen bultzatzaile nagusia: «Bitxia da hirurok sokada hori osatzea. Lehen aldia eskalatu dugu elkarrekin. Silvanek deitu zigun proposamen horrekin, eta Filippok eta biok baiezko erantzuna eman genion. Onartu behar dut, bikain konpontzeaz gain, lan guztiak partekatu eta era egoki batean aurrera eraman genituela».
Aurreratu dugun bezala, ukitu gabe zegoen horma horrek asko eskatu zien; soilik zailtasun teknikoei begiratzea baino ez zaigu geratzen. Schaeliren arabera, esplorazio horretan eginiko igoerak beste zailtasun batzuk izan zituen: «Abentura basatia izan da arroka txarrarekin, hotz ikaragarriarekin eta luze oso gogorrekin. Artesi hauskorrak, hondarrarekin edo likenekin... Baldintzak ez ziren batere egokiak. Ez dut uste inor murru honekin maiteminduko denik. Hare gutxiago, udaran. Horregatik diot aktibitate horrek asko bete nauela; Alpeetan egin ditudan hamar ibilbide alpino onenen artean dago».
Azken esaldi hori irakurrita, argi geratzen da hirukote suitzarrak Punta Piodan eginiko lana bikaina izan dela. Joan den 6an, 'Luce e Tenbre'-ri forma ematen hasi ziren. Lehen elur zelairaino nahiko azkar joan eta bide berriaren lehenengo giltzara heldu ziren. Hots, eroria duen sekzio batera: «Arrokaren kalitate txarrarengatik lehen egunean lau luze zabaldu genituen. Horietako metro asko, gainera, artifizialean. Silvan saiatu zen bigarren luzea era askean igotzen, baina gutxigatik ez zuen lortu».

Sokak finkatu eta behean zegoen aterpera jaitsi ziren. Biharamunerako helburu zehatza zuten: aldi batean bide berria amaitu. Baina horretan ere ez zuten arrakastarik lortu. Salak eta Schaelik hurrengo luzeetako ardura hartu zuten. Gauak harrapatu eta bibaka antolatu zuten. Hirugarren egunean, berriz, tximinia estu batean Schupbachek lan handia egin behar izan zuen. Aseguratzeko komeriak izateaz gain, zailtasun tekniko gogorrekin egin zuen topo: M8. Beste bibak hotz bat igaro zuten. Schaelik onartu du hotzarengatik, zailtasun teknikoengatik eta euren buruak babesteko leku desatseginengatik oso nekatuta zeudela. Halere, indarrak atera eta 'Luce e Tenebre' biribiltzeko aukera izan zuten.
Antifaxistak
Yuri Parimbelli, Matteo Piccardi eta Simone Semperboni italiarrek aldarrikapen berezia egin dute Presolanan zabaldu berri duten 'Fischia al vento' ibilbidearekin ((M8, A4+, 700 m). Piccardik berak sare sozialetan horren azalpena eman du: «Italia nazifaxismotik askatu zela 80 urte bete dira. Inoiz errotik atera ez den minbizi horrek geure herrialdea harrapatuta du. Egin dugun igoera hori teknizismo antzuak baino askoz ere gehiago da».
Gogora dezagun Felice Cascione izan zela 1943an 'Fishia al vento' abestia sortu zuena mugimendu partisanoa sustatzeko. 'Bella Ciao' kantarekin batera, aipatu duguna italiar erresistentziaren abesti ezagunenetako bat da.
Aldarrikapen aipatu dugu, baina Presolanako ipar-ekialdeko horman eginiko lanaren inguruan azalpenak eman behar ditugu ere. Punta Pioda bezala, azken mendi hau ere garaieran apala da: 2.500 metro ditu. Baina aurrekoak bezala murru zorrotza du. Suitzarrek ez bezala, alpiniston (mendi gidariak ere badira) izenak ez dira ezagunak ingurumari honetan. Baina eginiko jarduerarekin argi utzi dute oso zailduak direla.
Piccardik aurreratu du, berez, Drus mendira joateko erabakia hartuta zuela: «Bi gazte talentudunekin Mont Blanc-eko mendilerrora joatekoa nintzen. Baina bezperan esan zidaten iparraldeko horman ilarak zeudela. Yurik mistoko makina bat bide eskalatu ditu Orobien. Buruan bazuen helburu erakargarri bat. Eta ia denbora galdu gabe, Presolanaren iparraldeko paretaren oinarrian jarri ginen».
Piccardik horma horren inguruan eginiko azterketek argi utzi zuten eskalada ez zela batere erraza izango. Eta hori diogu, italiarrok bi ekinaldi behar izan dituztelako 'Fishia al vento' amaitzeko. Otsailaren 24an, lau luze zabaldu zituzten: «Harkaitza oso trinkoa da, eta horrek progresioa zein aseguratzeko lanak zailtzen ditu. Galdera ikur asko sortu ziren, eta zalantza horiekin jaitsi ginen. Lan kontuek hurrengo saialdia atzeratu zuten. Hilaren 5ean, berriz, prest geunden lehen urratsak egiteko. Arintasuna eta abiadura ziren gure oinarri sendoenak».

Nahiz eta lehen ekinaldian zabaldutako luzeak zailak ziren, bigarren bidaia horretan aise gainditu zituzten. Erlaitz batera iritsi zirenean, Piccardik dio Semperboni sokaburu jarri zela: «Hiru luze ero eta ikaragarri eskalatu zituen. Ondoren, nik taldearen ardura hartu nuen. Beldur nengoen, batez ere aurretik nituen metroak ez nituelako ezagutzen eta babesteko lekuak ez zirelako batere onak. Sekzio hori nahiko zalantzagarria izan zen, baina kontzentratu eta nire amets berezietan murgildu nintzen. Luze hori oso eroa izan zen».
Zailtasun tekniko handienak atzean utzi zituzten, eta tontorrera heltzeko erritmoa bizkortu zuten. Beste hiru luze gainditu ostean, gailurretik oso gertu zeuden: «Azken tarte hori erraza zen, baina elurra oso ezegonkor zegoen eta buruhausteak eragin zizkigun. 17.30ean tontorra zapaldu genuen. Ametsa egia bihurtu genuen. Hirurok ala hirurok bat gatoz: apartekoa izan da Presolanan bizitakoa!».

«Ganas, paciencia y un poco de mano», receta para ser un constructor naval a pequeña escala

«Nire bizitzan lanari energia gehiegi eskaini diot, eta horrek gaixotu nau»

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona
