NAIZ

Israelen azken sarraskiak salatu ditu Gure Haurrak ere Badira egitasmoak ikastetxetan

Israelek Palestinan egin dituen azken sarraskiak salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Gure Haurrak ere Badira egitasmoak deituta Euskal Herriko dozenaka ikastetxetan.

Gasteizko Zabalgana ikastetxean egindako elkarretaratzea.
Gasteizko Zabalgana ikastetxean egindako elkarretaratzea. (GURE HAURRAK ERE BADIRA)

Israelek Palestinan burututako azken sarraskiei urgentziazko erantzuna emateko asmoz, Gure Haurrak ere Badira egitasmoak elkarretaratzeak egon ditu Euskal Herriko dozenaka ikastetxetan.

Mobilizazio hauek Ehige (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioa), Ikastolen Elkartea, Publikoaz Harro, Arabako BDZ, Gernika Palestina herri ekimena eta LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuen babesa izan dute.

«Israelgo armada sionistak, AEBren laguntzarekin, su etena apurtu eta Gazan sarraskiekin jarraitzea erabaki du. Ehundaka zibil palestinar erail ditu egun gutxitan, azkenak gaur bertan, beste ospitale bati egindako eraso batean. Eraildako gehienak haurrak izaten ari dira beste behin ere», salatu du Gure Haurrak ere Badira egitasmoak.

«Palestinako herriaren suntsipen sistematikoaren lekuko izaten ari gara. Guzti honek gure barrena iraultzen digu eta inpotentzia nagusitzen doa. Europak, gerra hitza ahotan eta berrarmatzearen bidean, beste aldera begiratzen du, lotsagabeki», gaineratu du.

«Ezin gara isilik geratu»

«Gu, hezkuntza komunitatea, ezin gara isilik geratu. Erailtzen ari diren haur hauek gure seme- alabatzat hartu ditugu, guraso horiek gure arreba-anai bezala sentitzen ditugu eta lau haizetara oihu egiten dugu: Aski da», aldarrikatu du.

«Ez da urrun heldu nahi duen elkartasun eta salaketa ohi bat soilik. Hemen ere eragina izan behar duen eskakizun zehatza ere bada: gure gobernu eta erakundeak zuzenean interpelatzen ditugu. Genozidio honen aurka argi eta tinko posiziona daitezela. Hitzetatik ekintzetara pasa eta genozida den Israelgo Estatutuarekin harreman guztiak eten ditzatela exigitzen diegu. Euskal herritarrok sarraski honen konplize izan ez gaitezen neurriak har ditzatela», adierazi du.

Donostiako Usandizaga eta Peñaflorida institutuetan egindako elkarretaratzea. (GURE HAURRAK ERE BADIRA)
Donostiako Usandizaga eta Peñaflorida institutuetan egindako elkarretaratzea. (GURE HAURRAK ERE BADIRA)

«Gure alaba-sementzat etorkizun duin baten aldeko jarrera besterik ez da hau, Palestinan denon etorkizuna jokoan dagoela ziur baikaude. Genozidio hau inpunitatez bururaino eramaten badu, gizateriaren etorkizuna iluna, oso iluna, izango da», gaineratu du.