«Teknikoki zein psikologikoki bilakaera handia izan dugu eta hobetzen joateko tartea daukagu»
Winter Serieseko finalaren atarian, Helena Barrenetxeak (Durango, 2007) eta Oaia Otañok (Mutriku, 2009) beraien sentsazioak azaleratu dituzte. Durangarraren bigarren finala da, etxean, Arai Lejardi bizkartzain duela; mutrikuarra aurten sartu da koadroan eta Elaia Gogenola aurrelariarekin arituko da.
Oraindik gorputzaldi lasaia dutela harrapatu ditu NAIZek Helena Barrenetxea eta Oaia Otaño. Winter Serieseko finalean lehiatuko dira gaur (Durangon, 19.30ean). Bizkaitarrak eskarmentua pilatu du azken bi urteetan, emakumezkoen zesta-punta urrats sendoak ematen ari den honetan, eta «konfiantzaz» dago. Helena-Arai bikoteak bigarren finala du aurtengoa, iaz txapeldunorde izan ostean. Mutrikuarra, aldiz, izen berria da Winter Seriesean eta Gogenolarekin bikote orekatua osatzen du. Urduritasuna ondo kudeatzea izango da gakoetako bat.
Helena-Arai eta Elaia-Oaia bikoteek jokatuko duzue finala. Arerioaren zein dohain nabarmenduko zenukete?
Oaia Otaño (O.O.): Batez ere Helenak aurrean daukan jokoa, horma-biko oso ona dauka. Eta bestalde, Arai bera osotasunean, orain bertan ondoen dabilen atzelaria da, ez du hutsik egiten eta mina egiten daki.
Helena Barrenetxea (H.B.): Harrituta utzi ninduten finalerdietan, ikusita hirugarren setari nola aurre egin zioten. Bigarren setean 9 tanto segidan jaso ostean, hirugarren jokoa kale edo balekoa izaten da, burua altxatu eta modu horretan kantxaratzeak erakusten du psikologikoki oso gogorrak direla. Oaiak errebesez badauka indarra niri pasatzeko moduan, eta Elaiaren erremateak ere zitalak dira.
Eta zuek osatzen duzuen bikotearen zein dohain?
H.B.: Arairengandik nabarmenduko nuke zenbat pilota sartzen dituen, nola aguantatzen duen tantoa. Partidaren irakurketa egiten ere abila da, zer egin behar duen eta zer ez interpretatzen, pilotak noiz aldatu, noiz aurrera bota... Eta nire kasuan, erremate ona daukadala esango nuke, saihetsez batez ere, eta ongi sartzen naizela aurreko koadroetan.
O.O.: Txapelketa asko jokatu ditugu elkarrekin. Kantxa barruan eta kanpoan lagun handiak gara, konfiantza daukagu. Elaiak aurrean amaitzeko daukan gaitasuna eta atzera botatzeko daukan indarra aipatuko nituzke. Nire aldetik, urduritasunak kalte egiten ez badit, eusteko gaitasuna.
Helena Barrenetxea: «Elaia eta Oaiak harrituta utzi ninduten finalerdietan hirugarren setari nola aurre egin zioten psikologikoki»
Non egongo da finaleko gakoa?
O.O.: Helena eta Elaia antzerako pilotariak dira, joko asko daukate aurrean eta indarra daukate atzera botatzeko ere. Gakoa izango da nik eustea atzeko koadroetan eta Elaiak, aurreko astean egin bezala, bere lana ongi betetzea.

Helena, faboritoak zarete?
H.B.: Denek esaten dute gu garela faborito. Oaia berria da koadroan, Arai ia dena irabazi duen atzelari bat da, eta bai, izan gaitezke faboritoagoak. Hala ere, Elaiak eta Oaiak badakite ongi jokatzen. Elaiak finalerdietan erakutsi zuen zein gaitasun daukan tantoak egiteko aurrean. Oaia finalerdietan urduri zegoen, bere lehendabiziko partida zen hainbeste jenderen aurrean eta telebistan, igarri egin zitzaion, batez ere bigarren setean. Denboraldi ona egin du, udan Mundiala jokatu zuen. Nik uste dut aurkari gogorrak direla, agian jendeak ez ditu hainbeste ezagutzen, baina gogorrak dira.
Oaia Otaño: «Helenak hormabiko oso ona dauka eta Arai orain bertan ondoen dabilen atzelaria da»
Oraingo ikuspegitik nola ikusten duzue duela bi urteko zuen burua? Zein izan da bilakaera?
H.B.: Bai teknikoki eta bai psikologikoki egon da bilakaera nabarmen bat. Lehendabiziko Winterrean urduritasun handia genuen. Maila ere ez da berdina. Psikologikoki garrantzitsuena da lasaitasun puntu hori, esperientziarekin lortzen dena, kudeatzen hobetu duguna. Lehendabiziko Winterra lehen aldia izan zen hainbeste jenderen aurrean jokatzen genuena, horrek urduritasun handia sortu zigun. Bi urte hauetan eduki ditugu hainbat funtzio jende askoren aurrean, eta horrek lasaitasuna ematen dizu. Teknikoki ere asko hobetu dugu, gazteak gara eta hobetzen joateko tartea daukagu.
O.O.: Nik 14 urte nituen eta orduan ez nuen pentsatzen iristeko aukerarik nuenik. Gazteagoa nintzen eta ez neukan mailarik. Urteak aurrera joan ahala, maila handitu dugu lan eginez; beraien mailara gerturatzen ari naizela sentitzen dut. Azken urtean, Munduko txapelketa prestatzeko, pilotalekuan ordu asko sartzen hasi nintzen, eta horren ostean, pilotaleku ezberdin gehiago joan naiz zapaltzen eta ezagutzen. Lan horrekin eta asteburuak pilotalekuan igarotzearekin, hobekuntza egin dut eta horrek ahalbidetu dit orain Winter Series jokatzen egotea.
Helena Barrenetxea: «Pertsonalki helburu nagusiena izan daiteke irabaztea baina talde modura gure xedea bada partida politak eskaintzea. Jendea erakarri nahi dugu»
Aipatu izan duzue bazeneukatela nolabaiteko presioa ondo egiteko, demostratzeko abilak zaretela. Horrek nola eragiten du?
H.B.: Duela bi urte, iaz eta aurten ere presio hori badaukagu. Duela bi urte akaso gehiago, lehen aldia zelako telebistan gure partida bat emango zutena. Hainbeste jenderen aurrean jokatzen dugun edozein partidatan gure maila erakusteko nahi hori agertzen da, aldagelan ere gure artean aipatzen dugu. Aurkariari 'zorte on' esan eta, aldi berean, partida polit bat opa diogu. Gure helburu nagusia pertsonalki izan daiteke irabaztea, baina talde modura gure xedea partida politak eskaintzea da. Jendea erakarri nahi dugu, eta lehendabiziko urtean ondo jokatzeko presioa handiagoa izan zen irabaztekoa baino.
Durangon zesta-punta berpizten ari da, frontoia eraberritu da, Helena, zuk Udalera igorritako eskutitz baten ondorioz, eta erreferenteetako bat zara. Pisurik badu zure gain?
H.B.: Pilotalekuan nesken gurasoek esan izan didate telebistan ikusi nautela eta horren eraginez zesta-puntan nahi dutela hasi. Ume txikienak ere gerturatzen dira. Badauka pisu bat, eta honek ere badu zerikusia erakusteko dugun presio horrekin.
Oaia, duela bi urte 14 urte zenituen. Zerk bultzatu zaitu jarraitzera?
O.O.: DBH 2. mailan nengoela hasi nintzen, orduan ez nekien zesta-punta zer zen ere. Futbolarekin batera uztartu dut pasa den urtera arte, argi neukan zesta-punta gehiago gustatzen zitzaidala. Zesta-puntak eman dit lagun berriak egitea, asteburuak pilotalekuan pasatzea, Manci eta konpainia ikusten... Oso ondo pasatzen nuen, gero ohartzen zara emakumezkoen talde polita dagoela, telebistan ikusten zenituen horiek lagunak direla... Horrek motibatu egiten zaitu jarraitzera.
Oaia Otaño: «Gazteagoetan isila nintzen eta kosta egiten zitzaidan kantxan sartzea. Beti neukan Eneritz [Lizardi] babes bezala, lasaitzeko. Oso eskertuta nago berarekin».
Eneritz Lizardik ere lagunduko zizun, ezta?
O.O.: Bai, batez ere gazteagotan. Isila nintzen eta kosta egiten zitzaidan kantxan sartzea. Hasieran ez zitzaidan gustatzen, negarrez ateratzen nintzen, ez zitzaizkidan kinielak gustatzen... Beti neukan Eneritz babes bezala, lasaitzeko, eta asko lagundu izan nau. Oso eskertuta nago berarekin.

Zer suposatu du Winter Series bezalako txapelketa bat jokatzeak eta zirkuitu honetan hanka eta erdi sartzeak?
O.O.: Winterra jokatzea opari handia izan da. Ezin sinetsita egon nintzen finalerdietako partida irabazi genuela, emozio handiarekin bizi izan nuen. Eraman enpresak nirekin kontatzeak ilusioa egiten du. Beraiek asko mugitzen dira, txapelketa asko antolatu dituzte, Jai Alai Liga ere sortu dute, eta uste dut aukera on bat dela emakumezkoen zesta-punta bultzatzeko. Ni hor barnean egoteak pozik jartzen nau, bai nire buruarekin eta baita lanean jarraitzeko ere.
Helena, zure kasuan, duela bi urte Winter Series jokatzea ametsa zen; iaz, finalera iristean ere amets bat bete zenuen. Azken urratsa falta da, txapela irabaztea?
H.B.: Bai. Aurreneko Winterrean lehiatzea sorpresa izan zen, bigarrengoan finalera iristea ametsa zen; aurten ere bai, ze ametsa beti da jokatzea eta finalera iristea. Baina, noski, irabazten bada, are eta hobeto.

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
