
EAJk heldu den igandean egingo du bere zuzendaritza berrituko duen IX. Batzar Nagusia, Donostiako Atano III. pilotalekuan. Astearte honetan eman dizute xehetasunak Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak eta Aberri Batzarraren Mahaiko buru Arantza Kortabitartek, Sabin Etxean egin duten agerraldian.
Aitor Esteban alderdiaren presidente eta EBBko beste zortzi burukideak izendatuko dituen batzarra ‘Alderdia Gara’ lelopean egingo da, «harro egoteko moduko gauza delako Euskadi dagoen lekura ekarri duen Alderdiko kide izatea; harro baino harroago gaudelako gure ibilbideaz, gure ordezkariez, gure alderdikideez eta gure militantziaz; eta Euskadi askatasun, bake, oparotasun eta justizia soziala izango dugun etorkizunera eramateko behar diren ilusioa, indarra eta batasuna ditugulako, beti izan dugun moduan», Zaratek azaldu duenez.
Nabarmendu duenez, EAJk, «herri honetako lider politikoa izanik», datorren ziklo politikoan ere «lidergo horri eusten jarraitzeko borondate argia» dauka. Horretarako, bere «ideario politikoa eguneratuko» du, datozen urteotarako ibilbide orria izango dena. «Ezinbesteko tresna izango da guretzat, Euskadi eta Estatuko panorama politikoan etorriko zaizkigun urte biziei arrakastaz heltzeko».
Batzarra egiteko Atano III.a hautatzeko arrazoiari buruz, Zaratek esan du pilotaleku horrek «baldintza emozional, politiko, kultural eta logistiko guztiak» betetzen dituela jeltzaleen topaketa nagusia bertan egiteko. «Pilotaleku bat, berez, sinbolismoz betetako toki bat da kasu honetan. Gogoratu dezagun euskal pilota selekzioa laster ofiziala izango dela eta, jakina, alderdi hau izan dela ofizialtasun hori lortzeko lan handia egin duena, ahalegin erabakigarria», aldarrikatu du.
«Euskadiren imaginario kolektibo eta politikoan ere» Atano III.a «oso toki esanguratsua» dela defendatu du. Bertan bertsolarien «final gogoangarriak» egin direla, pilotako «final handiak» ere eta 1970ean Joseba Elosegi jeltzaleak, Franco bertan zegoela, bere buruari su eman ziola gogoratu du. Anoeta pilotalekuan, berriz, 1976ko ekainaren 13an, EAJren historia modernoan «mugarri garrantzitsua» zela gogoratu du, egun hartan Xabier Arzalluzek bere lehen diskurtso jendetsua eman baitzuen, «frankismoaren ostean baimendu zen lehen ekitaldi politikoan».
Zaratek alderdikide jeltzaleak deitu ditu «igandean Atano IIIko eserleku guztiak betetzera. «Igandean, herri honi esango diogu ‘Alderdia garela’, daukagun onena ematen jarraitzeko prest gaudela, Euskadi denon artean eraman dezagun bake, askatasun eta oparotasun mailarik gorenera».
AHTren loturari buruzko eztabaidarik?
Batzarra larunbatean hasiko da, goizeko 10.00etan, EBBren jardun politikoaren ardatza izango diren bost txostenei aurkeztu zaizkien zuzenketen eztabaidarekin. Batzarrera eramango diren ebazpen proposamenak eztabaidatu eta onartuko dituzte, eta jakinarazpenak irakurriko dira.
Zuzenketa horien artean, hainbat jelkide gipuzkoarrek AHTren inguruan aurkeztutakoa dago. EAE eta Nafarroa arteko lotura Ezkio-Itsasotik egin dadila defendatzen dute. ‘Diario Vasco’k asteazken honetan argitaratu duenez, alderdiaren zuzendaritzatik zuzenketa transakzionala bideratu da, Ezkioko loturari aipamenik egiten ez diona, talka ekiditeko asmoz. Horretan auziari «behin betiko konponbidea» ematea eskatzen da bakarrik, anbiguotasuna erabiliz. Gipuzkoako ordezkariek nola hartuko duten hori ikusteko dago.
Unai Rementeriak koordinatzen duen ‘Aberri oparoa eraikitzea askeago izateko’ izeneko ponentzia sozioekonomikoaren baitan txertatu dute gipuzkoarren dokumentua. Txostena eztabaidatu eta bozkatu ondoren, Rementeriak berak emango ditu azalpenak onartutako testuaren inguruan.
Tentsio handia eragin du AHTren loturari buruzko eztabaidak alderdiaren barruan, Gipuzkoako eta Arabako agintarien artean. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak Gasteizen aukera sutsu defendatu ondoren, «berekoikeriaz jokatzea» egotzi zion Eneko Goia Donostiako alkateak. Minduta ageri da Gonzalez hitz horien aurrean. Baina gipuzkoarrek ez dute atzera egin eta batzar nagusira eraman dute Ezkioko loturaren aldeko apustua, eta honek giroa mikaztu lezake.
Igandean, berriz, 2025-2029 eperako zuzendaritza berria hautatuko dute, 10.30etik aurrera: Aberri Batzarreko ordezkari berriak eta EBBren presidente eta burukide berriak. 11.30etatik aurrera egingo du Aitor Estebanek bere lehen hitzaldia, eta Andoni Ortuzarrek kargua utzi ondoren agur esango du.

¿Chocolate caliente o frío? Factores clave para entender la volatilidad del precio del cacao

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
