
Emantzipa diru-laguntzen errenta muga igo du Lakuak, gazte gehiagorengana ailegatzeko asmoarekin. Hala, 30.000 euroan jarri du bakarka deklaratzen duten pertsonentzat; 36.000 euroan, aldiz, bikotean deklaratzen dutenentzat.
Programa honek hilero 300 euro ematen dizkie gazteei bi urtez, emantzipazioaren hasieran edo egonkortzean babestuz.
Lakuako Gobernuaren Kontseilu bileraren ondotik, Nerea Melgosa sailburuak diru-laguntza hauen bigarren deialdia aurkeztu du, eta errentaren mugaren igoera hori izan da berrikuntza nagusia.
Oroitu duenez, 2024an 6.173 gaztek jaso zituzten programaren onurak. Orain, aldaketarekin, onuradun gehiago izatea bilatzen dute. Zehazki, banaka deklaratzen duten lagunen kasuan, urteko errentak 3.000 eta 30.000 euro bitartekoa izan behar du. Aurreko deialdian baino 2.000 euro gehiago dira.
Bikotean deklaratzen dutenentzat 3.000 eta 36.000 euro bitartean jarri dute tartea. Kasu honetan ere 2.000ko igoera dago iaztik.
36 urtera arte luzatzeko helburua
Adinaren irizpideak berdinak dira. 25 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako laguntza da Emantzipa. Hala ere, sailburuak iragarri du Sailaren xedea adin tarte hori «lehenbailehen» 36 urtera arte zabaltzea dela.
Orotara, Sailak 25 milioi euro bideratuko ditu diru-laguntza hauetara. 7.000 gazteri mesede egiten ahalko diotela uste dute.
Eskaera egiteko epea apirilaren lehenean irekiko da. Beharrezkoa da Araba, Bizkai edo Gipuzkoan erroldatuta egotea, baita alokairuko edo salerosketako kontratuaren bidez emantzipazioa frogatzea ere.
Eskari gehienak, alokairurako
Melgosak esplikatu du EAEko gazteek hilero 549 euro bideratzen dituztela etxearen erosketara; 675 euro, aldiz, alokairura. Gehienak 30 urterekin ateratzen dira gurasoen etxetik. 25 eta 29 urte bitartean %32,8k soilik lortzen du emantzipatzea.
Horregatik, Emantziparen garrantzia goraipatu du. Lehen edizioan 8.285 eskaera jaso zituzten eta horietatik 6.173 eman zituzten: 906 Araban, 3.193 Bizkaian eta 2.074 Gipuzkoan. Eskarien %60 emakumeek egin zituzten eta %40 gizonezkoek.
Batez besteko adina 26,93 urtekoa izan zen. Eskari gehienak (%73) alokairurako izan ziren eta %27 etxea erosteko.
Otsail honetan Sumarrek azalpenak eskatu zizkion Lakuari Emantziparen laguntzak ordaindu gabe uzteagatik. Honen inguruan, Melgosak argitu du otsail eta martxo honetan garaiz eta behar bezala ordaindu dituztela laguntzak eta aurreko hilabeteetako atzerapena zuzendu dutela.
2024ko ekitaldian, 10.366.800 euro esleitu dira guztira. Araban 1.596.300, Bizkaian 5.308.800 eta Gipuzkoan 3.461.700.

¿Chocolate caliente o frío? Factores clave para entender la volatilidad del precio del cacao

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
