
Azkoitian aurkeztu da astearte honetan B Serieko Buruz Buruko 2025eko Txapelketa. Azkoitian apirilaren 4an hasiko delako lehiaketa, Azkoitiko Jorge Oteiza eskulturagile handiaren frontoiak izan dira zilarrezko txapelketaren aurkezpenerako esparrua.
Txapelketan 12 pilotari izango dira lehian iaz Iker Larrazabalek jantzitako txapelaren bila, sei Aspe enpresakoak eta beste hainbeste Baikokoak. Eibarko enpresatik Salaberria, Egiguren V.a, Exposito, Murua, Aldabe eta De la Fuente ariko dira. Bilboko enpresaren aldetik: Alberdi II, Eskiroz, Bakaikoa, Zubizarreta III.a, Agirre eta Senarren arteko atarikoaren galtzailea , eta Morgaetxebarria eta Lizeagak elkarren kontra jokatuko duten beste atarikoaren irabazlea.
«Zaila da txapela ateratzea», onartu du Iker Salaberriak aurkezpenean. Maila honetan birritan txapeldunorde geratu arren, Goizuetakoak garbi adierazi du «banaka asko jokatzen duten pilotari handiak» daudela, baina ez dagoela besterik «aurreneko partida mimoz prestatu eta gauzak ahal bezain ongien egitea baino».
Promozio Txapelketa izena zeramalarik Joanes Bakaikoak bi aldiz jantzi zuen Buruz Buruko txapel hau, 2018an eta 2023an. Etxarri-Aranatzen duela 27 urte sorturiko aurrelariak, baina ilusioa beste edonork adina mantentzen du. «Buruz buru elkarri min handia egiten diogu, baina hasteko nirea ematen ahalegindu behar naiz eta gero ikusiko dugu», aipatu du.
Formatoa
Apirilaren 4an hasiko dira final-zortzirenetako kanporaketak. Alberdi II.ak eta Aldabek egun horretan estreinatuko dute lehiaketa Azkoitian. Larunbatean Bilbon, Expositok Morgaetxebarria eta Lizeagaren arteko kanporaketako irabazlearen aurka jokatuko du. Larunbatean ere, baina Iruñean, De la Fuentek eta Muruak neurtuko dituzte indarrak. Eta igandean Tolosan, Eskirozek eta Zubizarreta III.ak Buruz Buruko Serie B Txapelketako final-zortzirenak itxiko dituzte.
«Buruz Burukoa beti da oso modalitate agresiboa», iritzi dio Zubizarreta III.ak. «Prestatzeko ez dut nahi beste denbora izan, baina hor goaz, pixkanaka», gaineratu du Ataungoak, Eskirozen aurkako apirilaren 6ko partida gogoan.
Iosu Eskirozek ere «aurreneko etena pasatzea» izan du buruan aurkezpen egunean. «Iaz zorionez Iraitzi irabazi nion, baina oso partida gogorra izan zen. Ea aurten ere nire alde erortzen den», gaineratu du Makirriain-Ezkabarteko atzelariak.
B Serieko Buruz Buruko Txapelketa honetan final-zortzirenen ostean eta final-laurdenetako ligaxka jokatuko da. Lau onenek Azkoitian jokatuko diren bi finalerdietarako urratsa emango dute eta haietatik aterako da Iruñeko final nagusia, iaz Iker Larrazabalek lorturiko txapelaren oinordekotza zeinentzat izango den ikusteko.

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
