
Lakuako Gobernuak, Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Ertzaintzan kultura ondarearen aurkako delituetan eskudun den Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren Atalari informazioa bidali dio Lurmen SL enpresari konfiskatutako bi piezatan «manipulazio zantzu argiak» dituzten grafito berriak aurkitu dituztela-eta.
Espejoko (Gaubea) Las Ermitas aztarnategiko zeramika pieza banatan egindako bi grafito dira (‘Neron’ eta ‘Cesar’ hitzak dituztenak). Material hori Lurmen ikerketa taldearen esku zegoen Iruña-Veleiako instalazioetan eta, ordutik, Arabako Arkeologia Museoan (BIBAT) gordeta dago.
2020an enpresa horren arduradunak zigortu zituzten ondare historiko/kulturalaren dokumentuak faltsutzeagatik.
Landa testuinguruetako eta/edo erromatar berantiarreko grafitoei buruz Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako ikerketaren esparruan izan da aurkikuntza, Arabako Foru Aldundiaren mendeko BIBAT Arabako Arkeologia Museoarekin lankidetzan.
Gasteizko Gobernuak eta Arabako Foru Aldundiak adierazi dute «zorroztasunez, gardentasunez eta azkar» jokatu dutela. Ustezko faltsifikazioaren berri izan dutenean, Ertzaintzara jo dute. «Baieztatuko balitz, berri txarra izango litzateke, ez hainbeste faltsututako materialaren bolumenagatik, baizik eta Arabako ondare arkeologikoaren ospeari kalte egiteagatik», adierazi dute.
Hala ere, «praxi txarraren adibide berri honen aurrean», erakundeen nahia da herritarrei horren berri ematea, «ibilbide judizialetik harago, pedagogia egiteko balio dezan, arkeologia eta ondarea errespetatzearen garrantziaz jabetu daitezen».
Bi erakundeek gogorarazi nahi diete euskal herritarrei Araban balio handiko 3.000 aztarnategi arkeologiko baino gehiago daudela, eta faltsifikazioak, gaur egun, estatistikoki anekdotikoak direla.
Aztarnategiaren berezitasuna
Las Ermitas aztarnategi arkeologikoa erromatar berantiarreko aztarnategi berezia da Araban. Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kultura Ondarearen babesaren arloari aplikatutako ikerlanen deialdi bat du 2024 eta 2025 urteetarako. Deialdi horren barruan, EAEko landa inguruneetako eta/edo erromatar berantiarreko grafitoen azterketa egiten ari da.
Arkeologo taldea (Javier Niso eta Miguel Loza, ITERBIDE SC enpresakoak) landa inguruneetako aztarnategietako materialak aztertzen ari zen. «Metodologia aztarnategi bakoitzeko zeramika bilduma osoa biltzean zetzan, kutxa bakoitza zehatz mehatz aztertzeko, dauden grafitoak bilatu, argazkiak atera eta katalogatzeko. Lan hori egin ondoren, berriro gordetzen ziren. Material horren zati handi bat Arabako Foru Aldundiaren mendeko BIBAT Arabako Arkeologia Museoan gordeta dago», azaldu dute.
Astearte honetan publiko egindako prentsa oharraren arabera, Las Ermitas aztarnategiari buruzko materialaren zati bat Lurmen enpresak 2020an Iruña-Veleiako aztarnategian bertan zuen instalazioetan zegoen. «Material hori Arabako Arkeologia Museoan artxibatu zen eta hori guztia ez zen orain arte berrikusi, aurrez aipatutako ikerketaren esparruan», kontatu dute.
Arkeologo taldeak bi grafito aurkitu zituen joan den martxoaren 19an. «‘NERON’ eta ‘CESAR’ hitzak dira, erromatar zeramikazko bi piezaren gainean, eta egun giza manipulazioaren zantzu argiak dituzte. Grafiak ez dirudi zaharra eta letraren batek ebaki egiten zuen denborarekin itsatsitako lurra; eta, horrez gain, latinez, bi izenak ‘NERO’ eta ‘CAESAR’ idazten ziren, hurrenez hurren», esan dute.
Martxoaren 24an, beharrezko dokumentazioa bildu ondoren, Lakuako Gobernuak Ertzaintzari bidali zion informazioa.

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
