Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Ane Labakaren ‘Hezur berriak’, edertzat agertu izan den horren lokatzak agertzeko ahalegina

Bi haurdunaldiren kontakizuna bildu du Ane Labakak ‘Hezur berriak’ (Susa) poema liburuan. Begi bat pantailatik kanpora daukala idazten ikasi duenaren begirada aurkituko du irakurleak. Politikoa. Ama beste ezer ez izateko arriskuari aurre eginez hartutako determinazioaren emaitza da poemarioa.

Ane Labaka Donostian, ‘Hezur berriak’ poemarioa eskuan duela.
Ane Labaka Donostian, ‘Hezur berriak’ poemarioa eskuan duela. (Jon URBE | FOKU)

Ane Labaka Mayoz (Lasarte-Oria, 1992) ezaguna da euskal literaturaren plazan. ‘Algara mutilatuak’ (2021) eta ‘Erradikalak’ (2022) ditu idatziak aurretik. Haur eta gazte literaturaren esparruan ere hainbat lan kaleratu ditu. Lehen poesia liburua hartuta dator orain: ‘Hezur berriak’. Hirurek Susaren eskutik ikusi dute argia.  

‘Zorionak, idatzi zidan, jakin dut hezur berriak dauzkazula’. Esaldi hauxe du abiapuntu ‘Hezur berriak’ liburuak. Bi haurdunaldiren kontakizuna da: «Denbora haurdunaldika neurtzen badugu, lehena haurra sabelaren barruan nuenekoa da, bigarrenak erditu osteko lehen bederatzi hilabetez dihardu», azaldu du. Ama idazleei, ama lagunei, ama fakirrei eskaini die liburua Labakak.

‘Hezur berriak’ ez da amatasunari buruzko liburu bat, amatasunak markatutako bizi aro jakin batean idatzitako poema sorta baizik. Halaxe nabarmendu du Labakak astearte honetan egindako aurkezpenean.

Katixa Agirre, Remedios Zafra, Mar Garcia Puig, Jazmina Barrera, Adrienne Rich... idazle ugariren oihartzunak ekarri ditu ekitaldira Labakak. Aitorpen bat eginez hasi da. «Poemarioa ez litzateke existituko lagun batek haurdunaldiaren hasieran Jazmina Barreraren ‘Linea nigra’ gomendatu izan ez balit. Eguneroko modukoa da, Barreraren beraren haurdunaldia, erditzea, eta erditze ostea biltzen dituena. Fragmentarioa halabeharrez, zatika zatika eraikia. Honako kezka agertzen du autoreak liburuaren lehen orrietan: Noiz idatziko dut erditu ondoren? Ze ordutan?», kontatu du lasartearrak.

Eta aitorpenak bata bestearen atzetik etorri dira aurkezpenean. «Poz pozik nago mugikorrean apuntatutako ohar putzua liburu bihurtzeko aukera izan dudalako», batetik. «Poesia idaztera eseri da estreinakoz kontu praktikoek bultzatuta. Koiunturagatik, denbora faltagatik. Arnasa luzeagoko lanak alboratu behar ezinbestez», bestetik.

‘Así duermen los delfines’ haurren liburuan guraso berriek izurdeek bezalaxe begi bat irekita lo egiten dutela kontatzen dute Sofia eta Veronica Wiñazkik. «Nago orain badakidala zerbait begi bat pantailatik kanpora daukazula idazteaz ere», jarraitu du Labakak.

Pozak eta gozamenak, beldurrak eta erruak, itomenak eta entusiasmoak... denak du kabida liburuan. «Gaiari ertz askotatik begiratzen zaio. Idazlearen begirada gailentzen da, eman zaiona zalantzan jartzen, bide propioa egiten saiatzen, haurrarekin batera heldutako argi eta itzaletan nabigatzen», deskribatu du poemarioa Leire Lopez Ziluaga editoreak.

Gorputzak presentzia handia du liburuan. «Plazerari zein indarkeriari lotuta, indarkeria obstetrikoa ardatz duen poeman, esaterako. Gorputz hori ez da guztiz berea, ispiluan begiratu eta ez du bere burua ezagutzen. Umearekin konpartitu behar da. Baina gainera begiratu egiten dute, ustez egin behar zuena egiteagatik», Lopez Ziluagaren esanetan.

«Gorputza jartzeari buruzko poema bat dago liburuan. Horixe egin dut, gorputza jarri literarioki bezainbat literalki. Gorputza, bere haragi eta odol, bere nahi eta ezin», kontatu du Labakak.

Denborak ihes atzamar tarteetatik

Behin ama izanda, denborak atzamar tarteetatik nola ihes egiten zion ikusi zuen idazleak. «Denboraren pertzepzioa erabat aldatu zidan. Poema batean hala dio, munduaren kontrakarrean bizitzearen sentipena izan nuen, mundutik kanpo, beste erritmo batean, beste denbora lerro batean banengo bezala. Aldi berean kontenplaziorako aukera eskaini zidan, inguruari adi adi erreparatzekoa eta gordean zeudenak ageriago ikusteko».

Anbibalentziak blaitutako poemarioa da Labakak dakarrena. «Liburuko ahotsa bi putzuren artean dago etengabe. Haurdun geratu nahi du baina sustoa hartzen du baiezkoarekin ez zuelako hain goiz espero. Aldi berean du ihes egiteko bulkada eta umearenganako tiradizo fuertea. Distantzia behar du, espazio propio bat, baina lotura indartsu bat dauka umearekin. Eta galdera bat: nola egiten dute besteek? Izan garenaren eta izango garenaren arteko aldea dago liburuan, arauari aurre egiteko nahia eta horretarako zailtasunak. Nor bere espektatibekin ditugun talkak eta gizartearen espektatibekin ditugunak. Egin dezakegunaren mugak, noraino apurtu dezakegun gugandik espero den horrekin eta noraino erreproduzitzen dugun lehendik datorrena. Ze egonezin sortzen duen zugandik espero dena betetzen ari zarela pentsatzeak. Edo nola bihurtzen den aitaren edozein pausu txalogarri amarena ikusezin bihurtzen den bitartean», adierazi du editoreak.

Adrienne Rich-ek ‘Emakumearengandik jaioak’ lanean idatzitakoa ekarri du gogora Labakak. «Rich-ek dio XX. mendeko emakume gazte heziketadunei buruz ez dutela alferrik sentitu bata edo bestea aukeratu beharra. Amatasuna edo norbanakotasuna? Amatasuna edo sormena? Amatasuna edo libertatea? Nork ez du idazle ona izan nahi? Nork izan nahi du ama txarra? Richek dio emakumea sozialki kontrolatzeko modurik indartsuenetakoa dela errua, gutako inor ez hartatik libre».

Idazketa, nor bera izateko modu bat

Eta horren aurreko determinazio batetik jaiotakoa da poema sorta. «Ez errurik gabe, baina ‘Hezur berriak’ bada idazten jarraitzeko egoskorkeriaren emaitza ere. Ama bilakatzeak berarekin zekarren ama beste ezer ez izateko arriskua, kolpetik beste guztia ezabatzekoa. Horrexegatik izan daiteke idazketa nor bera izateko modu bat. Liburua idazketaren aldeko hautuaren berrespena da funtsean».

«Ahots poetikoak ez du ama huts bihurtu nahi, lehenago zen pertsona izaten jarraitu nahi du. Nor bere espazioa galtzeko beldur da. Izan den hori atzean geratzekoa. Horregatik lotzen da idazketara, bera baita nor beraren espaziora biltzeko bidea liburu honetan, liburua zeharkatzen duen gaietako bat bihurtzeraino. Idazteko zailtasuna eta beharra, norberarentzat denbora hartzeko zailtasuna...», azaldu du Lopez Ziluagak. 

Labakak «zintzo» jardun nahi izan du biolentziaz, erruaz, presio sozialaz, pozaz, nekeaz... «egiazko kontakizuna ontzeko, bene-benetakoa». Begirada politiko batetik. «Neure begiradatik papereratu nahi izan ditut egunero detaile konkretuak, detaile txikietatik konplexutasun zabalagoa harrapa nezakeelakoan».

«Ez dago ezer politagotu edo zikintzeko saiakerarik, gehiago da izatekotan edertzat agertu izan den horren lokatzak agertzeko ahalegina. Eta era berean, lohi horietatik ederra izan daitekeen zerbait sortzekoa. Ederra, baina lokatzezkoa», gaineratu du.

Liburuaren azala Aitane Goñi Landak egin du.