Demokratak ezinean dabiltzan bitartean, Sandersek milaka lagun dakartza mitinetara
Demokraten inguruan eta sektore aurrerakoietan haserrea pilatzen ari da, Donald Trump presidentearen gehiegikerien aurrean daukan jarrera epela dela-eta. Bitartean, sektore ezkertiarrenak, Bernie Sanders senataria eta Alexandria Ocasio-Cortez buru, milaka laguneko mitin jendetsuak ematen ari dira.

Donald Trumpen bigarren agintaldiaren ezaugarrietako bat, duela zortzi urte baino askoz muturrekoagoak diren neurriak hartzeaz gain, politikoki izan duen oposizio falta da. Sindikatuek eta gizarte zibileko erakundeek kalean eta auzitegietan egin diete aurre Etxe Zuriaren aginduei, eta epaile batek baino gehiagok ere Administrazio errepublikanoaren erabaki batzuk geldiarazi dituzte. Kalean, ikasleak, funtzionarioak, Armadako beteranoak eta Trumpen Exekutiboaren neurriek kaltetutako beste hainbat lagun irten dira protestan.
Gobernuari inork aurka egin behar badio, alabaina, oposizioa da, edozein herrialdetan. Hauteskundeen porrota gaizki irentsita, eta Trumpek egunero dakartzan neurri eta agindu masiboen aurrean, ordea, demokraten erantzuna ezin epelagoa izan da: adierazpenak, Washingtoneko protesta batzuetan agertzea, eta ezer gutxi gehiago. Hori aski ez, eta Kongresuan errepublikanoei aurre egiteko unean kikildu egin direla egozten diete alderdiko oinarriek. Estrategiarik ezin adostuta, oraindik ere jokoz kanpo dirudite demokratek, Trumpek agintea hartu zuenetik bi hilabete baino gehiago igarota, eta hauteskundeetatik ia bost hilabetera.
Asteon Washingtonera itzuli aurretik, hamar eguneko etena izan dute kongresukideek Kapitolioan, eta horietako askok ordezkari diren barrutietan ikusi dute zenbaterainokoa den jendearen haserrea. Ez demokratena soilik, ordezkari errepublikano askok ere beren herrietara joan town hall izena duten herri-biltzarrak egitera eta beraien boto-emaile askoren kritikak entzun behar izan dituzte, hasi arrautzen preziotik, segi beteranoen babesa murriztu duelako, eta langile federalen kaleratzeetan Trumpen jarraitzaile asko ere badaudelako.
Demokratei dagokienez, amorruaren jomugan nabarmenen dagoena Chuck Schumer Senatuko gutxiengo demokrataren burua da. Bere botoari esker (eta beste dozena erdi senatari demokratena), errepublikanoek inorekin negoziatu ere egin gabe idatzitako Gobernuaren finantziazioak aurrera egin zuen; besteak beste, milaka lanpostu federal deuseztatu eta oinarrizko zerbitzu sozialetan murrizketa handiak dakartzan aurrekontua da.
Errepublikanoek Ordezkarien Ganberan duten alde txikia ikusita, demokraten itxaropena zen bertan eroriko zela, kontserbadore tradizionalek ez zutelako onartuko Gobernuaren zorpetzea. Baina Trumpek oso estu hartu ditu Kongresuko errepublikano guztiak, eta badakite karrera politikoa dutela jokoan presidentearen esana bete ezean. Hala, denek baietz bozkatuta, Senatura iritsi zenean, demokratek bazuten Gobernuari aurka egitea. Testuinguru horretan, Schumer kikildu egin zen, eta baietz bozkatu zuen. Aitortzen du finantziazio-legea «erabat txarra» dela, «baina Gobernua ixtea 15 edo 20 aldiz okerragoa izango litzateke».
ATAKA
Izan ere, demokratek legea blokeatu balute, shutdown edo Gobernu-itxiera gertatuko zen; hau da, hiru milioi langile federal soldatarik gabe uzteko arriskua zegoen. Prezioa garestia da, eta historian ikusi izan da kaltetua ez dela beti Gobernua bera, tartean hori probokatu duen oposizioak ordaindu izan du herritarren haserrea. Beldur ziren, gainera, testuinguru honetan Elon Musk-en DOGE Efizientzia Sailak ez ote zuen baliatuko itxialdia are lanpostu gehiago ezabatzeko.
Erabakia ez zen erraza, baina botoak musu-truk ematea, eta bide batez demokratek negoziatzeko zeukaten karta bakanetakoa galtzea oso txarto hartu dute. Ezkerretik gogor kritikatu dute Schumer, baita ordezkari zentrista batzuek ere. «Nik ez dut ezer opari ematen musu-truk», esan zuen alderdiko figura boteretsuenetakoak, Nancy Pelosik. San Frantziskon egindako ekitaldi batean, Ordezkarien Ganberako presidente ohiak esan zuen Schumerrek errepublikanoekin «hirugarren bide bat» adosten saiatu behar zuela.
Trumpen gehiegikerien aurrean demokratek emandako erantzun epela metatuz joan da tantaz tanta, eta Schumerren erabakia izan da ontziak gainez eginarazi duena. Alderdi barruko haustura ere agerian utzi du: Schumerrekin batera baietz bozkatu zuen Pennsylvaniako senatari John Fetterman-ek errepublikanoen hurbileko urratsak egin dituen artean, beste askok oposizio zorrotza eskatzen dute.
«OLIGARKIA BORROKATU»
Washingtonen demokratak itxura negargarri hori ematen ari diren bitartean, alderdiko -eta alderdiz kanpoko- ezkerreko sektorea kalean mobilizatzen hasi da. “Oligarkia borrokatu” lelopean, Bernie Sanders senataria mitin jendetsuak ematen ari da asteotan. Azken egunotan, sektore aurrerakoi horretako aurpegirik ezagunenetakoa batu zaio: Alexandria Ocasio-Cortez (AOC) kongresukidea. Bien artean, esate baterako, 30.000 lagun elkartu zituzten Denverren ostiralean, eta beste 20.000 Tucsonen biharamunean. «Hau ez da errepublikanoei buruz bakarrik. Gure alde lana indartsuago egiten duen alderdi demokrata bat ere behar dugu», esan zuen New Yorkeko kongresukideak, «langile-klasearen alde borrokatzeko behar den ausardiarekin», entzuleen txalo eta oihuen artean.
Hasieratik oso kritikoa izan zen Ocasio-Cortez Schumer-ekin; «amorru handia dago, eta traizio sentipena. Eta ez da demokrata progresisten artean bakarrik, alderdi guztian da», salatu zuen kongresukide gazteak senatarien buruak errepublikanoen proposamena babestutakoan. Tentsio horrek zurrumurruak ere piztu ditu, AOCk Ordezkarien Ganberatik Senatura jauzi egiteko asmoa ote duen, Schumerren aulkia hartuta, biak New Yorkekoak izanik. Oraingoz, senatari beteranoak esan du ez doala inora. Hauteskunde hori 2028an izango da, eta denbora dago, Ocasio-Cortez presidentegai izan litezkeen figura berrien artean ere bai baitago.
Ro Khanna-k Kaliforniako ordezkari progresistak ere kritikatu du Schumer; «estatubatuarrak aspertuta daude guardia zaharrarekin, berritu behar da», esan zuen CNNn. «Silicon Valleyn, enpresa bat ez badabil ondo, ez diozu talde berari eusten. Eta uste dut herrialde honetan ere belaunaldi berri bat egongo dela».
Alderdiko barne-borrokez haratago, oinarri kritiko sendoa hauspotzen ari da Sanders duela hilabete Nebraskako Omahan hasi zuen tourrean. «Bost axola errepublikano kontserbadore edo progresista zaren, inork uste du zentzuzkoa dela kanpainan gizon batek, [Elon] Muskek, 270 milioi dolar jartzea Trump hautatzeko, eta ordaina izatea bera bihurtzea Gobernuko pertsona boteretsuena? Hori ez da demokrazia, oligarkia da»; Sandersek aitortu zuen luzaroan mintzatu dela oligarkiaz «gauza abstraktu bat bezala», eta ideia hori kargu-hartzean gorpuztu zela gogora ekarri zuen, munduko hiru pertsona aberatsenak Gobernuko kideak baino lerro bat aurrerago kokatu zituztenean. «Itsu egon behar da ez ulertzeko milioidunen klasearen Gobernu bat daukagula, milioidunen klasearentzat lanean. Baina badakit azken buruan %99 %1 baino askoz zenbaki handiagoa dela», esan zuen.
«Ez gara oligarkiaren edo autoritarismoaren aurka soilik borrokatuko. Ez dugu onartuko gizarte bat, zeinean soldata- eta ondasun-arrakala daukagun, aberatsak inoiz baino hobeto egonik eta langile familiak mahaian jana jartzeko ere ezinean borrokan», adierazi zuen. Sandersek milaka lagun biltzen ditu joaten den leku bakoitzean; batzuek diote 2016ko primarioen kanpainan baino are jendetza handiagoak biltzen ari dela.
Asko dira, gainera, demokratekin oso haserre daudenak, eta kaleko mobilizazio horretan senatari sozialista beteranoaren indarra eskertzen dutenak. 83 urterekin, ez da lehendakarigai izango gehiago, baina beste inork eman ez duen astinaldia ematen ari da demokraten artean.
Horretarako, Trumpen Administrazioa egurtzeaz batera, ohiko jarreretan itzuli kritikoa egin du Sandersek: aitortu du presidentea ondo egiten ari dela zerbait, eta Biden oker zebilela mugako lanean. «Fentaniloaren aurka egitea eta gure mugak indartzea» Trump ondo ari den bi adibide zirela esan zuen. «Inork ez du uste immigrazio ilegala ondo dagoela; sinesten dut immigrazioan erreforma bat behar dugula, baina ez muga legez kanpo igarota», gehitu zuen. Hori bai, argi utzi zuen deportazio masiboen aurka dagoela: «Paperik gabeko 20 milioi lagun kanporatu nahi ditu. Hori eginez gero, herrialdea suntsitzen duzu. Ez dut uste Trumpen lagun milioidunek jasoko dituztenik jaten ematen diguten Kaliforniako uztak. Ez dira ariko haragia ontziratzeko lantegietan».

La línea de alta tensión de Forestalia que cruza Zaragoza, Nafarroa y Araba se da por muerta

Fíjate bien la próxima vez que te montes

Los aranceles de Trump se vuelven contra las automovilísticas de EEUU

Bide laburrari agur ederra eman dio Chill Mafiak BECen
