NAIZ

Miritxako proiektu eolikoaren aurka alegazioak aurkeztu ditu Araba Bizirik plataformak

Makroproiektuen aurkako nazio mailako manifestaziotik egun batzuetara, Araba Bizirik-ek Miritxa izeneko proiektu eolikoaren aurkako ehunka alegazio aurkeztu ditu. Dioenez, Elgeako mendilerroaren «erabateko suntsipena» ekarriko luke.

Araba Bizirik plataformako kideak, aurkeztu dituzten alegazioekin.
Araba Bizirik plataformako kideak, aurkeztu dituzten alegazioekin. (ARABA BIZIRIK)

Arabako Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Barrundiako eta Gipuzkoako Leintz-Gatzagan udalen lurretan instalatu nahi den Miritxa izeneko parke eolikoaren aurkako ehunka alegazio aurkeztu ditu Araba Bizirik plataformak asteazken honetan, «lurraldea mehatxatzen duen makroproiektu berri baten aurka gaudela adierazteko».

Larunbatean Gasteizen proiektu hauen aurka Euskal Herria Bizirik-ek deitutako manifestaziotik egun batzuetara aurkeztu dituzte. Diotenez, 200 metroko altuerako sei aerosorgailu, azpiestazio elektriko bat, hamabi metroko goi-tentsioko linea bat eta zazpi metro baino gehiagoko zabalerako pista berriak instalatuko dituen proiektuak Elgeako mendilerroaren «erabateko suntsipena» eragingo luke.

«Proiektu berriak sortu ahala, eta egindako kapital inbertsioaren itzulkin ekonomikoaren zentzu bakarrarekin, proiektu horien eragin larria jasaten duten herri, mendi eta lurraldeetan, astakeria horren aurrean herriaren erantzun sendo eta azkarra sortu da eta sortuko da», adierazi dute.

Horrekin batera, azken urteotan «‘trantsizio energetikoa’ edo aurrerapen faltsua aitzakiatzat hartuta» aurkezten ari diren proiektuen aurka mobilizatzen eta alegazioak aurkezten jarraituko dutela argi utzi dute.

Gogorarazi dute azken urteotan 50.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dituztela. Makrozentral fotovoltaikoei 15.000 alegazio baino gehiago, zentral eolikoei 23.000 alegazio baino gehiago, abiadura handiko trenari 7.000 alegazio eta EAEko Lurralde Plan Sektorialari 5.000 alegazio baino gehiago.