NAIZ

Amaia Zubiriak euskal kulturari eginiko ekarpenak badu saria: Monzon-Ganuza

«Euskal musikaren historian ezinbesteko figura», Monzon-Ganuza saria jaso du ostegun honetan Amaia Zubiriak, Bergarako Udala eta Olaso Dorrea Fundazioaren eskutik. Nagore Amenabarroren artelana izan da aurtengo garaikurra.

Amaia Zubiria oholtzan, Gorka Artola (Bergarako alkatea) eta Irati Jimenez (Olaso Dorrea Fundazioa) begira dituela
Amaia Zubiria oholtzan, Gorka Artola (Bergarako alkatea) eta Irati Jimenez (Olaso Dorrea Fundazioa) begira dituela (Endika Portillo | Foku)

Libe Goñi, Xabier Amuriza, Jose Luis Elkoro, Mari Karmen Ayastuy eta Jose Mari Esparzari lekukoa hartu die ostegun honetan Amaia Zubiria abeslariak: Monzon-Ganuza saria eskuratu dutenen zerrenda handitzen doa honekin. Senide eta lagunak ondoan zituela, pozik eta eskertuta jaso du Zubiriak, Seminarixoa aretoan.

Bere ibilbidearen errepasoa egin du musikari usurbildarrak, ironia puntu batez eta batez ere esker onez. Eta txalo zaparrada jaso du bildutakoen partetik. Horretarako, urte hauetan idatzitako kantuak erabili ditu Zubiriak.

Guztiak koadernoetan gordeta ditu eta Bergararako bidea hartu aurretik etxean ahaztu dituela aitortu du. Bueltako bidea hartu behar izan du koadernoak jasotzeko. Lehenengo kantuetan, bizitzaren hastapenak komentatu ditu, lehenengo akatsak aipatuz.

«Banekien txikitatik ez nuela Jainkoarengan sinisten, baina nahi nuen», azaldu du. «Nik ez nituen aginduak betetzen, baina berak ere ez. Bere eskuetan bazegoan, zerbait erakutsiko zigun, baina ez zuen egin», kontatu du, haur garaietan azaroaren lehenengoan egiten zituzten lanak aipatu aurretik.

Aitaren aspaldiko usteak ere kontatu ditu Zubiriak. «Nire aitak uste zuen euskaldun guztiak pobreak ginela. ‘Ez dugu ezer izango baino hitza daukagu’, esaten zuen».

Bizitzan zehar pentsatzen, gauzei bueltak ematen... horrela aritu izan dela erantsi du. «Hautsi, galdu, ahaztu. Sinisten jarraitu», laburpen gisa.

Ekarpena

Olaso Dorrea Fundazioko presidente Irati Jimenez eta Bergarako alkate Gorka Artolak adierazi dute Zubiriaren ekarpena «euskal kulturarentzat aberasgarria» izan dela, eta saria «eskerrona eta miresmena adierazteko modu bat» dela.

Bergarako alkatearen aburuz, «Amaia Zubiriak euskal musikaren esparrua eraldatu eta aberastu du, emakume kantari baten ahotsa lehen lerrora eramanez eta doinu tradizionalak berrituz. Herri kantak, jazzaren ukitua, poesiaren indarra eta zinema musikarako ekarpenak uztartu ditu, bere ibilbidean beti berrikuntzaren eta sormenaren bidetik jorratuz. Haren bizitza eta ibilbidea euskal kulturaren eta musikaren aldeko konpromiso sakon baten adibide dira».

Olaso Dorrea Fundazioko lehendakariak, bere aldetik, Zubiriak eta bere belaunaldiko emakumeek eginiko lana goraipatu du: «Metalak bezain gogorra eta hauskorra den gure oskolean zirrikituak egin dituzuelako. Arrakala horietatik sartu den musikarekin herriaren bihotza poztu duzue, Amaia, eta horregatik bihotzez maite zaituzte herriak».

«Konpromiso sakona»

Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak aurtengo omendua jakinarazteko orduan nabarmendu zutenez, «Amaia Zubiria euskal musikaren historian ezinbesteko figura da. Bere ahots gardena eta interpretazio sentikorra ezagunak dira, eta Haizea taldearekin hasi eta bakarkako ibilbidean euskal musika tradizionala berritu du. Herri kantak, jazza, poesia eta zinema musika uztartuz, hainbat belaunaldiren erreferente bihurtu da. Gainera, emakume kantarien ahotsa lehen lerrora eramanez, euskal musika esparrua eraldatu eta aberastu du. Bere ibilbidean zehar, hainbat musikarirekin lankidetzan aritu da, eta hainbat disko argitaratu ditu, euskal musikaren esparruan mugarri bihurtu direnak».

Bere ekarpena ez dela bakarrik musika arlora mugatzen erantsi zuten, «baizik eta euskal kulturaren aldeko konpromiso sakon batean ere islatzen da. Zubiriak bere musikan poesiaren indarra azpimarratu du beti, hainbat euskal idazleren hitzak musikatu eta interpretatuz. Halaber, zinemarako egindako ekarpenak ere nabarmenak dira, hainbat film eta dokumentaletarako soinu banda eta musika sortu baititu. Horrek guztiak bere obra euskal kulturaren funtsezko zati bihurtu du».

Monzon-Ganuza sari honen bitartez, Zubiriaren lanari aitortza egiten zaio, eta bere konpromisoa, berrikuntza eta sormenaren bidea goraipatzen dira.

Sari honen beste ezaugarrietakoa da artista gazteen sormenak erabiltzen direla garaikur gisa. Aurtengoan Nagore Amenabarro izan da hautatua, eta, beraz, ‘Txorien kantuek bete dute paisaia motorra itzaltzerakoan’ izeneko lana jaso du Amaia Zubiriak. Akrilikoa eta koloretako arkatzak mihisean erabili ditu lan honetan Amenabarrok. Nagore Amenabarro Amezketan jaio zen 1986an eta Baionako Ecole Superieure d'Art Pays Basque ikastetxean irakaslea da 2013tik.