NAIZ
Arrasate

Sexu-indarkeriaren inguruan arreta integrala emateko zentroa zabaldu dute Arrasaten

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hariberria sexu-indarkeriari arreta integrala emateko zerbitzuaren zentro berria zabaldu du Arrasaten, informazioa, orientazioa, laguntza psikologikoa eta aholkularitza emateko. Aurretik hitzordua eskatu behar da. Gutxi barru beste bat irekiko dute Zaldibian.

Arrasateko Uribarri kaleko 5. zenbakian ireki dute Hariberria zentro berria.
Arrasateko Uribarri kaleko 5. zenbakian ireki dute Hariberria zentro berria. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Sexu-indarkeriaren aurrean informazioa, laguntza psikologikoa nahiz soziala eta emakumeen eskubideei eta aukerei buruzko aholkularitza emateko zentro berria ireki dute Arrasaten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hariberriak sarearen parte.

Ostegun honetan inauguratu du Aldundiak aurreikusitako hiru zerbitzuetatik bigarrena, Uribarri kaleko 5. zenbakian kokatuta dagoena. Espazio irisgarria dela esan dute, sexu-indarkeria motaren bat jasan duten edo pairatu dutela susmatzen duten emakumeei arreta espezializatua eskaintzeko diseinatuta dago.

Hala ere, Donostiako egoitza nagusiaren (Kale Berria, 10) funtzionamendu desberdina izango du, ez baitu 24 orduz aurrez aurreko arreta iraunkorra eskainiko duen langilerik izango bertan. Kasu honetan Sexu Indarkeriaren Arretarako Zerbitzuaren irizpide teknikoak emango dio hitzordua biktimari, instalaziora gerturatzeko.

Aldunditik ohartarazi dutenez, zerbitzuak «ingurune seguru eta konfidentzial batean» eskainiko dira, «hainbat beharretara egokitutako espazio batean, eta pertsona bakoitzaren erritmoak, erabakiak eta intimitatea errespetatuz». 16 urtetik gorako emakumeei zuzenduta dago, bai eta hauen senide eta gertukoei ere. Gainera, hainbat hizkuntzatan emango du arreta.

Halaber, nahi dutenek hariberria@gipuzkoa.eus helbide elektronikoa, 900 840 188 telefonoa eta 747 444 389 WhatsAppa dituzte eskura kontsultak egiteko edo informazioa eskatzeko.

Hirugarrena, Zaldibian

Gipuzkoako Foru Aldundiak hirugarren Hariberria zentroa zabaltzeko lanean jarraitzen du. Zentro honek Zaldibian izango du kokalekua, lurralde oreka ziurtatzeko. Arrasatekoaren zerbitzu bera eskainiko da bertan, Gipuzkoan sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta sare integral eta deszentralizatua sendotuz.

Inaugurazioan Eider Mendoza diputatu nagusiak ohartarazi du «premiazkoa» dela «berdintasunerantz aurrera egitea», «kolektiboki, diskurtso ukatzaileei» aurre eginez, «indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko». «Hariberria zerbitzuaren bidez, urrats sendo bat ematen dugu norabide horretan, indarkeria matxistari arreta emateko sarea indartuz, zerbitzu are pertsonalizatuagoa eskainiz, eta sexu-indarkeria matxistaren biktima izan daitezkeen emakumeentzat espazio seguru, hurbilago eta irisgarriagoa eskainiz», adierazi du.

350 kontsulta uztailetik

2024ko uztailetik Hariberria zerbitzuak 350 kontsultari eman dio erantzuna. Horietatik 147 donostiarrek egin dituzte, 168 gainerako gipuzkoarrek, 2 Estatu espainoleko beste toki batekoek egin dituzte, 3 Estatu espainoletik kanpokoek (Gipuzkoan erasoak jasan zituzten pertsonek) eta 30 zehaztu gabeko jatorrietakoak izan dira.

Laguntza eskatu zutenen profilari dagokionez, kontsulten erdiak, 175, norbanakoek egin zituzten; horietatik 137 zuzeneko biktimak ziren. Gainerako 175ak profesionalek egin zituzten.