
«Mugarri garrantzitsua, Hernanin ez ezik, beste herrietan ere jarraitu ahal izango den bidea». Halaxe definitu du Xabier Lertxundi alkateak Hernaniko Udalak eta Enherkom energia komunitateak egin berri duten lankidetza hitzarmena.
Hernanin egin dute agerraldia, eta bertan izan dira Xabier Lertxundi alkatea ez ezik, Ainara Atorrasagasti Ingurumen, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzia, Santi Ochoa de Eribe eta Alazne Arruti Goienerreko kideak eta Iñaki Marko eta Ane Remiro Enherkomeko presidente eta presidenteordeak.
Funtsean, Hernaniko Udalak bere titulartasuneko eraikinen estalkiak erabiltzeko kontzesio bat eman dio Enherkom energia komunitateari, 25 urtez eguzki instalazioak ezartzeko eta kudeatzeko. Lertxundik garrantzi handia eman dio hitzarmenari, eta irabazi asmorik gabeko Hernaniko energia komunitate batekin egiteari. Izan ere, gogoratu du Hernaniko Udalak erabiliko duela instalazio horietan erabiliko den energia, baina soberakinak herritarrei emango zaizkiela. «Justizia soziala ere egiten ari gara hitzarmen honekin», adierazi du.
Legediak eskatzen duena betetzeko modu bat da hitzarmena, 2030erako Hernaniko Udalak bere energia kontsumoaren %32 bermatu behar du hurbileko instalazio berriztagarrien bidez.
Energia autokontsumo maila horretara iristeko –gaur egun %11koa da, eta, beraz, legeak ezarritako helburua iristeko hirukoiztu egin beharko litzateke– biderik egokiena zein den azaltzeko lan bat eskatu zion Udalak Goienerri duela hilabete batzuk.
Hamahiru kokalekutan plakak
Goienerrek azterketa ekonomiko bat egin zuen, herriko hamahiru udal kokalekutan plakak jartzea aurreikusita. Hori egiteko modu ezberdinak aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen aukerarik onuragarriena lankidetza publiko-komunitarioa litzatekeela. Hori udal teknikariekin eta Udaleko kontu hartzailearekin kontrastatu eta «sakontasun eta zorroztasun» handiko lan bat izan dela gogorarazi du Santi Ochoa de Eribek. Udal teknikariei eta kontu hartzaileari eskerrak eman dizkie Goienerrek, eta ziurtatu du Hernanin sinatu berri dena, lankidetza publiko-komunitarioan oinarritutako eredu hori, «mugarri bat» dela beste herrietarako ere.
Hitzarmen hau guztiz bat dator Hernaniko Udalaren helburuekin, Ainara Atorrasagasti Ingurumen zinegotziak azaldu duenez: «Hernaniko Udalak herri jasangarri baten aldeko apustua egiten du, gizarte ongizatea eta ingurumenaren babesa uztartuko dituen eredu baten bidez. Jasangarritasuna hainbat esparrutan txertatzea ezinbestekoa da: energia, zaintza, bioaniztasuna, mugikortasuna, elikadura burujabetza eta ekonomia soziala, besteak beste. Hona ekartzen dugun lanketa honen helburu nagusia herritarrei zuzendutako energia sistema jasangarri eta burujabe bat garatzea da, trantsizio ekologikoa eta autokontsumoa sustatuz».
25 urterako kontzesioa
Atorrasagastik aipatu ditu zein diren hitzartutakoaren eduki nagusiak. Batetik, itunaren bidez, Hernaniko Udalak bere titulartasuneko eraikinen estalkiak erabiltzeko kontzesio bat ematen dio Enherkom energia komunitateari, eguzki instalazioak ezartzeko, mantentzeko eta ustiatzeko. Energia komunitateak bi fasetan jarriko ditu martxan instalazio fotovoltaikoak, 2025 eta 2027tik aurrera. Guztira hamahiru teilatutan jarriko dituzte plakak, eta, modu eraginkor batean ustiatu ahal izango da hor sortuko den energia: Udalak kontsumituko du sortzen denaren %80, baina herritarrei emango zaie gainontzeko guztia, eta hori Enherkomen kudeaketari esker egin ahal izango dela ziurtatu du Atorrasagastik. Bestela, soberakin hori galdu egingo baitzen.
Iñaki Marko Enherkomeko presidenteak adierazi du akordioak abantaila aipagarriak dituela kooperatibarentzat. Hernaniko Udalari zerbitzu bat emateaz gain –Udala ere Enherkom kooperatibako kidea dela nabarmendu du–, sortutako energia gaitasuna handitzea ahalbidetzen du, eta horren zati bat, Udalaz gain, gainerako bazkideen artean banatuko dela, gogoraraziz edozein pertsonak, familia, negozio edo enpresak erraz lor dezakeela izaera hori. «Gaur egun, Enherkomek hiru instalazio ditu amaituta edo abian, eta 300 bazkide inguru. Gaur hizpide dugun hitzarmen honi esker, jauzi kuantitatibo eta kualitatibo bat egin ahal izango dugu, bazkide kopuru handiagoa hartzeko dugun gaitasuna handituz.
Horren bidez, autokontsumo kolektiboa eta partekatua sustatzea da helburua, Hernanin energia trantsizioa bideratu eta herritarren parte hartzea bultzatuz».
Udalak 25 urterako kontzesio bat eman dio Enherkomi plakak ustiatzeko, eta 75 urterako luzagarria izan daiteke. Bestetik, herritarren parte hartzea sustatzeko informazio kanpainak egitea hartu du bere gain Udalak, eta, azkenik, urtero ekarpen ekonomiko bat egitea Enherkomi: 3,24 milioi euro 2049. urtera arte.
Bestalde, Enherkomek ere hainbat betebehar jaso ditu bere gain itunaren bidez: instalazio fotovoltaikoen inbertsioa eta mantentzea bere gain hartzea; energia berriztagarrien komunitateari eta herritarrei sarbidea bermatzea; sortutako energiaren %80 Udalaren autokontsumorako uztea, eta gainerakoa komunitate energetikorako erabiltzea; eta udalaren aurrean urtero txosten bat aurkeztea.
Jarraipen eta kontrol mekanismoak
Hitzarmena behar den bezala funtzionatzen ari dela eta bere helburuak betetzen ari dela ziurtatzeko, jarraipen eta kontrol mekanismoak ere ezarri dituzte hitzarmen honen bidez: alde batetik, jarraipen batzorde bat sortuko da, eta bertan udaleko eta Enherkomeko ordezkariek parte hartuko dute; bestetik, Udalak ikuskaritza ahalmena izango du emakidaren erabilera egokia dela bermatzeko; azkenik, Udalak emakida berreskuratzeko aukera izango du, interes publikoko arrazoiengatik.
Bi aldeek oso ondo baloratu dute hitzartutakoa. Atorrasagastiren esanetan, «hitzarmen hau estrategikoa da energia autokontsumo kolektiboaren eta energia trantsizio jasangarriaren alde». Izan ere, esplikatu duenez, Udalak energia azpiegitura berriztagarriak ezartzeko konpromisoa hartu du, baina ez edozein modutara, baizik eta herritarren parte hartzea bultzatuz eta energia komunitateak sustatuz.
Markok eskerrak eman dizkio Hernaniko Udalari hartutako konpromisoagatik: udal Gobernuari, eta baita udalbatzari esker, martxoaren 25eko osoko bilkuran babes zabala eman baitzion itunari. EH Bilduk ez ezik, EAJk eta Elkarrekin Podemosek ere hitzarmenaren aldeko botoa eman zuten; PSE abstenitu egin zen.

Bide laburrari agur ederra eman dio Chill Mafiak BECen

Franco, «perplejo» en su regreso para celebrar el 75 aniversario de la Txantrea
.jpg)
Fallece una joven de 15 años y otra persona de 21 resulta herida en un accidente en Getaria

Gazte Asanblada de Burlata anuncia un acuerdo con el Ayuntamiento para el nuevo Gaztetxe
