NAIZ

Abenduaren 27an euskarari «arnasa berri bat emateko» ekitaldia egingo du Kontseiluak Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak «larrialdi linguistikoa» atzean utzi eta ‘Pizkundea’ sustatzeko ekimena burutuko du abenduaren 27an Bilbon. Bilbao Arena euskaltzalez bete nahi dute, mobilizazio multzo baten abiapuntua izaki, lehen urratsa sendo emateko.

Euskalgintzaren Konntseiluak Urteko Batzar Nagusia egin du Iruñean.
Euskalgintzaren Konntseiluak Urteko Batzar Nagusia egin du Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskara eta euskal hiztun komunitatea «larrialdi linguistikoan» daudela eta, ekitaldia egingo du Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon, abenduaren 27an. Horrela, urtean zehar deituta dituzten gainontzeko hitzorduei beste bat batu die Kontseiluak. Izan ere, apirilean, euskararentzat justizia eta justizia euskaraz aldarrikatuko dute Baionako kaleetan; maiatzean Euskaraldia egingo dute, «euskararen erabilera aktibatzeko ariketa sozial handiena» eta, abenduan, Durangoko Azokak 60 urte beteko ditu. Kontseiluak gaur egin du Urteko Batzar Nagusia eta bertan eman dute deialdiaren berri.

Azken hamarkadetan euskararen biziberritzean egindako urratsak «uka ezinak» direla aitortu badute ere, uste dute «susperraldi ziklo hori agortzen ari denaren zantzuak nabariak» direla, datu soziolinguistikoei erreparatuz gero. Kontseiluaren aburuz, «asko dira kezkatzeko gertakari eta datuak», hala nola, ezagutza erlatiboaren apaltzea Ipar Euskal Herrian, Nafarroan euskaraz ikasteko dauden oztopoak eta erabileraren beherakada orokorra. Halaber, azpimarra egin nahi izan dute «euskararen normalizazioa xede duten politikak eraisten ari den» oldarraldi judizialean.

Hori dena salatzeko azaroan «larrialdi linguistikoan» gaudela adierazi zuen Kontseiluak eta auzia agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea aldarrikatu zuen. Horrela, erakundeei zein eragile sozial eta politikoei dei egin zieten euskararen auzia, euskararen normalizazio eta biziberritzea agenda politikoaren lehen lerrora ekartzeko, lehentasunetan jartzeko, egiturazko arazoei erreparatzeko. Bestetik, herritarrak gonbidatu zituzten euskararen normalizazio eta biziberritzeak behar duen arnasa berri horren kide eta bultzatzaile izatera.

Ildo horri jarraiki eman dute gaur abenduko ekimenaren berri. Hilaren 27an milaka euskaltzale batu nahi dituzte Bilbon, Bilbao Arenan, egingo duten ekitaldian. Ekitaldia ‘Pizkunde’-rako bidean etorriko diren beste mobilizazio batzuen abiapuntu izango dela adierazi dute eta lehen urrats hori sendo emateko deia luzatu diote euskal jendarteari.