NAIZ
Donostia

Alderdi politikoei hizkuntza eskubideak bermatzeko «zoru juridiko» berri bat galdegin die LABek

Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat kolektibotako LABeko ordezkariek elkarretaratzea egin dute ostiral goiz honetan Donostian. Botere judizialak hizkuntza politikaren «joko arauak» aldatu dituztela eta euskal hiztunen eskubideak urratzen direla salatu dute.

Gipuzkoako Aldundiko langileekin elkarretaratzea egin du LABek ostiral honetan Donostian.
Gipuzkoako Aldundiko langileekin elkarretaratzea egin du LABek ostiral honetan Donostian. (LAB)

Gipuzkoako Aldundiko hainbat kolektibotako LABeko ordezkariek agerraldia egin dute ostiral goiz honetan Donostiako auzitegien aurrean, «euskararen arloan indarraldira pasatzeko unea» iritsi dela aldarrikatzeko. Epaitegietatik iristen ari den euskararen aurkako oldarraldiak herritar denei eragiten diela salatu dute, eta euskararen normalizazio prozesuan atzerapausorik ez dutela onartuko aldarrikatu. Alderdi politikoei euskal hiztunen eskubideak bermatzeko «zoru juridiko» berri bat eskatu diete.

Salatu dute beste behin ere euskara eta euskaraz bizi eta lan egin nahi duen komunitatea dela «galtzaile» atera dena. «Marko juridikoaren betebehar nagusia normalizatu nahi den hizkuntza minorizatuaren aurkako erasoak ekiditea da», azaldu dute, baina jarraian gaineratu dute oldarraldi juridikoek «guztiz kontrakoa» erakutsi dutela: «EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian bezalaxe, marko juridikoa euskararen normalizazio prozesua erasotzeko bitarteko bihurtu dute».

Egun indarrean dagoen marko juridikoa ez da aski aurrera eman beharreko «salto kualitatiborako» eta behar soziolinguistikoak asetzeko LABen iritziz. Gipuzkoako Foru Aldundian 100 lanpostu publikotarako euskararen eskakizuna baliogabetu duen sententzia gogoratu dute, eta gaineratu horren ondorioz, Aldundiak beste bi prozesu ere geldiarazi dituela: «Hemen elkartu garenok ozen diogu Aldundian euskaraz lan egin ahal izateko aurrerapausoak eman behar ditugula oraindik, baita euskaraz zerbitzu guztiak eman ahal izateko ere».

«Non dago Justizia herri honetan?» galdegin eta justizia «injustua» dela salatu dute. «Orain agintean dauden alderdi politikoak ere, EAJ eta PSE, CCOOren laguntzaz, atzera egiten hasi dira. Bizkaiko Foru Aldundiak hizkuntza eskakizunen maila erdira murriztu du», ohartarazi dute.

Botere judizialen eragina

Botere judizialak hizkuntza politikaren joko arauak aldatu dituela salatu dute, «eta orain aldundietan agintean dauden indar politikoek men egin diote, atzo bidezkoa zena gaur ilegaltzat onartuz eta hamarkadetako adostasuna hautsiz».

Administrazioko langile publiko izateko bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar direla adierazi du LABek eta hori gauzatzeko «euskal herritarron adostasun zabala» badagoela azaldu du, baita gehiengo sindikalaren babesa eta lege bidez gauzatzeko gehiengo politikoa ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Batetik, langileak eta euskal jendartea aktibatu behar direla nabarmendu dute, euskararen eta euskaldunen kontrako eraso hau gelditzeko erantzun zabal bat bermatzeko. Eta bestetik, alderdi politikoei egin die dei: «Herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen zoru juridiko berri bat eman behar diote euskarari».