NAIZ

Bertsolarientzat babes kutxa jarriko du abian Bertsozale Elkarteak

«Administrazio publikoak baditu mekanismoak soldatapeko langileen ezintasun puntual edota behin-behinekoen aurrean erantzuteko. Kultur sortzaileen kasuan, ez», azaldu du Bertsozale Elkarteak. Bertsolarientzat eta gai jartzaileentzat sortutako babes kutxak egoera horri erantzun nahi dio.

Udane Mugerza eta Unai Iturriaga.
Udane Mugerza eta Unai Iturriaga. (BERTSOZALE ELKARTEA)

Lanarteak 2025eko urtarrilean argitaratutako Euskal Artisten Lan eta Baldintzen I. Inkesta kuantitatiboaren emaitzek «oihartzun bezain beste dardara» eragin zuten Bertsozale Elkartearen esanetan. «Jakina baina isilpekoa denari bozgorailua jartzean gertatu ohi da. Euskal sortzaileen egoera prekarioa dela gordinki erakusten dute datuek», diote.

«Kultur eremuan dagoen prekarietateaz jakitun gara, eta guk gure eremuan eragiteko aukera eta beharra ikusi dugu, eta horri heldu diogu», azaldu du Udane Mugerza Salegi Bertsozale Elkarteko sustapen eragileak eta gaineratu du: «Bertsozale Elkartearen eginbeharra da bertsolarien, gai-jartzaileen, eta, oro har, sortzaileen lan baldintzak duintzea eta babestea. Sortzez ere halaxe izan zen eta urteak dihardu eginahal horretan». Guzti horretan bidelagun izan dute Lanartea.

«Kezka eta ardura»

Bide berriak urratzeko nahia eta ardura begi onez ikusten ditu Unai Iturriaga bertsolariak: «Momentu honetan bertsogintzaren parte garrantzitsua gara jardunean gabiltzan bertsolariak. Bertsozale Elkarteak guganako kezka izatea eta proposamenak egiteko ardura hartzea ondo ikusten dut».

Sortzaileek lan egiten dutenean egoera prekarioa dute, baina are okerragoa da lanik egiten ez dutenean. Mugerzak argi du saio kopurutik harago eragin behar dela: «Sustapenaz ari garenean, ez gara soilik sustapen kuantitatiboaz ari, baita sustapen kualitatiboaz ere; ahalik eta saio gehien antolatu baino, nola eta nolako saioak antolatzen dira? Ze baldintzatan? Horri ere erreparatu nahi diogu; badagokigu eremu horretan ere eragitea. Eta hor kokatzen dugu Babes Kutxa». Argi du: «oraindik asko dago egiteko».

Iturriagak azpimarra jarri du baldintza horiek oinarrizko eskubide beharko luketenaren ideian: «Babes Kutxarekin ari gara hitz egiten edozein langilek izan ditzakeen arazoez: gaixotasunak, zaintzak… Langile baten kasuan ez dira sindikatuaren bizkar geratzen, beste bide batetik ziurtatuta ditu eskubideok eta ez dira zalantzan jartzen».

Premia hauek ere soldatapeko langileek dituzten bideetatik estali beharko lituzketela uste du, baina, hala ez denez, Bertsozale Elkarteak erantzun izana ondo ikusten du, besteak beste «martxan jartzeak berak hutsunea bistaratzen duelako».

Bertsolariek, hainbat arrazoi medio, horrelakoak eskatzeko eta onartzeko zailtasunak izaten dituzte Iturriagaren esanetan. Izan nolabaiteko independentzia eduki nahi dutelako, lanera gaixorik joatearena barneratua dutelako… Horri erantzunez eta kudeaketa errazte aldera, zuzenean eskatu gabe emango da babes prestazio hau. Iturriagak autokritika ere egiten du: «Nik uste dut gure burua teorikoki ez ezik, praktikoki langile moduan ikusteko ezinbestekoak direla halako elementuak. Gure buruari ere galdera hori egitera eramaten baikaitu: baldintza horietan joan behar al dut?».

Lanku eta Bertsozale Elkartearen bidez lotutako saioetan jarriko da martxan Babes Kutxa. Neurriak ez lioke errealitate osoari erantzungo, Lankuren eta Elkartearen bidez antolatutako saioak plazaren %35 baitira. «Nik uste dut berri ona dela hori martxan jartzea: bai praktikoki izan dezakeen ekarpenagatik, baina baita arazoa bistaratzeagatik ere», esan du Iturriagak.