NAIZ

Kutxa Fundazioak aurre egin dio Kutxabankeko presidenteak esandakoari: «Euskara ez da oztopo»

Kritika ugari jaso du Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak euskararen aurka adierazitakoaren ondoren, baina orain etxetik bertatik heldu zaio erantzuna. Posizioa hartu du Kutxa Fundazioak: «Hizkuntza aniztasuna aberastasun iturri da beti», helarazi dio.

Anton Arriola, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Arantxa Tapia Lakuako sailburu oiharekin Kutxabankeko ekitaldi batean.
Anton Arriola, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Arantxa Tapia Lakuako sailburu oiharekin Kutxabankeko ekitaldi batean. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Kutxa Banku Fundazioko patronoek, Kutxabankeko presidente den Anton Arriolak egindako adierazpenen aurreko erantzun garbia eman du ostiral honetan: «Adierazpen horiek ez dute inola ere Kutxa Fundazioaren eta Kutxa Banku Fundazioaren pentsamoldea islatzen. Hizkuntza-aniztasuna beti da aberastasun-iturri, nekez izan daiteke oztopo», nabarmendu du prentsa-ohar batean.

Orain arte ELA eta LAB sindikatuek edota EH Bilduk gaitzetsi dituzte Arriolak duela astebete esandakoak, baina orain Kutxa Fundazioak ere aurrepausoa eman du. Bitartean, zenbait esparrutik atzera egitea eskatu zaio Kutxabankeko presidenteari baina honek errefusatu du aukera.

Kutxa Fundazioak eransten duenez, «gogoan izan behar dugu 1992an sinatu zela Estrasburgon, Europako Kontseiluak bultzatuta, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutuna, Europako erregio-hizkuntzak eta hizkuntza gutxituak babestu eta sustatu nahi dituena. Euskarari dagokionez, D ereduak gora egin du urtez urte. Baina, horrekin batera, 2023ko abenduan onartu zen Hezkuntza Legeak, hezkuntza eleaniztuna eta kulturartekoa du helburu. ‘Euskal hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen da, eta bi hizkuntza ofizialen bidez eta atzerriko hizkuntza baten bidez, gutxienez, antolatzen da’ dio Lege horrek. Nazioarteko programetan parte hartzen dute gure ikasleek, atzerrira lanera doazen tituludunek argi erakusten dute unibertsitate-ikasketak amaitzerako, lortzen dutela behar duten gaitasuna hirugarren hizkuntza batean ere; kasu gehienetan, ingelesez».

«Bestalde –aipatu du Fundazioak–, euskara ez da oztopo izan, esaterako, Ikerbasque programak 17 urteko ibilbidean erakarri dituen ikertzaileak ―373 gaur egun― Euskadira etor daitezen, batzuek aldi baterako, biena beste batzuek gure artean geratzeko». Arriolak eginiko aipamen nahasiari zuzenki erantzun diote honekin.

«Gure unibertsitateetan zein goi mailako ikerketa-zentroetan dihardute Espainian, Ingalaterran, Alemanian, Polonian, Estatu Batuetan, Errusian, Indian, edo Ukrainan sortu eta munduan zeharreko ikerketa-zentroetan aritu ondoren, gure artean lan egitea erabaki duten hainbat ikertzailek», ekarri du gogora Fundazioak.