
Albaola Itsas Kultur Faktoriak beste urrats bat eman du ‘San Juan’ baleontzi transozeanikoaren erreplikaren eraikuntzan. Adierazi dutenez, egunotan abiatu dute txukabonbaren eraikuntza eta datozen egunetan prozesua zuzenean jarraitzeko aukera ere zabaldu dute, datozen bi larunbatetan, martxoak 29 eta apirilak 5, eta baita maiatzaren 14ra arteko asteazkenetan ere, Albaolak Pasaian duen egoitzan.
Azaldu dutenez, bonba hau funtsezko elementua da itsas zabaleko itsasontziaren segurtasunerako eta eraginkortasunerako, eta Albaola Itsas Kultur Faktorian «fideltasun osoz» erreplikatuko da, Red Bayko (Kanada) saskarrean aurkitutako jatorrizko bonbaren analisitik lortutako ezagutzan oinarrituta. «Eraikuntza prozesu honek, XVI. mendeko nabigazioan funtsezkoa zen xukatze-sistema berreskuratuko du, eta garaiko itsas teknologiari buruzko testigantza zientifiko baliotsua emango digu», ziurtatu dute.
‘San Juan’-aren txukabonba XVI. mendeko itsas teknologiari buruz dagoen ebidentzia fisiko bakarrenetakoa dela ere nabarmendu dute. «Garaiko xukatze-sistemen deskribapen zehatzik gordetzen ez denez, pieza hau funtsezko erreferentzia bihurtu da uneko itsas ingeniaritzaren alderdi hori ezagutzeko. Sistema honek iragazketen ondorioz kroskoan sar zitekeen ura ateratzea zuen helburu», azaldu dute.
Albaolak eraikitzen dituen erreplika guztietan garaiko materialak, teknikak eta prozedurak erabiltzen dira eta, pieza honen eraikuntzarako, 7 metroko luzera duen pago-enbor bat zulatu behar da luzetara, 12 cm-ko diametroa duen zulo batekin. Hori lortzeko, koilarazko barautsez hornitutako barrena bat diseinatu eta eraiki da, XVI. mendean erabiltzen zirenen antzekoak.
«Bonba honen eraikuntzarekin, garai hartan itsasontziak nola eraikitzen eta mantentzen ziren ulertzeaz gain, itsas historia berreskuratzeko urpeko arkeologiak duen funtsezko papera indartzen du», jarri dute balioan.
Txukabonba fabrikatzeko Albaolak makina espezifiko bat diseinatu duela ere azaldu dute, ‘Marques de la Victoria’-ren albumetik ateratako informazioan oinarrituta. Eraikuntza erabat eskuz egin da, luzetara enborrak zulatzeko berariaz diseinatutako sistema bat erabiliz. Bonba egiteko erabilitako pagoa Estatu frantseseko Pirinioetatik dator. Gainera, prozesu honetan erabilitako barautsak, jendearen aurrean, Faktoriako sutegian forjatzen ari dira, San Juanerako funtsezkoak diren burdinazko beste elementu batzuekin batera, hala nola bernoak, iltzeak eta kadenoteak.

Bide laburrari agur ederra eman dio Chill Mafiak BECen

Franco, «perplejo» en su regreso para celebrar el 75 aniversario de la Txantrea
.jpg)
Fallece una joven de 15 años y otra persona de 21 resulta herida en un accidente en Getaria

Gazte Asanblada de Burlata anuncia un acuerdo con el Ayuntamiento para el nuevo Gaztetxe
