NAIZ
KHARTUM

Sudango Armadak Khartum hiriburuaren gaineko kontrola berreskuratu du

Sudango Armadako buruak, Abdel Fattah al-Burhane jeneralak, Khartum «askatutzat» jo du, bere tropek hiriburua paramilitarren eskuetatik kentzeko erasoaldi baten ondoren. Garaipen estrategikoa da, baina, adituen ustez, oraindik ez da amaitu Armadaren eta Indar Paramilitarren (RSF) arteko gerra.

Armadako burua, Al-Burhane, ukabila altxatuta, bere soldaduez inguraturik.
Armadako burua, Al-Burhane, ukabila altxatuta, bere soldaduez inguraturik. (EUROPA PRESS)

Abdel Fattah al-Burhane jenerala, Sudango buruzagia, presidentearen hegazkinean iritsi zen Khartumgo Nazioarteko Aireportura, duela bi urte RSF paramilitarren indarrek kontrolpean hartu zutenetik egin duen lehen hegaldian. Aireontzitik jaitsi eta lurra musukatu ondoren, Presidentearen Jauregira abiatu zen, ukabila altxatuta, “Allah handia da” oihukatzen zuten soldaduez inguraturik.

Bertatik hiriburua «askatutzat» jo zuen. «Dena amaitu da», adierazi zuen telebistan egindako agerraldian.

Mohamed Hamdane Daglo jeneralaren agindupean dauden RSF (Laguntza Azkarreko Indarretako) paramilitarrek kolpe handia jaso duten arren, 2023ko apirilean piztu zen gerra amaitzetik urrun dagoela diote analistek.

Armadak Sudango ekialdea eta iparraldea kontrolatzen ditu. Paramilitarrek Hegoaldeko Sudanekin muga egiten duen Kordofanen posizioak eta ia Darfurko eskualde osoa (mendebaldea) kontrolatzen dute, eta aliantza berri bat sortuko dutela iragarri dute.

Asteartean, duela bi urte gerra hasi zenetik izandako eraso odoltsuenetarikoa egotzi diote Armadari. Lekukoen arabera, gutxienez 270 hildako izan dira Torako merkatu batean, Ipar Darfurren.

GARAIPEN ESTRATEGIKOA

Nilo Urdinaren eta Nilo Zuriaren arteko elkargunean dauden hiru populazio handik osatutako konurbazio bat da Khartumgo eremua: Omdurman, Nilo Zuriaren mendebaldeko ertzean; Ipar Khartum, Nilo Urdinaren iparraldeko eta ekialdeko ertzetan, eta Khartum hiria bera, Nilo Urdinaren hegoaldean eta Nilo Zuriaren ekialdean dagoena.

Duela urtebete hasi zuen erasoaldian apurka-apurka aurrera egin du Armadak. Al Jazeera estatua bereganatu ostean, hegoalderantz abiatu zen, Khartumerantz.

Urte hasieran Omdurman kontrolpean hartu zuen. Aurreko hilean Ipar Khartum bereganatu zuen, eta RSFko paramilitarrak hiriburuan gotortu ziren, Sudango erdialdean zuten eremu bakarra mantentzeko. Alferrikakoa izan da, Emirerrien laguntza izan badute ere.

Khartum «aske» bada ere, guztiz suntsituta dago 2023ko apirilean hasi zen bi urteko gerraz gero. Eta Sudango herrialde osoaren suntsipenaren isla besterik ez da.

Nazio Batuen arabera, Sudan planetako krisi humanitariorik larrienaren agertoki bihurtu zuen, osasun eta hezkuntza sistema erabat ahulduta geratu baitira.