NAIZ

Sutea piztu da Zornotzako etxebizitza batean eta lau pertsona ebakuatu dituzte

Zornotzako Luis Urrengoetxea kaleko etxebizitza batean sutea piztu da eta suhiltzaileek hainbat bizilaguni bertatik ateratzen lagundu diete. Zazpi pertsonari eragin die suteak eta haietako lau anbulantzian ebakuatu behar izan dituzte ospitalera, kea arnastu baitute.

Eraikina hesiturik geratu da, erortzeko arriskua dela eta.
Eraikina hesiturik geratu da, erortzeko arriskua dela eta. (NAIZ)

Sutea piztu da Zornotzako etxebizitza batean gaur goizean eta zazpi pertsona artatu behar izan dituzte osasun zerbitzuek; haietako lau anbulantzian ebakuatu dituzte ospitalera, kea arnasteagatik. Suhiltzaileen hainbat ibilgailu 10.00ak aldera bertaratu dira, Zornotzako Luis Urrengoetxea kaleko etxebizitza bateko leihotik kea ateratzen ari zela eta abisua helarazi dietenean.

Lehen solairuan gertatu da sutea eta zazpi pertsonari eragin die, ‘Hilero’ herriko hedabideak sare sozialen bidez jakitera eman duenez. Haietako lau eraman ditu anbulantziak, ospitalean kea arnasteagatik artatu zitzaten. Etxebizitzan zeuden hainbat bizilagun suhiltzaileen laguntzaz atera dira bertatik eta hainbat orduz sutea jazo den tokian lanean jarraitu dute larrialdi zerbitzuek. Beraz, ibilgailuentzat itxita egon da Luis Urrengoetxea kalea denbora luzez, eta oinezkoentzako ere zati bat itxita egon da, suhiltzaileak lanean egon diren artean.

Luis Urrengoetxea kaleko 7. zenbakia da sutea gertatu den eraikina, garai batean ‘Ziztada gune askea’ hartu zuen bera, eta errefuxiatuei aterpe emateko ere erabili izan dena. Larrialdi zerbitzuen hipotesi nagusia da sutea etxebizitza bateko sukaldean piztu izana.

Eremua guztiz itxita gelditu da eta ez dago eraikinera hurbiltzeko, goitik behera erortzeko arriskua sumatzen dutelako.