Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Tapakia’ hitzik gabeko albuma plazaratu du Maite Gurrutxagak, bizikidetzaren ikurra

‘Bazen behin gure auzoan uste txarrez josia bizi zen norbait...’ hasiera salbu, ez du hitzik Maite Gurrutxaga Otamendiren ‘Tapakia’ albumak (Erein). Irudiak irakurriz, istorio bat deskubrituko dugu, geruzaka, geuk erabakiz non gelditu. Horretarako, pertsonaiaz, keinuz, detailez josia dago liburua.

Maite Gurrutxaga Otamendi, bere album berria aurkezten.
Maite Gurrutxaga Otamendi, bere album berria aurkezten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Hitzik gabeko albuma. Besteenganako errespetuaren metafora, bizikidetzaren ikurra». Halaxe deskribatu du Maite Gurrutxaga Otamendik berak bere azken lana, ‘Tapakia’, Erein argitaletxearekin kaleratua.

Kontatu duenez, duela zenbait urte Arrate Rodriguezekin batera Mexikoko Guadalajarara joan zen, Liburu Azokara, eta bidaia hartan sortu zitzaion liburu hau egiteko txinparta. «Han geundela herrialdean barna bidaiatu genuen; Oaxacara joan ginen. Banekien mantel bat eta oherako tapaki bat ekarri nahi nituela, eta Oaxacan topatu nuen tapaki hura. Maletarik gabe joan nintzen eta nahiko komeria eman zizkidan manta hura hartzeak».

«Artisau lan hau erosi dut, badaramakit etxera, apainduko du, kolorez beteko du, ze zorte, gogoraraziko dit bidaia hori...», gogoetatuz hasi zen zerbait egiteko ideiari bueltaka. Izan ere, ilustratzaile amezketarrarentzat brodatutako gauza bat bezala da bidaiatzea, tapakia betetzen doa abenturekin.

Sagu etxe batean

Sagu auzo batean sagu bat bizi da petral samarra; tapaki zuri bat du, hala mantendu nahi duela uste du, baina halako batean iruditu zaio bizilagunen umeek puskatu diotela eta kexaka joan da. Hor hasten da istorioa. Ez du askoz gehiago kontatu nahi, badelako norberak egiteko bide bat.

Tapakia kulturartekotasunaren metafora da. «Sagu honek uste du dena ordena bat dela, gauzek modu batera izan behar dutela, eta berak ikasiko du azkenean».

Washarekin egina

‘Tapakia’ nola sortu duen galdetu dio Inazio Mujika Iraola Ereineko editoreak. Ilustratzaileak erantzun du analogikoan lan egiten duela, paperak, pinturak eta arkatzak direla bere erreminta, horrela pasatzen duelako ondo. Baita teknologiekin baino hobeto moldatzen delako ere. Album hau ere lan fisikoa izan da: paperarekin eta pinturekin egina dago, wash teknikarekin.

Arkatzarekin azkar egindako marrazkiak dira, gero landuak. Apunte edo bozetoen itxura dute.

«Sekuntzia bat agertzen da etxe baten barruan. Plantilla bat egin nuen, eta han mugitzen dira pertsonaiak. Paperetan kalkatu eta erabili dut, saguak aparte marraztuta eta haiek ere paperera pasata. Denbora asko ematen dut, baina gustura», agertu du bere lan egiteko eraz.

Tintak eta akuarelak oso gustuko ditu, eta azken erosketetako bat plumillak izan dira. «Uste dut pandemiaren eraginez behar izan nuela kolore indartsuagoak erabiltzea; akuarelak kargatzen nituen eta azkenean washera pasatu nintzen. Nola beti dagoen zer ikasi eta ez naizenez guztiz abila teknika batean ere, beti badut zeri buelta eman», aipatu du.

Kolorea ere narratiboa da eta liburu honetan kolore ugari dago.

Denbora eta hausnarketa

2008tik hona haur, gazte eta helduentzako liburuak ilustratu ditu Gurrutxagak, eta beste euskarri batzuk ere bai: kartelak, agendak, prentsa eta aldizkariak, kartak, app-ak eta muralak.

Bere lanak aitorpen garrantzitsuak jaso ditu, besteren artean 2014ko Euskadi Saria Literatura Obraren Ilustrazioan, ‘Habiak’ Dejabu panpin laborategiarekin egindako komikiarengatik; Lazarillo Album Ilustratu Saria Alaine Agirrerekin batera sortutako ‘Martin’ lanarengatik, 2015ean; eta 2023an, Mikel Gurrutxaga anaiarekin batera Miguel Calatayud Villa de Aspe Album Ilustratu saria, ‘Lo mucho que tengo’ obrarengatik.

Gidoia zein ilustrazioa, osorik berak egindako lehen lana ‘Klak’ izan zen (Elkar, 2022). ‘Tapakia’ bigarrena da.

«Zurea denez eta zuk eraikitzen duzunez, badakizu ez dagoela inor zain, denbora eta hausnarketa ematen diozu», adierazi du. «Anaiarekin lan egiten dudanean ere lasai hartzen dut eta prozesuak luzeak izaten dira».

Irudiak irakurriz

Isidro Ferrer ilustratzaileak dio ilustratzea lerro artean dagoena kontatzea dela. Amezketakoa bat dator: «Aurkitu behar duzu zeozer, eta ekarpen txiki hori egin zure irakurketatik emateko eta irakurtzen jarraitzeko. Oreka lan bat da».

Animaliak agertzen dira ‘Tapakia’-n. «Nire haurrari keinu bat da. Niri gustatzen zaizkidanarekin liburu ilustratu horiek animaliekin, basoekin, enbor barruan bizi diren saguekin, nire haurrari hori eman nahi nion. Bestetik, gaira gerturatzeko beste modu bat da».

Hitzik ez badu ere irakurtzeko da, irudiak leitzeko dira. Hortik ‘Bazen behin...’ hasiera, gonbidapen gisa.

Oroitzen da haurra zela nola hurbiltzen zen liburuetara: batzuetan nahi zuen laguntzea, besteetan bakarrik aritzen zen. Album hau txikia da eta ume batek eskuetan erraz erabili dezake. Saiatzen naiz bisitatzeko gogoa ematen duten liburuak egiten, ez behin, baizik bitan, hirutan, lautan... «Askotan joaten ginen liburu berdinera, eta oso argi nuen intentzio hori», esan du.

«Asko gustatzen zait irakurtzen ari dela irakurleak atzera egitea; atzera eta aurrera. Iruditzen zait asmoa lortu dudala». Albumak kanpotik forma bat du, irekitzean apaisatu egiten da. Horrela ere gelditzera eta irakurtzera gonbidatzen gaitu.