NAIZ

Bihotzak uzkurtuta, omenaldi sentitua Labritetik 27 urterekin zendu zen Naroa Elizalderi

Iruñeko Labriten omenaldi xume bezain hunkigarria egin dute larunbat honetan, Naroa Elizalde Etxekolonea pilotariari agur esateko. Iragan otsailaren 26an zendu zen zubietarra, 27 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.

Ados pilota elkarteko kideek agurra dantzatu diete Naroa Elizalderen gurasoei.
Ados pilota elkarteko kideek agurra dantzatu diete Naroa Elizalderen gurasoei. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Emozioek gainezka egin dute larunbat honetan Iruñeko Labrit pilotalekuan. Oskoz-Agirrek eta Iturriaga-Mendiburuk jokatu duten Adosen binakakoaren finalaren ondotik –lehenak izan dira garaile–, omenaldi hunkigarria eskaini baitiote otsailean zendu zen Naroa Elizalde Etxekolonea zubietarrari. 27 urterekin hil zen, gaixotasun baten ondorioz, Ados Pilota elkartearen sortzaileetako bat izan zena.

Elizaldek hainbeste maite zuen dantza presente egon da omenaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Han izan dira gurasoak eta ahizpa, senide eta lagunez inguratuta, pilotari gazteari agur sentitua emateko. Loreak, Naroaren txikitako argazki bat eta bestelako opari batzuk eman dizkiete Elizalderen gertukoei, oroigarri gisa. Ados Pilota elkarteko kideek agurra dantzatu diete.

Zubietarra izanik, joaldunek ez dute hutsik egin nahi izan eta Naroak berak hainbeste maite zuen dantza ere presente egonda. Eskuak elkar lotuta dantzan ibili dira Labriten elkartutakoak.

Elizalderen lagun joaldunak, Labriten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Txikitatik pilotaren mundura lotuta

Elizalde txikitan hasi zen pilotan jokatzen, 6-7 urterekin, bere herriko plazan, baina 12-13 urterekin utzi egin behar izan zuen, garai hartan beste neskarik ez zelako aritzen eta ez zegoelako haientzat txapelketarik. Hala ere, Gasteizen ikasten zuen bitartean, astean zehar entrenatzen jarraitu zuen. 17-18 urterekin ekin zion berriro pilotan jokatzeari, Emakume Master Cup txapelketan parte hartuta.

Txaloak Labriteko harmailetatik. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zubietarra 2021ean Ados Pilotako sortzaileetako bat izan zen, Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirrerekin batera; emakume pilotarien lehen talde profesionala izan zen. Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako hamahiru emakume biltzen zituen hasiera hartan.

Azken urteetan elkarte horrek antolatutako txapelketeta aritu zen Elizalde, gaixo jarri zen arte.

2019. urtean elkarrizketa eskaini zion Iruindarra Telebistari eta gizon eta emakume pilotarien artean dauden desberdintasunen inguruan mintzatu zen.

Emakumeentzat urteen poderioz egoera hobetu zela zioen orduan, baina hala ere oraindik gizonekin aldeak «nabarmenak» zirela. Hala, gizonak pilotatik bizi ahal diren bitartean, emakumeen kasuan «ofizioa baino gehiago afizioa» zela esaten zuen, eta pilotaz gain «beste lanbide bat izan beharko» luketela.

Emakumeen artean pilota sustatzeko maila ezberdinetako txapelketan antolatzeko beharra ikusten zuen Elizaldek. Telebistan ere emakumeen pilota partidu asko ez zirela emititzen kexu zen elkarrizketa hartan. «Neska asko daude partida asko jokatzen dituztela, maila onean ere bai, eta horietara ez dira etortzen ez telebista ez beste komunikabideak», zioen.

Etorkizunari begira, hala ere, baikor mintzatu zen eta emakumeen pilota «gero eta indartsuago» izango zela aurreikusten zuen. «Lana egin beharko da, hori bai», onartuta.