NAIZ

Eguzki eklipse partzialak ikusmina eragin du Euskal Herrian

Ipar hemisferioan ikusi ahal izan den eguzki eklipse partzialak gurean ere arreta bereganatu du. Donostian eta Iruñean, adibidez, hura jarraitzeko ekitaldiak antolatu dira.

Eguzki eklipse partziala, Bartzelonatik ikusia.
Eguzki eklipse partziala, Bartzelonatik ikusia. (Lorena SOPENA | EUROPA PRESS)

aZientzialari eta zientziazaleez gain, herritar ugari jarri dira zeruari begira larunbat honetan, ipar hemisferioan ikusi ahal izan den eguzki eklipse partziala jarraitzeko. Euskal Herrian ere antolatu dira ekitaldiak ilargia Lurraren eta Eguzkiaren parean nola jartzen zen behatzeko.

Goizeko 11.00etarako minutu batzuk falta zirela hasi da gurean eta 12.40 aldera bukatu da. Leku askotan hodeiek ezinezko egin dute eklipsea jarraitzea, baina beste askotan, aldiz, fenomeno honekin gozatu ahal izan dute.

Aranzadik antolatutako ekitaldiak 300 lagun inguru elkartu ditu Zorroagan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aranzadi Zientzia Elkarteak Zorroagan (Donostia) antolatu du eklipsea jarraitzeko hitzordua –300 pertsona inguru elkartu dira– eta Iruñeko Planetarioaren aurrean ere jarri dira zerura begira, Nafarroako Astronomia Elkarteak eta Astronavarra sareak deitua.

Datozen urteotan beste eklipse batzuk ere ikusiko dira. Bereziki nabarmentzekoa izango da 2026ko abuztuaren 12koa, hura eguzki eklipse osoa izango baita. Euskal Herritik, fenomenoaren zatirik handiena behatu ahal izango da, eta astronomoak dagoeneko ari dira prestaketa lanetan.

Nafarroako Astronomia Elkarteak eta Astronavarra sareak Iruñeko Planetario inguruan antolatutako behaketa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Halako eklipseen behaketak hainbat babes neurri hartzea eskatzen du, eguzkiaren argi bizia zuzenean begiratzeak begietako lesio larriak eragin baititzake. Horregatik, funtsezkoa da betaurreko egokiak erabiltzea, ondo kontserbatuta eta inolako akatsik gabe.

Astronomoek ohartarazi dute babesik gabe edo tresna desegokiekin egindako behaketak kalte iraunkorrak sor ditzakeela ikusmenean.

Hala, larunbat honetako eklipse partzialarekin gozatu dutenek zein arrazoi bat edo bestearengatik ikusi ezin izan duten zale zein adituek badituzte antzerako fenomenoekin beste hitzordu batzuk.