NAIZ

Grebaren zortzigarren eta bederatzigarren egunari ekingo diote irakasleek, kanpaldia barne

Negoziaketa saio berririk izan ez dela eta, grebaren txanda berri bati ekingo diote hezkuntza publikoko irakasleek astearte eta asteazken honetan. Zortzigarren eta bederatzigarren eguna izango dira. Manifestazioez gain, Lakuaren aurrean kanpaldia abiatu dute astelehen arratsaldean.

Hezkuntzako irakasleen mobilizazioa, martxoaren 26an Donostian.
Hezkuntzako irakasleen mobilizazioa, martxoaren 26an Donostian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aurreko astearen hasierako negoziazio saioak porrot egin ostean, hiru greba egun burutu zituzten irakasleek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bi gehiago dituzte deituak aste honetan: asteartean eta asteazkenean hain zuzen ere. Horrekin zortzi egunetara helduko da gisa honetako protesta, eta aurrerapenik ez bada baliteke dinamika gogortzea, LABek aurreratu duenez.

Oraingo honetan, lanuzteekin batera ez dira soilik manifestazioak egingo, kanpaldi baterako deia ere egina da. Lakuako egoitzaren aurrean abiatu dute astelehen honetan.

Steilasek, ELAk, LABek eta CCOOk astelehen honetan jakinarazi dutenez, «pasa den astelehenetik Hezkuntza Sailak ez du proposamen berririk egin, ezta mahai negoziatzailerik deitu ere. Grebalarion aldarrikapenei erantzunik eman gabe, grebak deskonbokatzea beste asmorik ez du agertu».

«Beraz, irakasleen lan baldintzak hobetu eta Hezkuntza Publikoa indartzeko, apirilaren 1erako eta 2rako deitutako grebekin aurrera jarraituko dugu», berretsi dute. Manifestaldiak Gasteizen, Bilbon eta Donostian egingo dituzte asteartean, 11.30ean, eta Arabako hiriburuan asteazkenean, hau ere 11.30ean, Europa Jauregitik abiatuta eta Lakuara heltzeko asmoz.

Aurretik, Begoña Pedrosa buru duen Sailak onartu du negoziaketarik ez dela une honetan. Zehazki, protesta bertan behera utzi ez izana «deitoratu» egin du: «Honek negoziazio mahaiari berriro ekitea eta gure hezkuntza sistema hobetuko duen akordio baten bilaketan aurrera egitea eragozten du», argudiatu du.

Bilkura teknikoa ere bertan behera

Aurreko greba txanda hastear zela, zortzi orduz bildurik egon ziren bi aldeak pasa den astelehenean, goizeko 2.30ak arte, baina ez zen akordiorik lortu.

Sailak zehaztu duenez, astelehen honetan bertan «bilera teknikoa» egiteko asmoa zuten, baina «foro horren edukia negoziazio mahai nagusian lantzen ari diren gaien multzoaren parte delako» bertan behera gelditu da, «greba egutegiaren jarraitutasunak baldintzatuta».

«Proposamen zehatzetan aurrera egiteko, konfiantza eta egonkortasun esparru bat behar da, elkarrizketa eta adostasunen bilaketa bultzatzeko, eta ikasleen ongizatea eta sistemaren kalitatea erdigunean jartzeko –adierazi du Sailak–. Ildo horretatik, Hezkuntza Sailak adostasuna eta elkarrizketa lortu nahi dituela berretsi du eta berriz ere sindikatuei eskatu die elkarrizketa lehenesteko greba deialdiaren aurretik, eta beste astebetez ikasleak eta haien familiak ez daitezen izan kaltetuak».

LABek bereziki salagarritzat jo du erabaki hau. Prentsa ohar batean baloratu duenez, «nahiz eta ostiraleko prentsa agerraldian astelehenean mahaira itzultzeko deialdia egin, Hezkuntza Sailak aurreko astean eta gaurko egunean negoziatzeko aukera eten du. Hori gutxi balitz, akordio berri baterako proposamenik bidali gabe, grebak bertan behera uzteko eskaria luzatu die sindikatuei, gaur goizean bidalitako korreo baten bitartez». LABek «akordio arautzailea (lan hitzarmena) negoziatzeko idatzizko proposamena bidaltzeko» eskatu dio Hezkuntza Sailari.

«Gauzak horrela, irakasleak indartsu dauden honetan, datozen bi egunetan, kaleak betetzeko deia» biderkatu du. «Era berean, negoziazioek aurrera egiten ez badute, hirugarren greba ziklo baterako deialdia landuko du LABek, aurrekoak baino indartsuagoa izango dena».

Irakasleen kanpaldia

‘Lan hitzarmen duina orain!’ lelopean, kanpaldia bat abiatu du irakasle talde batek Gasteizen Lakuako Gobernua pareko belazean 19.30etatik aurrera. «Jaurlaritza parera etorri gara Pedrosa sailbururari sindikatuekin eser dadila eskatzeko. Bere ardura da negoziatzera esertzea eta akordio batera iristea. Lan hitzarmen duin bat nahi dugu», adierazi dute, eta ohartarazi dute greban eta mobilizazioekin jarraituko dutela «eseri eta akordio bat lortu arte gehiengo sindikalarekin».

Besteak beste, eskatu dute lan zama arintzeko neurriak, gazteberritze plana, eros ahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortzea, ordezkoen lan baldintza hobetzea eta lan Osasuna, euskara, berdintasun planak garatzeko baliabideak.