NAIZ

Juan Gorritik ere ekarpena egingo dio Maite Zaitut jaialdiari

Juan Gorriti eskultore eta margolariak ere parte hartuko du datorren maiatzaren 3an Barakaldoko BECen izango den Maite Zaitut festan. Arribeko sortzaileak bere lan bat eman dio dohaintzan herri omenaldia antolatzen ari den taldeari. Maiatzaren 3an ikusi ahal izango da Gorritiren ekarpena Barakaldon.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

Aspaldiko lagunak dira Juan Gorriti eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoak. Aspaldi txirikordatu ziren baten eta besteen bideak eta geroztik elkarren ondoan ibili dira. Datorren maiatzaren 3an herri omenaldi koloretsua eta sentitua jasoko dute pailazoek Barakaldoko BECen eta Juan Gorritik ere bere partea jarri nahi izan du. Bere lengoaian esango die pailazoei zenbat maite dituen; egun horretan ikusi eta gozatu ahal izango den lan baten bitartez.

Bihotza, burua, eskua. Sentitu, pentsatu, ekin! Beren lelo ezagunena –geroztik askorena bihurtu dena– Juan Gorritiri ikasi zioten pailazoek. Bere etxera, Arribeko Batzarrera, bisitan joandako Zarauzko ikastolako haur batek galdetu zion Gorritiri nola egiten zuen lan, nola egiten zuen eskultura bat. Orduan kontatu zuen nola lehendabizi sentitu egiten duen; nola ondoren buruarekin jaten duen, bere aitonak esaten zuen bezala; eta nola eskuak erreminta hutsa diren, lan egiteko tresna. Pailazoek berehala sentitu zuten beren lan egiteko modua horixe bera zela. Eta bere egin zuten leloa.

Juan Gorritik bere kolorea jarriko dio pailazoen omenaldiari. Ikorkotx

Batzarreko etxeko leihotik begira zegoela ikusi zuen Gorritik pailazoen furgoneta eta zuriegia iruditu zitzaion. «Horixe, horixe, horixe pintatu behar dut nik». Esan eta egin. Haurra zenean errepideak margotzen zituen eta pentsatu zuen pailazoen furgoneta pintatzen bazuen, milaka kilometro ibiliko zela hango eta hemengo errepideetan. Dotore asko dabil orain Panpoxa, pailazoen furgoneta, Euskal Herrian barna. Lotuta daude Gorriti eta pailazoak, elkarri korapilatuta. Eta maiatzaren 3ko festa ere margotuko du Juan Gorritik.