Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gaua Lakuan igaro ostean, kalera atera dira irakasleak zortzigarren greba egunean

Zenbait irakaslek kanpaldia egin dute bart Lakuaren aurrean. Astearte honetan, zortzigarren greba egunean, deitzaileen arabera, grebak %75ko jarraipena izan du. Manifestazio bana egin dute Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Asteazkenean azken eguna dute eta Gasteizen mobilizatuko dira.

Bilbon egindako manifestazioa.
Bilbon egindako manifestazioa. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan grebara deitutako hezkuntza publikoko irakasleen %75ek babestu du greba zortzigarren eguna, astearte honetan, sindikatuek emandako datuen arabera. Hezkuntza Sailaren arabera, jarraipena %48koa izan da. Astelehenean 40 irakasle inguruk kanpaldia abiatu zuten Lakuaren aurrean, eta mobilizaziora batu dira eguerdi honetan, baina arratsalde partean berriz kanpin dendak jarriko dituzte Gobernuaren egoitzaren parean.

Eguerdian manifestazioak egin dituzte Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Arabako hiriburukoa abiatu aurretik, Mikel Irisarri Zabalgana Eskolako irakaslearekin hitz egin du NAIZek. Lakuan egindako kanpaldian gaua pasatu du, «giro oso politean» eta horrelako mobilizazioen garrantzia nabarmendu du. Sindikatuetatik aparte antolatutako ekimena da.

«Gure babesa eman nahi diegu sindikatuei baina azkenean gu gara lanean jo eta fuego gaudenok, eta horrelako egoerarekin nazkatuta gaude ezin diegulako gure ikasleei behar duten hezkuntza eman», azaldu du. Ekimenak indartzeko beharraz mintzatu da. «Ezin gara bakarrik manifestazioetara paseotxoa ematera etorri», gaineratu du Irisarrik.

Astearte arratsaldean ehun bat irakasle bildu zirela esan du, eta bigarren gau batez kanpaldia errepikatzeko asmoa dutela argi adierazi du. Gainera, jende gehiago elkartzea espero dute, adierazi duenez: «Gero eta jende gehiago animatuko da, gero eta talde handiagoa izango gara eta hor jarraituko dugu».

«Xantaia» Lakuatik

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako azkenaurreko greba eguna den honetan, «jarraipen zabala izaten jarraitzen» duela azpimarratu du Steilas sindikatuak ohar batean. Esan duenez, «milaka langile ari dira elkartzen» mobilizazioetan eta «nahikoa dela salatzen ari dira behin eta berriz kaleetan eta egoera aldatu ezean bere horretan mantenduko dira».

Steilaseko Txiki Estivarizek Gasteizko manifestazioan azaldu duenez, Lakuako Hezkuntza Sailak «xantaia» egin die eskolak «normaltasunera» iristearen baldintza jarri duelako mahai gainean negoziaketarako. Estivarizek adierazi duenez, baina, «normaltasun horrek eraman gaitu kaleak betetzera» eta «kezkatuta» daude.

Horrela, kanpaldia bezalako «ahalik eta ekimen gehien egitera» animatu ditu grebalariak eta Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrekoari babesa adierazi dio bere sindikatutik, «egiten diren ekimen guztiak ongi etorriak dira» eta.

LABeko Gontzal Moratallak, bestalde, Hezkuntza Sailaren jarrera «guztiz salagarria eta arduragabea» dela deitoratu du. Horrekin, «behingoz negoziatzen» hasteko eskaera zabaldu dio Begoña Pedrosaren Sailari «hezikidetzaren, euskararen eta euskalduntzearen» mesedetan. Lakuak «zerbait mahai gainean» jarriko ez balu, «gure horretan» jarraitzeko asmoa nabarmendu du.

«Jarraipen masiboa» asteazkenerako

Horrekin ados agertu da ELAko Urdax Bañuelos eta greba egunak amaituta hurrengo pausoak zeintzuk izango diren erabakitzeko «biharko jarraipen masiboa Sailak nola hartzen duen ikusi beharko da». Azaldu duenez, «ditugun datuen arabera» asteazkenean 11.30ean Gasteizko Europa Jauregitik Lakuara abiatuko den manifestazioarekin «jende pilo bat egongo da bihar kaleetan».

Aurrerapausorik egon ezean greba mugagabe bat deitzeko aukeraz galdetuta, «sindikatuen artean eztabaidatzeko beharraz aritu zaie hedabideei, baina, argi utzi duenez, «egoera honetan hurrengo pausoak zehazterakoan ikusiko dugu zer egingo dugun baina kaleetan jarraituko dugu».