
Pixkaka bada ere, Laura Neumeierren izena indarra hartzen ari da. Estilo ezberdinetan ondo moldatzen da, baina azkenaldiotan horietako batzuetan, hormatzarretan zein tradizionalean, aurrerapen azpimarragarriak egiten ari da.
Duela pare bat aste, adibidez, trad estiloaren aldeko apustu sendoa egin zuen. Burser Platten (Austria) dagoen ‘Psychogramm’ helburu izan zuen, eta alemanari onartu behar zaio bide gogor zein arriskutsu horretan oso eraginkorra izan dela. Zazpi eguneko saialditan izar horren laugarren igoera egin zuen. Hori gutxi ez, eta talde esklusibo horretan ekarpena egin du. Hori diogu Neumeier izan delako bide hori igo duen lehen emakumezkoa.
Oso eskalatzaile gutxi egin dira marra horrekin. Zailtasunean gogorra da, baina, trad estilokoa denez, arriskuaren arloak indar handia hartzen du. ‘Psychogramm’ kateatu duten guztiek iritzi bera dute: «Bidearen sekzio batean azken segurua (fisurero txiki bat) oso urruti geratzen da. Tarte horretan eroriko batek ondorio larriak izan ditzake».
Ibilbidearen mugimendu eta sekuentzia guztiak menderatu ostean, Neumeier pronto zegoen behin betiko ekinaldiari ekiteko. Argi zuen azken horretan igotzen ari zen bitartean seguruak jarriko zituela. Bere sare sozialetan onartu du ‘Psychogramm’-ek asko eskatu diola: «Izenak denak esaten du. Teknikoki gogorra da, baina batez ere buruari asko eskatzen dio. Babesteko jartzen den tresneria oso txikia da, eta horrek ez dizu segurtasun sendorik ematen. Banekien bide horrek aura berezia duela: beldurgarria da! Ziur aski eite horregatik oso eskalatzaile gutxi ausartu dira».
Eta horietako bat eskalatzaile alemana izan da. Joan den urtarrilean lehen bisita egin zuen. Nahiz eta hotz handia egin zion, mugimenduak ikasten buru belarri jarri zen: «Bidearen giltzan, adibidez, metodo bat aurkitu nuen. Pozarren nengoen lortutako aurrerapenarekin. Oso motibatuta nengoenez, otsailean itzuli nintzen. Tenperatura epelagoa zen, eta eguzkiak egun osoa argitzen zuen pareta. Itzalean saialdiren bat edo beste egin nituen, baina sekzio zail horretan ez nuen ia arrakastarik izan. Erregeletak oso txikiak dira, eta oinak jartzeko lekuak ere nahiko txarrak. Hortaz gain, zeure burua babesteko toki gutxi daude. Zalantza ugari sortu ziren: merezi ote zuen arrisku handi hori hartzeak?».
«Oso zehatza»
Zalantza horiek oso azkar uxatu zituen. Apustu sendoa zenez, gero eta ekinaldi gehiago egiteko prest zegoen. Aurrerapen horien artean laugarren eguna aipatu behar da. Egun horretan bidea kateatu zuen, baina top rope-an edo soka gainetik zuela. Seigarrenean, berriz, soka gainean zuela ere, bidea erorikorik gabe egin zuen baina seguruak jartzen. Horrek motibazioa eman zion behin betiko ekinaldia egiteko.
‘Psychogramm’ oso eskura zuen; soilik «lasaitasuna» behar zuen soka gerrira lotu eta lurretik eskalatzen hasteko. Hots, benetako estiloan. Bezperan, gainera, Jacopo Larcher italiarrak argazki batzuk erakutsi zizkion; hain zuzen ere, bide hori egin zuen egunekoa. Eta egun horretan erabilitako tresneria ere utzi zion.
D eguna iritsi zenean, eskalatzaile alemana helburura hurbildu zen. Soka finkotik igo eta tresneria jartzeko kokaguneak aztertu zituen: «Jacopo eta Calum Muskett ondoan nituen. Nire eskalada aseguratzeko prest ziren, eta babes bikaina eman zidaten. Behin betiko igoera horretan, jakina, sokaburu joan nintzen. Bi soka erabili nituen; izan ere, eroriko larri bat saihestu nahi nuen. Bidearen giltzan erabat estutu nuen. Oso zehatza izateaz gain, tresneria jartzen oso eraginkorra izan nintzen. Sekzio gogor hori atzean utzi eta azken segurua oso urruti nuen. Tarte luze horrek beldur pixka bat eragin zidan; dar-dar egin nuen! Baina ez nuen etsi. Aurrera jarraitu eta katera erorikorik gabe heldu nintzen. Onartu behar dut eskarmentu itzela izan dela! Trad estiloan egin dudan bide zailena eta arriskutsuena izan da. Pozarren nago estilo horretan egiten ari naizen aurrerapenekin».

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón

El papa Francisco recomendó el libro ‘Miñan’ de Amets Arzallus e Ibrahima Balde

Los aranceles de Trump amenazan con dejar a EEUU sin navidades

Aritz Otxandiano denuncia un ataque contra su vivienda: «Se han sobrepasado todos los límites»
