
Euskara bezalako hizkuntzek erronka bat dute: onarpen edo legitimitate sozialarekin sustatzea gizarte demokratiko batean. Eta legitimitate hori etengabe berritzea. Hala azaldu dute Xabier Erize soziolinguistak eta Carlos Vilches soziologoak. Onarpen sozialaren gako bat jendarte zabalean erresonantziak lortzea dela deritzote.
Hortaz, Eusko Ikaskuntzak bultzatuta eta Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak babestuta, ikerketa bat egin dute Nafarroako jendartean onarpen soziala lortzen duten eta lortzen ez duten euskararen sustapenari buruzko elementu diskurtsiboak identifikatu eta aztertzeko.
Astearte honetan Iruñeko Kondestable Jauregian egindako aurkezpenean agertu dutenez, hipotesia izan da badaudela hainbat elementu diskurtsibo Nafarroako sektore zabal eta ezberdinen artean onarpena lor dezaketenak eta euskara hauspotzeko aukera ematen dutenak.
Ikerketa berezia eta aitzindaria
Vilchesek adierazi duen bezala, diskurtso aldakorren garaian bizi gara, populismoak emozioak manipulatzen dituen sasoian. Horregatik, garrantzitsua izan da azterketa kualitatibo batetik abiatzea, diskurtsoak ulertzeko eta sakonago iristeko. Fase honetan, jendeari euskararen inguruan aske solastatzeko bidea eman diote, galdera ireki bat luzatuz: ‘Zer da zuen ustez Nafarroako identitatea, zer da nafarra izatea?’. Hortik aitzinera, dena parte-hartzaileek erran dute.
Bederatzi talde osatu dituzte, profil soziodemografiko guztietakoak eta Nafarroa osoan: Baztan-Bortziriak, etorkinak, Iruñerria (hiru talde), Larraun-Lekunberri, Lizarra, Tafalla eta Tutera.
Horietan jasotakoarekin igaro dira fase kuantitatibora. Bertan, 903 elkarrizketa egin dituzte telefono bidez. Bi faseen arteko barne kohesioa bilatu dute eta inkestaren galdetegia etapa kualitatiboko aurkikuntzetan oinarritu da.
Elementu diskurtsibo konpartituenak
Honakoak dira nafar gehienen artean (erdia edo erdia baino gehiago) agertzen diren elementu diskurtsiboak, atxikimendu handiena dutenetatik hasita: «Errespetua eta tolerantzia egon beharko lirateke euskararen eta gaztelaniaren eta haien hiztunen artean (%93); euskara babestu beharreko aberastasun kulturala da (%85); egokia irudituko litzaieke eskolako programetan Nafarroako euskarari buruzko oinarrizko kultur nozio batzuk sartzea (%82); euskara ikastea aukerakoa izan beharko litzateke nahi duten haurrentzat (%75)».
Ondorengoak ere azaltzen dira: «Euskaraz ez dakitenen kasuan, ikasi ahal izana gustatuko litzaieke (%66); datozen urteetan Nafarroan euskara dakitenen ehunekoak gora egingo duela uste dute (%65); euskarak Nafarroan datozen urteetan izango duen presentziak gora egitea gustatuko litzaieke (%64); Nafarroan euskarazko kultur jarduera gehiago eskaini beharko lirateke haur eta familientzat (%63); euskararen erabilera alderdikoia kaltegarria da hizkuntzarentzat (%62); eta Nafarroako kide izatearen sentimenduak elkartu egiten ditu gizartean eta hizkuntzan hain desberdinak diren komunitate horretako populazio eta eremuak (%61)».
Gehiago ere badira ildo horretakoak. Ikerlariek ikusi dutenez, elementu diskurtsibo garrantzitsu ugari daude nafar gehienen artean agertzen direnak, Nafarroako jendartean erresonantzia positiboak eragiteko aukera handia dutenak. Elementu horiek euskara Nafarroan sustatzearen aldekotzat har daitezke.
Erantsi dutenez, elementu gehienek onarpena dute ez soilik jendarte orokorrean, Nafarroako eskualde eta sektore soziodemografiko gehienetan ere bai, nahiz eta onarpena baxuagoa den Behe Erribera-Tutera eskualdean.
Gutxiengo baten elementu diskurtsiboak
Bertze aldean daude bakarrik nafarren gutxiengo batean (erdia baino gutxiago) agertzen diren elementu diskurtsiboak, erresonantzien ordez disonantziak eragin ditzaketenak. Honakoak dira, gutxien konpartitzen direnetatik hasita: «Euskarak ez luke Nafarroako hezkuntza sisteman egon behar (%4); euskarak Nafarroan duen presentziak behera egitea gustatuko litzaieke (%8); Nafarroako Gobernuak euskara orain baino gutxiago sustatu behar du (%13); ‘Euskaraz dakiten pertsonak asko laguntzen dira haien artean, eta hori positiboa da’ esaldiaren aurka daude (%14); ez litzaieke egokia irudituko eskolako programetan Nafarroako euskarari buruzko oinarrizko kultur nozio batzuk sartzea (%16)».
Halako esaldi gehiago ere azaltzen dira, baina horietako gehienen sostengua Nafarroako eskualde eta sektore demografiko guztietan gelditzen da erditik behera.
Emaitza nagusiak
Ikerketaren emaitzek zera diote: Nafarren %63 euskara sustatzearen aldekoa da. %20 ez alde ez aurkakoa da, eta %17, aurkakoa. Ikertzaileek azaldu dutenez, ez da erraza alderaketak egitea baina 2021eko Inkesta Soziolinguistikoari begiratzen badiogu, orduan aldekoak %30 baino ez ziren, ez alde eta ez aurkakoak %33, eta kontrakoak %37.
Bada nabarmendu duten bertze datu bat ere: Nafarren %52k euskaldunen komunitatea erreferente positibo bezala hartzen dute.
Ondorioak eta eztabaida
Erize eta Vilches pozik daude ikerlari gisa, helburuen eta hipotesien betetze maila hagitz handia izan delako, baita ikerketaren sendotasuna eta berritasuna ere, metodologian, kontzeptuetan, emaitzetan nahiz emaitzen analisian.
Sentsazio onak dituzte euskaltzale gisa ere, euskararen eta bere sustapenaren aldeko elementu diskurtsiboek aunitzez babes handiagoa dutelako nafarren artean kontrakoek baino.
«Ikerketak etorkizuneko inplikazioak ditu», azpimarratu dute. «Euskararen inguruko hizkuntza politikei begira Nafarroan eta gainerako lurraldeetan; beste eskualde edo gutxiengoen hizkuntzei begira; euskararen kausa sozialarentzat eta ikerketa berriei begira».
Gomendio praktiko batzuk
Aholku praktiko batzuk ere eman dituzte, bereziki Nafarroako hizkuntza politikan eta plangintzan ari diren eragileentzat: «Gizarteko sektore guztiak aintzat hartzea; hezkuntzako hizkuntza ereduak ezagutaraztea; Nafarroako legediak lurralde osoan euskaraz ikasteko eskubidea aitortzen duela jakinaraztea; hezkuntza programetan Nafarroako euskarari buruzko oinarrizko kultur nozio batzuk sartzea; eta hezkuntza sistemarekin segituz, familia etorkinentzat programa linguistikoak ezartzea».
Modu grafikoan laburbildu dituzte ondorioak: «Euskara sustatzea Vs euskara oztopatzea, eta borondatezkotasuna Vs behartzea». Borondatezkotasuna eta sustatzea elkartzen direnean erresonantzia sortzen da; euskara oztopatzen edo behartzen denean, ordea, disonantzia.

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

Agur desde este viernes a las curvas del pantano de Esa para ir al Pirineo aragonés
