
Euskal literaturazaleen 111 Akademiak aurrera egiteko «zailtasun handiak» dituela iragarri du, 2024ko sarirako bost hautagaien izenak jakinarazteaz batera. Azaldu duenez, iazko urrian 18 urtez eragile izan den teknikariak Akademiako bere lan eta ardurak utzi egin zituen «lan-baldintza duin eta txukunagoko lanpostua» hartzeko, eta «zailtasun handiak» ari dira izaten ordezkoa topatzeko.
Horrez gainera, bere lan egitaraua gauzatu eta burutu ahal izateko finantzaketa arazo berriak izaten ari dela ere azaldu dute. Jon Unanue akademiaburuaren hitzetan, «28 urteren ostean ez dugu lortu euskal literaturari eta irakurzaletasunari bideraturiko egitasmo honek erakundeen aldetik behar besteko babesik jasotzea». Zehaztu duenez, azken urteetan 111 Akademiaren lan-egitaraua aurrera ateratzeko zortzi dirulaguntza ezberdin kudeatu behar izan dituzte, «zortzi, eta horrek lan izugarria eman dio teknikariari, beste eginkizun batzuk guztiz eragotziz».
«Oraintxe bertan –gaineratu du Unanuek–, azken hiru urteetan jasotako bi dirulaguntzekin 2025ean arazoak eduki ditzakegula esan digute... Ezinezkoa da horrela lan egitea eta ezinezkoa 28 urtez eutsi diogun ahalegin handi honi jarraia ematea», deitoratu du.
Gauzak hala, aurten, uda aurretik, Manuel Larramendi Kultur Bazkunak erabaki egin beharko du 111 Akademiarekin aurrera egingo duen ala, «behin 2024. urteko saria banatuta, amaitutzat emango duen bere ekimena», gaineratu du. «Bien bitartean, baina, akademiakideei ahalegin berezia eskatu zaie 2024. urteko saria erabakitzeko bidean ohi bezala parte har dezaten», aipatu du.
2024ko hautagaiak
111 Akademiaren egoeraren berri emateaz batera, 2024ko sarirako bost hautagaien izenak ere eman dituzte. Hiru bozketa txandetatik lehenengoan, 218 akademiakideek 2024. urtean argitara emandako literatura lanen uzta osoan «gogokoen» gertatu zaienaren aldeko botoa eman dute. Azaldu dutenez, emandako boto guztien artean ez da obrarik gailendu botoen %40tik gorakoarekin, eta, beraz, botorik gehien jaso duten bost obrak hautatu dira bigarren bozketa txandara igarotzeko.
Botorik gehien jaso duten obrak eta egileak Miren Amurizaren ‘Pleibak’, Joxean Agirreren ‘Gizon barregarriak’, Unai Elorriagaren ‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’, Uxue Alberdiren ‘Hetero’ eta Beñat Sarasolaren ‘Coca-Cola bat zurekin’ dira.
Saria hautatzeko bigarren bozketa txanda jarri du abian 111 Akademiak eta akademiakideek bost obra horietakoren baten alde egin beharko dute, edota boto zuria eman. Lanen batek lortuko balu emandako botoen arteko %40a gainditzea, automatikoki hari emango litzaioke saria. Bestela, hirugarren bozketa txanda zabalduko litzateke gehien bozkaturiko bi obrekin.
111 Akademiak aurreikusten duenaren arabera, 2024ko Akademiaren Saria maiatzaren azken egunetan emango luke ezagutzera –hiru bozketa txandak egingo balira– eta irabazleak saria eskuratzeko ekitaldia ekainaren 5ean izan liteke, ostegunarekin.
«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako 'kokoak' topatzen joango gara udaran»

Si el futuro es China, ¿qué hacer hoy?

EH Bildu postula a Euskal Herria como «nación de libertad» y ve factible un nuevo «campo base»

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón
