NAIZ

Harreraren kutxa solidarioak Laudion, Bergaran, Larrabetzun eta Iruñean salgai, apirilean zehar

Bazkide berriak lortzeko egiten ari den kanpainaren barruan, preso eta iheslari ohien eskubideen eta bizi-baldintzen alde lan egiten duen Harrera elkarteak kutxa solidarioak salduko ditu datozen egunotan ospatuko diren zenbait jai egun, azoka eta abarretan.

Euskal artistek Harrerarentzat prestaturiko kutxak.
Euskal artistek Harrerarentzat prestaturiko kutxak. (Harrera)

Harrera Elkartea 5.000 bazkide lortzeko kanpaina egiten ari da aurten, Euskal Herrian motibazio politikoko delituak egiteagatik zigorra bete duten edo betetzen ari diren pertsonei zuzendutako asistentzia lanarekin jarraitu ahal izateko.

Kanpaina horren barruan, sei euskal artistak beste hainbeste kutxa solidario apaindu dituzte, eta bakoitzak 15 euroan saltzen ditu elkarteak. Dora Salazar, Juan Gorriti, Eider Eibar, Gonzalo Etxebarria, Irantzu Lekue eta Jose Luis Zumetaren lanak dira (azken kasu honetan, Zumeta familiari esker).

Kutxak apaintzen dituzten irudi ederrez gain, barruan hostorezko palmerak eta txokolatezko arrokak dituzte. Artista solidarioen sei kutxetako bat eskuratzeko 15 euro baino ez dia ordaindu behar.

Gainera, harpidetza berriak erakartzeko kanpaina martxan dago, 60 eurotik gorako kuotarekin. Ekarpenak hilekoak, hiruhilekoak, sei hilekoak edo urtekoak izan daitezke.

Elkartetik azaldu dutenez, kartzelako ibilbidea egitearen ondorioz, gero eta preso gehiago ari dira kalera ateratzen, baldintza desberdinetan, eta ibilbide horretan laguntza maila ezberdinak behar dituzte. Agiriak eskuratzetik lana lortzeraino, kalera irteten diren presoek eta atzerritik Euskal Herrira bueltatzen diren lagunek dena dute egiteko. Egoera berri honetara alde guztiak egokitu behar dira, bai erakunde publikoak, baita jendarte zibila ere.

Kutxen kanpaina otsailean hasi zen, Abadiñoko San Blas azokan, eta apirilean zehar Euskal Herriko hainbat herritan egingo da. Hona hemen zerrenda:

Apirilak 11, Laudio, Doloreetako Barikua.
Apirilak 12, Bergara, Erramu Zapatua.
Apirilak 13, Larrabetzu, Txakolin Eguna.
Apirilak 20, Iruñean, EH Bilduren Aberri Eguna.