Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Amatasuna gortasunaren ikuspegitik

SORDA
Estatu espainola, 2025. 100’. Zuzen eta gidoia: Eva Libertad. Akt.: Miriam Garlo, Alvaro Cervantes, Elena Irureta, Joaquin Notario. Musika: Aranzazu Calleja. Argazk.: Gina Ferrer.

‘Sorda’ filmeko protagonistak.
‘Sorda’ filmeko protagonistak. (A Contracorriente Films)

Angela izeneko emakume gor bat da istorioaren protagonista; Hector bikotearekin batera –bera ez da gorra– haurtxo bat izango dute. Haurdunaldiak aurrera egin ahala, amatasunari eta alabarekin komunikatzeko moduari buruzko beldurrak sortuko zaizkio. Haurraren jaiotzak tentsioak eragingo ditu bikote harremanean, eta Angelak umea hezteko erronkari aurre egin beharko dio bere errealitatera egokituta ez dagoen gizarte batean.

Pertsonaia nagusien rolak Miriam Garlo eta Alvaro Cervantes aktoreek jokatuko dute. Pelikulan euskal izenen presentzia topatuko dugu: aktore zerrendan Elena Irureta eta  soinu bandan Aranzazu Calleja.

2023an Goya sarietarako izendatu zuten izen bereko film laburretik abiatzen da filma, Eva Libertad eta Nuria Muñozek zuzendua eta Miriam Garlo (bizitza errealean gorra da, baina ez mutua) ere protagonista duena. «Film laburra, hasiera batean, pieza solte gisa bezala irudikatzen nuen», aipatzen du zuzendariak, «baina, filmaketa amaitu ondoren, Miriam zuzentzen jarraitzeko gogoz geratu nintzen, antzerkian zuzendu bainuen, baina zineman inoiz ez. Pertsonaia ikertzen jarraitzeko gogo biziz geratu nintzen. Film luzearen sormen prozesuari dagokionez, hainbat elkarrizketa egin nizkien ama gorrei, haurdunaldian, erditzean edota hazkuntza izandako esperientziak konta ziezadaten, eta pelikulak uzten duen benetako substratu horretatik abiatuta, irudimenari hegan egiten utzi nion» gehitu du.