Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Euskal eskiatzaileek emaitza onak lortu dituzte Skimoko Espainiako Txapelketan

Sierra Nevadak hartu zuen Fedme-ren azken hitzordu nagusia. Hiru modalitate jokatu ziren: bertikala, indibiduala eta taldekakoa. Seniorretan ez zen euskal dominarik lortu; bai, ordea, gazte maila ezberdinetan.

Skimoko Espainiako Txapelketan hartutako irudi bat.
Skimoko Espainiako Txapelketan hartutako irudi bat. (EMF)

Ingurumari honetako mendi eskiko denboraldia amaitu da. Eta ateak itxi dituena Skimoko Espainiako Txapelketa izan da. Berez, aste batzuk lehenago jokatu behar zen, baina elur faltagatik hitzordu nagusi hori atzeratu egn zuten. Alabaina, Eskaladako eta Mendi Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) «zortea» izan zuen azken elurteek Sierra Nevadan (Granada) utzitako elur geruza handiarekin. Eta hain zuzen ere, eski estazio horretan aipatu dugun azken hitzordu garrantzitsu hori jokatu da. Hiru modalitate izan ditu: bertikala, indibiduala eta taldekakoa.

Euskal eskiatzaileen emaitzei dagokienez, seniorren kategorian hainbat ordezkari lehen hamarren artean sailkatu ziren, baina ez zen euskal podiumik lortu. Gazte maila ezberdinetan, berriz, domina batzuk erdietsi ziren.

Bertikala izan zen hitzordu hirukoitzaren lehen proba. Emakumezkoen kategorian, hamahiru eskiatzaileen artean faborito nagusiak, Maria Ordoñezek, ez zuen hutsik egin. Uxue Loizu nafarra bosgarren postuan sailkatu zen andaluziarrarengandik lau minutura. Nico Molina ere faboritoa zen mutiletan, eta 550 metroko desnibela zuen ibilbidean azkarrena izan zen. Andaluziarrak 24 minutu eta 21 segundoko kronoa sinatu zuen. Jon Ander Aranburu euskal ordezkari sasoikoena izan zen; seigarrena izan zen 2 minutu eta 39 segundora. Aitor Ugartek zazpigarren postua egin zuen.

23 urtez azpikoen mailan euskal domina bakarra heldu zen: Ugartek zilarra eskuratu zuen. Jon Razkin seigarren postuan sailkatu zen. 20 urtez azpikoetan, Oier Urkiolari podiumak ihes egin zion; laugarrena izan zen.

Beste dominak

Skimoko Espainiako Txapelketan jokatutako bigarren modalitatea indibiduala izan zen. Eski estazioaren ingurumarian seniorrentzat prestatutako ibilbideak 1.340 metroko desnibela izan zuen. Kategoria horretan ere ez zen ezusteko azpimarragarririk izan.

Emakumezkoen mailan, soilik hamar eskiatzaile aurkeztu ziren irteera puntuan. Ana Alonsok irabazi zuen, eta Loizu bosgarrena izan zen irabazlearengandik 24 minutura. Gizonezkoetan hiru euskal eskiatzaile lehen hamarren artean sailkatu ziren. Albert Perez katalana gailendu zen. Asier Labairu zazpigarrena izan zen; 11 minutura helmugaratu zen. Asier Alonsok zortzigarren postua lortu zuen eta Jon Ander Aranburuk bederatzigarrena.

Banakako proba honetan, 23 urtez azpikoen mailan, Ugartek brontzea eskuratu zuen, eta Razkin laugarren postuan sailkatu zen.

Taldekakoa izan zen hirugarren eta azken proba. Nesken kategoriak oso talde gutxi jaso zituen. Bost bikote horietatik indartsuena Ana Alonsok eta Maria Ordoñezek osatu zuten. Andaluziarrak aise gailendu ziren, eta beste taldeei alde handiak atera zizkieten. Andrea Zarranz eta Uxue Loizu nafarren taldea laugarren postuan sailkatu zen.

Gizonezkoetan, Jordi Sanchez eta Albert Perez katalanek ez zuten arazo handirik izan garaipena sinatzeko. Top 10ean hiru euskal bikote sailkatu ziren: Asier Labairu-Ander de Miguel bosgarrenak, Jon Ander Aranburu-Loic Thevin seigarrenak eta Axier Alonso eta Aitor Ugarte bederatzigarrenak.

Amaitzeko, gazte maila ezberdinetan euskal eskiatzaileek hiru domina erdietsi zituzten. 18 urtez azpikoetan, Ibai Hernanik eta Unax Solagaistoak brontzea eskuratu zuten. 20 urtez azpikoen mailan, berriz, Oier Urkiolak eta Markel Barriok urrea irabazi zuten. Eta urrea lortu zuten halaber Jon Razkinek eta Oier Morenok, baina 23 urtez azpikoen kategorian.