NAIZ

Euskaldunen hizkuntz eskubideen urraketak «betikotzera bidean» direla azaleratu du Behatokiak

Urteroko txostena kaleratu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, hain zuzen ere, euskaldunen hizkuntz eskubideen inguruko kexa, zoriontze eta, oro har, testigantzak jasotzen eta aztertzen dituena. Bertan jasotako datuek azaleratu dute urraketak mantendu egin direla.

Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriati, txostenaren aurkezpenean.
Agurne Gaubeka eta Garbiñe Petriati, txostenaren aurkezpenean. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2024an Hizkuntza Eskubideen Egoera aztertu duen txostena plazaratu du. Bertan, iaz Euskal Herrian jazo ziren hizkuntza eskubideekin loturiko gertakariak jaso dituzte. Ondorioztatu dute egoera egonkortzen ari dela eta, okerrera nabarmen egin ez badu ere, urraketa asko betikotzeko bidean direla.

2024an, guztira 1.206 intzidentzia jaso zituzten Behatokiak eskaintzen duen Euskararen Telefonoaren zein zerbitzu telematikoen bidez. Iazko balantzea osatu duten intzidentziak honakoak izan dira: 112 kexa, 62 zoriontze eta 32 kontsulta, iradokizun edo bestelako.

2002tik aurrera jazotako testigantza kopurua alderatzeko grafikoa egin dute txostenean. (HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA)

Arloka aztertu dute egoera eta ondorioztatu dute desberdintasunak egon badaudela administrazio batetik bestera. Horrela, espainiar Estatuaren administrazioan, azaleratu dute joera izan dela egun indarrean dagoen ofizialtasun bikoitza ez errespetatzea, «euskarazko zerbitzuekiko betebeharrak finkatu gabe». Hori dela eta, Behatokiak adierazi du euskalduna «babesik gabe» geratzen dela hizkuntza eskubidea errespetatzeko eskatzen duenean. Halaber, jakinarazi du justiziaren administrazioa eta espainiar Estatuko Gobernuak kudeatutako enpresa publikoak izan direla kexa gehien jaso dituztenak, beste urte batzuetan ere gertatu den legez.

Ildo beretik jarraituz, frantziar Estatuko administrazioek «euskararen aitortza ezarekin» jarraitzen dutela ondorioztatu dute txostenean. «Nolabaiteko aitortza kulturala» eman zaiola onartu badute ere, hezkuntzan euskarazko irakaskuntzak oraindik dituen oztopo nagusiak «aitortza ukazio» horren adierazgarri direla deritzo Behatokiak. Horrek izan ditzakeen ondorioen inguruan honako aurreikuspena eginten du erakundeak: «Aitortza eta baliagarritasuna duen hizkuntza bakarra frantsesa izaten jarraitzen den artean, gutxiagotutako hizkuntzetako herritarren ukazio sistematikoa egiten jarraitzen da».

Euskal Hirigune Elkargoaren, Lakuako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren kasuan ere, aurreko urteetako egoerak gainditu gabe jarraitzen dutela nabarmendu du Behatokiak. Euskaraz zerbitzuak jaso, euskaraz kontsumitu, euskaraz ikasi eta orokorrean euskaraz bizitzeko bermeak, eta ez-betetzeen aurrean neurriak hartzea falta direla erakusten dute Behatokira herritarrek helarazitako mezuek.

Arloka aztertu dituzte datuak txostenean. (HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA)

Behatokiak azpimarratu du erakunde horiek badauzkatela egoera iraultzeko eskumenak, baina bestelako jarrera agertzeko hautua egin dutela. Hori dela eta, «hizkuntza politika egoki bat garatzearen beharra» ikusten du. Izan ere, baieztatu du «ohikoa» bilakatu dela behin eta berriz zerbitzuak euskaraz eskatzen ibili beharra, eta erdara erabili behar dutela erantzutea, edo euskaraz egin nahi izateagatik atzerapenak zein bestelako oztopoak gainditu behar izatea.

Ezagutza, berme gisa

Egoera honentzako konponbidea ere proposatu du Behatokiak: «Euskara erabiltzea bermatu ahal izateko, beharrezkoa da eskubide horren beste aldean dagoenak euskararen ezagutza izango duela bermatzea». Izan ere, erakundeak uste du erdibideko neurriek urraketa eta hutsuneak kronifikatzera daramatela.

Toki entitateetan ere, hainbatek gertutasunetik herritarrei euskaraz bizitzeko aukera bermatzeko ahaleginak egiten dituzten arren, beste hainbatetan toki entitateetako alor ezberdinetan hizkuntza eskubideak integratu gabe jarraitzen dutela jasotzen du Behatokiaren txostenak. Halaber, beste administrazio batzuetan hartzen diren erabakiek, edo judizializazioaren bidez eragindakoek ere, ondorioak dituzte toki entitateetan.

Orokorrean, espazio publikoan osasungintza, segurtasuna edo zaintzari lotutako zerbitzuetan euskaraz jardun ahal izateak herritarren kezka nagusietako bat izaten jarraitzen duela azaleratu du txostenak, eta herri eta hirietako paisaia linguistikoarekiko ere oraindik egiteko daudenak «adierazgarritzat» jo ditu Behatokiak, esaterako, Nafarroako Gobernuaren kasuan.

Hezkuntzari dagokionean, batik bat Ipar Euskal Herrian zein Nafarroan euskararen irakaskuntza hedatzeko oztopoek bere horretan jarraitzen dutela ondorioztatu du Behatokiak. Halaber, Euskal Herri osoan Lanbide Heziketa bezalako alorretan eskaintza ezak edo unibertsitateetako eskaintza mugatuak herritarren kexa eta protestak jaso dituela jakinarazi du. Kezka berezia sortzen omen du hezkuntzako eskaintza merkatu parametroen arabera mugatzeak, «ez baita kontuan hartzen hizkuntza eskubideen errespetua eskubide unibertsal bezala landu beharra».

Aurreko urteetakoak errepikatuz

Txostenaren aurkezpenean izan dira Agurne Gaubeka Behatokiaren zuzendaria eta Garbiñe Petriati erakundearen teknikaria. Gaubekaren aburuz, 2024. urteko hizkuntza eskubideen egoera «aurreko urteetako hutsuneen isla» da. Izan ere, jaso dituzten testigantzek administrazio eta agintari publikoak jarri dituzte jomugan, adierazita araudiak eta lege babesak euskaldunen hizkuntza eskubideak ez bermatzeko baliatzen dituztela.

Behatokiaren zuzendariaren ustetan, hainbat urraketa mota betikotzeko saiakerak ematen ari dira: «Herritarrak gaztelera eta frantsesa erabiltzera bultzatzen eta euskarazko arreta ez emateko trikimailu legalak legitimatzen jarraitzen dute erakundeek, urraketei emandako hainbat erantzunetan».

Petriati teknikariak azaldu ditu txostenean jasotako datuak eta gogora ekarri du batu dituzten kasuak errealitatearen lagin txiki bat besterik ez direla, eta egunerokoan herritarrek salatu gabe gelditzen diren urraketak zenbaezinak direla. Txostena eskuragarri dago Behatokiaren webgunean.