
Faisaien irla munduko kondominio txikiena da, beraz, burujabetza partekatua dauka. Urte erdia Estatu espainolari dagokio eta beste erdia frantsesari. Bidasoan kokatutako irla horrexek ematen dio izena Asier Urbietak idatzi eta zuzendutako lehen film luzeari. 22. Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko da ostiral honetan Euskal Herrian. Götenborgen, Malagan eta Bartzelonan egon ostean, ostegun goiz honetan aurkeztu dute ‘Faisaien irla’ Urbietak berak, Jon Laspiur eta Sambou Diaby aktoreekin batera.
Faisaien irlaren inguruan paseoan doazela Laidak (Jone Laspiur) eta Sambouk (Sambou Diaby) bi pertsona ibai zeharkatu ezinik ikusten dituzte. Egun batzuk beranduago hilotz bat agertzen da ibaian. Eta abiapuntu horretatik galdera batek zeharkatzen du filma: Eta zuk, laguntzeko jauzi egingo zenuke?
Errealitate erreal batean oinarritutako fikziozko film bat da ‘Faisaien irla’, eta zuzendariak berak azaldu du 2021ean ikusitako albiste batek piztu ziola errealitate hori kontatzeko beharra: «Egunkarian irakurri nuen pertsona batek bere buruaz beste egin zuela Bidasoa ibaiaren parean; hildako pertsona beltza zen eta atentzioa deitu zidan berriak, gehiago jakin nahi izan nuen eta Irungo Harrera Sarekoek esan zidaten ez zela zerbait isolatua; Bidasoako muga leku garrantzitsua bilakatu zela Afrikatik Europa iparraldera zihoan jendearentzat, transitoko leku bat dela». Gainera, azaldu du «oso nekatuta» iritsi ohi direla bertara, sarritan uste dutelako Europan ez dagoela mugarik eta muga batekin topatzen direlako.
Laspiurrek zein Diabyk aitortu dute ez zutela gaia apenas ezagutzen eta Urbietak gehitu du gaia hedabideek lantzen dutela eta, beraz, akaso, herritarrak garela «ikusi nahi ez dugunak». Horregatik izan zuen berak «beste modu batera» kontatzeko beharra, «zinearen bidez, ikuslea emozionatuz, errealitatea ikuslearengana iristeko hesia gainditu genezakeen frogatu nahi nuen».
«Orain errealitate hau ezin dut ez ikusi», esan du Laspiurrek, eta grabatzen egon ziren bi hilabeteetan errealitate hori «egunero eta behin eta berriz» ikustea «gogorra» izan zela. Diabyk ere bat egiten du kidearekin, eta kontatu du errodajean gertatutako «anekdota» bat: «Mugan grabatzen ari ginela, Pick Up-a gidatzen ari nintzen eta poliziak geratu ninduen, galderak egiten hasi zitzaidan eta ni ahalegindu nintzen nire frantses kaxkarrean azaltzen film bat grabatzen ari ginela… eta beste taldekideak esaterako inoiz ez zituzten gelditu».
Oso garrantzitsua izan zen lantaldearentzat pertsonaiek «geruzak» izatea, «ezin zuten denek oso zintzoak izan, ez eta oso gaiztoak ere». Laspiurrek, esaterako, kontatu du bere pertsonaiarekin enpatizatzea lortu zuela: «Laida oso pertsonaia gaztea da, eta topo egiten du errealitate gordin honekin, kolpe bat da beretzat eta oso modu erreaktiboan egiten dio egoerari aurre, eta uste dut honen atzean ere badagoela ‘salbatzaile zuriaren konplexua’, edota erru zuria. Oso interesgarria egin zait pertsonaia bakoitzak duen atzeko istorioa».
Mugen absurdoa, eta ondorio humanoak
Ikusleari pausatutako galderari lotuta, dilema bat azaltzen duela gaineratu dute, zein den horrelako egoeren aurrean pertsona bakoitzaren erreakzioa, «zer egingo genuke guk?». Zuzendariak aitortu du beraiek galdera bat bota dutela, baina beraiek ez dutela erantzunik, «gustatuko litzaidake baietz pentsatzea, baina gero errealitatean ez dakit zer egingo nukeen». Horri lotuta, ardura indibidual eta kolektiboen inguruan hausnartzen du filmak: «Gizaki bezala munduan zer egiten dugu arazoen aurrean, ikusle bilakatu eta besterik gabe ikusi edo aktiboki jokatu eta gauzak aldatzen saiatu?». Horixe filmaren gako nagusiena.
Mugen «absurdoaz» hitz egin nahiak eraman zuen zuzendaria filmera, «ez dugu ulertzen nola batzuek modu klandestinoan igaro behar dituzten muga horiek eta beste batzuok nola zubitik igaro gaitezkeen». Zinearen bidez eta thriller modura kontatzea egokia iruditzen zaio Diabyri: «Egoera hau salatzeko modu bat bada, eta bide oso garrantzitsu bat errealitate hau erakusteko».
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Trabajadores de Bridgestone denuncian su situación en el Parlamento Europeo

«No hubo ataque exterior, el apagón es producto de la codicia de las grandes eléctricas»
