Hauteskunde partzialek itxaropen pixka bat ekarri diete demokratei
Azaroko bozketatik bost hilabetera, Estatu Batuetako barruti batzuetan bozetara jo dute, hutsik geratu ziren lekuak betetzeko. Wisconsinen demokratek lortu dute Auzitegi Goreneko gehiengoari eustea; Floridan, jokoan ziren bi aulkiak mantendu dituzte errepublikanoek, aldea erdira jaitsita.

Berez, joan den astearteko hauteskunde partzialek ez dute aldaketa handirik ekarri banaketa politiko eta administratiboan. Floridan, Donald Trumpek Matt Gaetz eta Mike Waltz bere talderako hautatu ostean (Gaetzen hautagaitzak porrot egin arren), hutsik geratu ziren aulkiek beste bi ordezkari errepublikanoren eskuetan jarraituko dute. Wisconsingo Auzitegi Gorenean, berriz, demokratekin lerratutako lau epaile izan dira orain arte, eta hala egongo dira aurrerantzean ere. Nolanahi dela, gertatutakoak garaipen kutsua dauka demokratentzat.
Trumpen garaipenetik noraezean eta basamortuko ibilbidean dirudien Alderdi Demokratarentzat emaitza pozgarria da: Wisconsinen demokraten babesa zeukan Susan Crawford epailea gailendu zaio errepublikanoek bultzatutako Brad Schimeli, estatuko Auzitegi Gorenean hutsik geratutako lekua betetzeko. Hala da, orain 4-3 gehiengo progresistari eutsiko diote. Azaroan Trumpek irabazi zituen estatuetan alderik txikiena lortu zuen. Oraingoan, Crawfordek hamar puntuko aldea atera dio Schimeli.
Gertatutakoa Elon Muski zor diote demokratek neurri handi batean. Nolabait, Muski eta DOGEri buruzko erreferendum bat bihurtu zen bozketa, eta handiki milioidunak bete-betean kosk egin zion amuari. Schimelen kanpainan dirutza sartzeaz gain –boto-emaileei ordaintzea ere agindu zuen Muskek, iazko azaroan Pennsylvanian bezala– buru-belarri sartu zen kanpainan, eta joan den igandean Wisconsinen bertan izan zen ohiko agerraldi xelebreetako bat eginez.
Emaitzak ezagutu eta berehala, demokratek garaipen gisa ospatu zuten. «Wisconsinek bilioiduna garaitu du», idatzi zuen Tim Walz Minnesotako gobernadoreak. «Wisconsin ezin da erosi. Gure demokrazia ez dago salgai», txiokatu zuen Elizabeth Warren senatariak, eta Jon Favreau zinegile eta podcast-egileak burla egin zion: «Mesedez, bidali Elon Musk lehia estu guztietara». Barack Obamak ere zorionak eman zizkion Crawfordi, eta «Wisconsingo herriari, legearen agintean eta gure askatasunen babesean sinesten duen epaile bat hautatzeagatik».
Errepublikanoek aitortu dute Muskekiko kalkulu okerra. «Benetan harrituta nago. Hau eginda geneukala uste nuen, eta Musk lehia honetarako abantaila zelakoan nengoen. Jendeak Trump maite du, baina ez berak babesten dituen guztiak beharbada», esan zuen Pam Van Handel Wisconsingo buruzagi errepublikanoak.
Florida
Wisconsinen demokratek bezala, Floridan errepublikanoek eutsi zioten orain arte zeukaten botere kuotari. Esperotakoa zen, azaroan 30 puntu baino gehiagogatik nagusitu baitzen Donald Trump asteartean lehian zeuden barrutietan. Washingtonen Matt Gaetzek eta Mike Waltzek ordezkatzen zituzten aulkiak zeuden jokoan, biak ere barruti oso errepublikanoetan hautatu zituzten.
Orain aldea estutu izana eta errepublikanoek erakutsitako urduritasuna giro politikoan gertatzen legokeen aldaketaren seinale izan liteke. Trumpek 37 puntugatik irabazi zuen barrutian 15era murriztu zen aldea, eta Jimmy Patronis errepublikanoak botoen ehuneko 57 lortu zituen.
Seigarren kongresu barrutian Randy Fine errepublikanoak aurkari demokratak baino 14 puntu gehiago eskuratu zituen; Trumpek 30 puntugatik irabazi zuen.
Emaitzek itxaropena piztu dute demokraten artean 2026ko midterm edo agintaldi erdiko hauteskundeei begira. Berehalakoan lasaitasun pixka bat gehiago izango du Mike Johnson Ordezkarien Ganberako speaker-ak. Errepublikanoek Washingtonen behe-ganberan daukaten alde estuak buruhauste bat baino gehiago eman dio Johnson speaker-ari; Elise Stefanik NBEko enbaxadorea izateko Trumpen hautagaiak ere atzera egin behar izan du azken egunotan Washingtonen uztear zen eserlekura itzultzeko. Izan ere, beste aulki bat galtzea, behin-behinean izan arren, oso arriskutsua zen errepublikanoentzat.

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Aritz Otxandiano denuncia un ataque contra su vivienda: «Se han sobrepasado todos los límites»

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales
