0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Kazetaria / Periodista

Joko-arauen aldaketa, berehalakoa eta epe ertainekoa

Hemen da merkataritza-gerra globala, Donald Trumpek abiatua. Zergatik egin du eta zer ekar dezake?

Agintea hartu zuenetik bi hilabete eta erdi honetan, Donald Trumpek behin baino gehiagotan iragarri eta atzera egin du azken unean arantzelen auzian, Kanada eta Mexikorekin, esaterako, baita Txinarekin ere. Azkenean, % 10eko oinarrizko arantzela iragarri du herrialde guztiekiko merkataritza-jardunean, eta are handiagoa Europar Batasunaren eta Asiako beste herrialdeen kasuan. EBri ehuneko 20koa, Txinaren aurka ehuneko 34koa eta Taiwani ere 32koa. Japoniari ehuneko 24koa. Eta neurria ez dela guztiz elkarrekikoa ohartarazi zuen Trumpek, gutxi gora behera gainerakoek AEBri ezarritakoaren erdia dela ziurtatuz.

Horretarako, noski, Trumpen zenbakiak sinetsi behar dira. Europaren kasuan ehuneko 39ko kalkulua nondik atera den asmatu beharko litzateke. Ezaguna da BEZ ere sartu ohi duela Trumpek bere kontabilitatean, behin eta berriz esan zaion arren ez dagoela inportazioekin lotuta, eta etxeko produktuek zerga bera dutela. BEZ erantsita ere EB-AEB merkataritzan ehuneko 39 tarifa egozteko ondo kozinatu behar dira zenbakiak.

Gaia ez da goizetik gaueko aldartean eta sare sozialen arabera iritzia aldatzen duen norbaitek zuzentzeko modukoa. Arantzelen eragina eta ondorioak epe ertainera planifikatzen dira, horietako batzuk, berehalakoak izan arren, merkatuetan ikusi denez. Etxe Zuriko Rose Garden (Arrosen Lorategia), oso ekitaldi berezietan baino erabiltzen ez den gunea, aukeratu du Trumpen administrazioak ‘Liberazioaren Eguna’ren (hala deitu diote) diskurtsorako.

Trumpen bertute eta madarikazioa da herritar arruntarengana iristeko eta zuzenean konektatzeko daukan erraztasuna kaltea ere badela solemnitatez egin nahi diren ekitaldietarako. Horregatik ere, bere taldeko kideez gain (Etxe Zurian zein Kongresuan), langile-ordezkariak ere izan zituen ekitaldiaren jarraitzaileen artean.

«Gure herrialdeari eta zergak ordaintzen dituzten herritarrei 50 urtez baino gehiagoz egin diete iruzur, baina ez da berriz halakorik gertatuko». Seriotasunetik bisera gorri bat jaurtitzera ikusleei, alde txikia dago Trumpen ekitaldian. Hala izan da orain ere Etxe Zurian.

Aldaketa sakona

Merkataritza guztiz librearen eta globalizazioaren aurrean etxeko ekoizpena babestea eta kanpokoari galga jartzea ez da berez Alderdi Errepublikanoan txertatutako lerro nagusietakoa. Areago, ezkerraren diskurtsoan txertatuago dagoen eskema bat da, kontsumoan bakarrik arreta jarrita prezioak ahalik gehien jaistearen errezeten aurrean.

Baina ohi bezala, Trumpen diskurtsoak gezurrez eta datu faltsuez beteta daude. Arantzelek barne-ekoizpena sustatzeaz gain, berehalako zerga-bilketa ahalbidetzen diote Gobernuari. Azken bi hilotan Elon Musk-en taldeak itxitako bulegoen eta kaleratutako langileen kopuruari begiratuta, Trumpek ere ezkutatzen ez duen errealitatea dator: zerga-jaitsiera erraldoia «mundu guztiarentzat”» Hau da, Silicon Valleyko biliodunek are diru gehiago egingo dutela, baita herritar arruntek osasunerako edo hezkuntzarako oinarrizko zerbitzurik ez badute ere.

Ohi bezala, Trumpen diskurtsoak gezurrez eta datu faltsuez beteta daude. Arantzelek barne-ekoizpena sustatzeaz gain, berehalako zerga-bilketa ahalbidetzen diote Gobernuari

 

Merkataritza librearen politikak inork bultzatu baditu ia ehun urtez, II. Mundu Gerratik hona gutxienean, Estatu Batuak izan dira. Latinoamerikan batez ere, bere gustuko interesen arabera bultzatu du merkataritza hori, Gerra Hotzean bereziki, unean uneko gobernuak inposatuz edo kenduz. Gerora gauzak aldatu dira, eta egia da Donald Trumpek lehendik ere gaitzetsi dituela akordioetako batzuk –Pazifikokoa berehala indargabetu zuen lehen agintaldian, eta Kanada eta Mexikorekin zeukatena berridaztera behartu zuen. Baina XX. mendetik atzo goizera arte AEBan politika izan dena goitik behera aldarazten du. Olu Sonola-k, Fitch Ratings-eko ekonomiari buruzko ikerketa-buruak testuinguru historikoan kokatu zuen atzo adierazpena: «AEBetako inportazio guztien tarifa tasa %22 ingurukoa da orain, 2024an %2,5ekoa zen. Tasa hori 1910 inguruan ikusi zen azkenekoz».

Orain arteko arauen mahaia erabat astindu berri du Donald Trumpek. Litekeena da ondorioak etxeraino iristea, inflazioa eta langabeziaren bitartez, baina hori baino lehen beste herrialde ugarik sufrituko dute Trumpen erabakia ziurrenik.

Txinaren aurka jotzen du bereziki gogor, eta ikusi beharko da enpresa teknologikoetan, hornimendu-katean zenbaterainoko eragina daukan. JPMorgan-eko analistek dagoeneko iragarrita zeukaten AEB atzeraldian sartzeko ehuneko 40ko arriskua zegoela. Atzoko neurriak indarrean sartuz gero, atzeraldia global izango dela aurreratu zuten.

Scott Bessent AEBko Merkataritza-idazkariak «errepresaliarik ez» hartzeko ohartarazi zien munduko herrialdeei. «Eseri, har ezazue eta ikusi nola dagoen. Errepresaliak hartzen badituzue, gorantz egingo dugu».

Akordioa berezia duten Mexiko eta Kanadari ez zaizkio ezarriko neurriak. Errusiari eta Bielorrusiari ere ez, «zigorrak dauzkatelako», esan du merkataritza-idazkariak, datuek agerian utzi duten arren iaz 3.500 milioiko merkataritza-trukea Moskurekin. Erresuma Batua, Australia eta Latinoamerika gehiana ehuneko hamarreko oinarrizkoan geratuko da

Mundu-zabalera ekarri duen astinduarekin batera, etxean ere orain arteko porrot garrantzitsuenetakoa jasan dute errepublikanoek: lau senatari errepublikanok eta demokratek bat egin zuten Trumpen neurria gaitzesteko orduan. Ebazpenak ez dauka ondorio praktiko handirik, baina ohiko sektore errepublikano kapitalistetara dakarren ezinegonaren adierazle da, Trumpen aginte zorrotzean arrakala sortzeraino.