NAIZ

Maite Pedrosa baldintzapean aske da, kartzelan 27 urte pasa ostean

Maite Pedrosa Ugaoko presoari baldintzapeko askatasuna onartu dio Auzitegi Nazionalak, epai baten bidez. Orain arte 27 urte preso eman ditu, azken boladan zigorra baliabide telematikoen bitartez betez.

Bilbon urtarrilean presoak etxeratzearen alde eginiko mobilizazioa.
Bilbon urtarrilean presoak etxeratzearen alde eginiko mobilizazioa. (Mikel Mtnez. Trespuentes | Foku)

Maite Pedrosa Barrenetxea Ugaoko presoa baldintzapeko askatasunean geratu da ostegun honetan, Etxeratek jakitera eman duenez.

Entzutegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaile Zentralaren ebazpenaren bidez heldu da erabakia, lege bidea ibili ostean.

Orain arte 27 urte preso eman ditu Pedrosak. ETAren ‘Andaluzia komando’ko kide izateko akusaziopean atxilotu eta zigortu zuten. Guardia Zibilaren eskuetan sexu tortura latzak jasan zituela salatua izan zen. Mikel Azurmendirekin batera atxilotu zuten 1998an; hau 2023an gelditu zen aske.

2024ko otsailean hirugarren gradua onartu zioten Maite Pedrosari eta 2024ko ekainetik baliabide telematikoen bidez bete ahla izan du bere zigorra, orain baldintzapean aske geratu arren.

Aurretik urte luzez oso baldintza gogorretan espetxeratua izan zen Ugaoko presoa, eta Euskal Herriarengandik urrun, Valentziako Picassent-en gehienbat.

Aurretik Almerian, Aranjuezen edota Granadan izan zuten preso. Hurbiltzeko prozesua abiatu zenean, ordea, lehenik Zaragozako Zuerara eraman zuten edo gero Kantabriako Duesora

Haur motxiladun baten ama ere izan da Maite Pedrosa Barrenetxea. Aranjuezen izan zuen alaba eta lehenengo hiru urteetan berarekin batera egon zen kartzelan umea, Granadan eta Picassenten hain zuzen ere, Nerea Pedrosa ahizpak erreportaje honetan aipatzen zuenez. Adin hori bete zuenean, espetxe araudiak hala aginduta, haurra eta ama banatu egin zituzten.