
Albaola Itsas Kultur Faktoria, euskal itsas ondarearen balioa nabarmentzea eta zabalkundea egitea helburu duen ontziola-museoak, eta AZTI zentro teknologikoak, itsas arrantzaren eta elikagaien ikerketan espezializatuak, lankidetza hitzarmen bat sinatu dute euskal itsas kulturaren jasangarritasunaren aldeko ekimenak elkarrekin sustatzeko.
Azaldu dutenez, aliantzak, hasiera batean, hiru urte iraungo du, eta proiektu bateratuak sustatzea du helburu, «euskal gizartearen artean itsas ondarearen gaineko interesa pizteko eta euskal ontzi tradizionalei buruzko ezagutza areagotzeko». Horretarako, bi erakundeak lankidetzan arituko dira hezkuntza, gizarte eta kirol arloko hainbat elkarte eta erakunderekin.
«Sinergia hori aukera handia da ontzigintza tradizionala, nabigazio historikoa, itsas baliabideen kudeaketa jasangarria eta klima aldaketara egokitzea bezalako gaiak lantzen dituzten proiektu berritzaileak garatzeko, baita erronka globaletan sakontzeko ere, hala nola korronte ozeanikoetan, itsas biodibertsitatean eta muturreko gertaerak arintzean», nabarmendu du Rogelio Pozo AZTIko CEOak.
San Juanen proiektu zientifikoak
Akordioari esker, adibidez, XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplikaren etorkizunari lotutako proiektu zientifikoak bultzatu ahal izango direla nabarmendu dute. San Juan Albaolako eraikuntza lanik anbiziotsuena da, eta 2025ean amaitzea aurreikusten da. «Kanadan 30 urtez azterketa zientifikoa egin eta 10 urtez arkeologia erreplika eraiki ondoren, gure ontzirik ezagunena da. Eraikuntza osatzen denean, ontziaren bidaiak plataforma zientifiko gisa erabiliko dira, AZTIrekin lankidetzan, Ipar Atlantikoko fenomeno kritikoak aztertzeko», gaineratu du Xabier Agote Albaolako presidenteak.
Bestetik, hitzarmenaren bidez Ozentziyo itsasontzia, zurezko azken euskal arrantzontzietako bat, zaharberritzeko eta dinamizatzeko proiektua ere bultzako dela jakinarazi dute: ontzia martxan dagoenean, helburu pedagogikoekin erabiliko da ikasleentzat, elkarteentzat edo pertsona interesdunentzat.
Bi eragileek elkarrekin landuko duten beste ildoetako bat Pasaiako badian itsas mugikortasuna deskarbonizatzea ahalbidetuko duten soluzio berriak garatzea izango da. «Bi aldeek euskal itsas ondarea zaintzeko eta Pasaiako badiaren jasangarritasuna bermatzeko dugun konbentzimendu irmoarekin eta konpromisoarekin, akordio hau mugarri garrantzitsua da ezarrita ditugun helburuak lortzeko», amaitu du Pozok.

La devastación de Gernika por el bombardeo fascista de 1937, en las filmaciones de la UCLA

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

Fallece Gloria Rekarte, a quien han dado el último adiós en Iruñea
