
Sortzen Elkarteak bere lanaren inguruko informazioa emateaz gain, norbanako bazkideak lortzeko kanpaina hasiko du. Euskal eskola publiko berriaren aldeko elkartearen koordinazio, komunikazio eta proiektu ugarien sustapen lanetarako diru iturri independienteak areagotzea eta prekarizaziotik ateratzea da kanpaina honen xedea.
D ereduko eskola publikoetako hezkuntza komunitateko kideak saretzen ditu elkarteak: guraso elkarteak, familiak, hezitzaileak zein langileak. Eta mugimendua hobeki ezagutzeko aukera ederra izanen da maiatzaren 18an, igandearekin, Iruñeko Takoneran ospatuko den Sortzen Jaia.
Pandemia urteetatik ospatzeari utzi zioten besta berreskuratzera doaz. Azken hilabeteetan, D eredu publikoko guraso eta langile boluntarioek egitarau zabala prestatu dute, euskara, Sortzenen lana eta ikas-komunitateek modu boluntarioan egiten duten parte-hartzea erdian jarrita.
Egitarau zabala
11.30ean hasiko da jaia, alde batetik Nafarroako Antzerki Eskolan, han eskainiko dutelako, 13.00ak arte, ‘Euskara Antzokira’ hainbat eskolatako ikasle taldeen ikuskizuna. Antzerki Eskolan bertan jarriko dira salgai sarrerak.
Handik kalejiran joanen dira Takonerara. Parkean izanen dira dagoeneko haurrak, 11.30etik 13.30 arte jolasak izanen dituztelako gozagarri.
14.00etan, denak bazkaltzera, Ondalankoopek prestatutako plater goxoak dastatzera. Tiketak eskoletan jarriko dira salgai aldez aurretik, tonbolako boletoekin batera. 25 euro izanen dira helduentzat eta 15 umeentzat.
Sabela ongi beteta, gustura arituko dira kantuz, eta gero gorputza mugituko dute kontzertuan, 19.00ak arte.
Horretaz gain, tonbola, barra, Saldiasko talogileak, puzgarriak, Makusi gunea eta Sortzen Puntua izanen dira, bertzeren artean.
Sortzenen lana ikusgai
Jaian, Sortzenen zeregina ikusaraziko dute. Euskararen Normalizazio Planaz (ENP) ariko dira, errate baterako. Ikas-komunitate bakoitzeko eragileak elkarlanean ari dira: zuzendaritza, guraso elkartea, Sortzen, NIZE eta bestelako auzo eta herrietako eta aisialdiko eragile euskaltzaleak. Euskararen ahozko gaitasun eta erabileran salto kualitatibo bat ematea dute asmoa.
Jauzi.eus, Iruñerriko euskara hutsezko eskolaz kanpoko jardueren bilatzailea, plan horren barnean kokatzen da. Eta jaian 2025/26 ikasturteko eskaintza eta izen-emate epeak azalduko dituzte.
‘Denon eskola, guztiondako euskara’ Sortzenek, SOS Arrazakeriarekin eta Iruñerriko D eredu publikoko hainbat eskolarekin batera, martxan jarri duen proiektua ere ezagutzeko aukera izanen da. Egiturazko arrazakeria lantzea eta D eredua eta jatorri migranteko komunitateak hurbiltzea ditu helburu.
Guraso elkarteei zerbitzu orokorra eta aholkularitza ematen die Sortzenek, D eredua ordezkatzen du instituzioen aurrean, eta formazioak eta dinamika ugari ere egiten ditu.

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?

«Trump parece buscar el regreso a un esquema puramente colonial del comercio»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»
